Kenya Cuevas. Emakume transexualen aldeko ekintzailea

«Andre transexualak zoriontsu izatea da mendekurik handiena»

Mexikoko historian bigarren aldiz emakume transexual baten hilketan epaileak aintzat hartu du genero ikuspegia. Lorpen horretan zerikusi handia izan du Cuevasek. Izan ere, harentzat, «borroka da bide bakarra».

BERRIA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Kenya Cuevas (Mexiko Hiria, Mexiko, 1973) emakume transexuala da. 9 urte zituenean joan zen etxetik, eta 13rekin hasi zen droga kontsumitzen. Kalean bizi zenean aldatu zuen generoz, eta beharrak eraman zuen sexu langile izatera. 24 urtez kartzelan egon zen drogak saltzeagatik zigortuta.

2016an Paola Buenrostro bere lagunaren hilketa ikusi zuen, eta mugarri bat izan zen haren bizitzan. Geroztik, emakume horien eskubideen alde borrokan dabil, eta egindako lanak uzta eman dio: 2020an, Naomi Nicole La Soñareizenez ezaguna zen andre transexuala erail zuten bi militarrek. Hilabete hasieran transfeminizidio (emakume transexual baten hilketa) horretako sententziaren ebazpena eman zuten. Mexikoko historian bigarren aldiz, emakume transexual baten hilketan epaileak aintzat hartu du genero ikuspegia.

Justizia egin da ebazpenarekin?

Sententzia justiziaren parte bat besterik ez da. Justizia ez da ebazpenarekin amaitzen, eta hori horrela ulertzeko dugun joera aldatu behar dugu. Justizia da berriro ere diskriminatuak ez izatea, hiltzaile bat berriro ere aske ez uztea, auzitegi batean emakume transexualak berriro ere ez umiliatzea... Sententzia lorpen bat den arren, horrelako ebazpen gehiago behar ditugu. Ez dute soilik La Soñare hil, milioika ahizpa hil dituzte, jada gurekin ez daudenak, eta ezingo dutenak gozatu sententziaz. Justizia nire espazioetan bilatzen saiatzen naiz; andre transexualak zoriontsu izatea da mendekurik handiena. Ezinbestekoa da emakume horien gorpuak berreskuratzea, eta duintasuna ematea hil ostean. Andre transexualentzako lehen panteoia irekitzear nago, heriotzaren ondoren bistaratzeko eta espazio duin bat emateko.

Ebazpenari dagokionez, asmoa da helegitea ezartzea kartzela zigor handiagoa eskatzeko hiltzaileentzat, epaileak delitua argudiatu zuen modua ikusita.

Zein argudio eman zituen ba?

Epaileak Naomi emakume transexual eta LGTBI komunitatearen kide gisa aitortu zuen. Horrez gain, epaitegiak azpimarratu zuen migratzaile bat zela, Mexikoko estatu batetik, Mexiko Hirira joan zelako bizi baldintzak hobetzera, eta sexu langile gisa zuen estatusa ere aitortu zitzaion. Epaileak argudiatu zuen zaurgarritasun egoera batean zegoela Naomi. Izan ere, sexu lan horiek ez dute segurtasunik, gauez lan egiten dute, ilunpean... Epaiak lege aurrekari bat ezarri zuen Mexikon. Herrialdean ez dago transfeminizidioa delitu gisa tipifikatuta, eta Naomik ere ez zuen bere generoa legalki aitortua. Beraz, identitate aldaketa hori ez badaukazu egina, estatuak ez dizu ematen aitortza hori.

Gainera, hiltzaileek formakuntza bat jaso zuten estatutik, eta jakitun ziren haien ekintzek ondorio bat izango zutela. Naomi erail baino lehen oihu egin zioten esanez emagizon izateagatik hilko zutela. Eta hori ekintza transfobikoa izateaz gain, hilketaren arrazoi nagusia izan zen.

Zein urrats egin behar dira transfeminizidioa delitu gisa tipifikatzeko?

Giza Eskubideen Batzordearen bitartez, Mexiko Hiriko biltzarrean Paola Buenrostro legea aurkeztu nuen transfeminizidioa delitu gisa tipifikatzeko, eta zeharkako biktimei laguntza emateko.

Eskakizuna Kongresura heldu da; Diputatuen Ganberara eta Senatura. Bertatikdagokion batzordera bideratu dute beharrezkooharrak egiteko. Orain itxaroten ari gara, eta, batzordeak ohar guztiak eginda, bozkatu egingo dute ekinbidea bi ganberetan. Beharrezkoa da horrelako ekinbide juridikoak bultzatzea alternatiba eta estrategia hobeak eraikitzeko. Krudela da atzetik ibili behar izatea, baina genero ikuspegia beharrezkoa da horrelako sententzietan.

Esperantza duzu eskakizuna aurrera aterako dela?

Sententziak harrabotsa sortu du, eta horrek inpaktu bat izan du gizartean. Baikorra naiz, eta ekinbidea aurrera aterako dela sentitzen dut. Eta, horrela ez bada, borrokatzen jarraituko dut hala izan arte.

Hamar feminizidiotatik soilik bat epaitzen da Mexikon. Zergatik?

Badakit gabeziak daudela Mexikoko justizian, gehiegizkoak gainera. Baina aktibista gisa egunero ahalegintzen gara lan egiten transfeminizidioak ikertzeko, eta presioa egiteko justiziari. Ez luke horrela izan behar; ekintzaile batek ez luke politikarien atzetik ibili behar zenbait eskubide aitortu ditzaten. Baina Mexikon horrela funtzionatzen du legeak. Gure eskubideen alde borrokatzea da bide bakarra.

Zerk bultzatzen zaitu horretara?

2016an Buenrostro nire laguna erail zuten, transexuala zen, eta hori ikustea egokitu zitzaidan. Hilketa horren ondotik, justizia exijitzea beste aukerarik ez nuen, eta justizia diskriminatzaile eta bortitzari aurre egin zion lehen emakume transexuala izan nintzen. Salaketa eta borroka bidez, sei urte igaro ondoren garaipen asko erdietsi ditut; tartean, sententzia hau.

Bizkartzain bat duzu. Ez zara lasai bizi?

Lasai bizi naiz ez dudalako beldurrik. Beldurra ere kendu didate, eta emakume batek ez duenean ikararik, ahal dituen gauza guztiak egin behar ditu jainkoak uzten dion arte. Bukaerara arte lan egingo dut, niri eta beste askori eragin zizkiguten, eragiten jarraitzen eta jarraituko duten baldintza horiek hobetu ahal izateko.

Nola iristen da bat hiltzeko beldurrik ez izatera bere eskubideen alde borrokatzeko?

Estatuak eragin duen indarkeriaren aurka borrokatzeko hautua egin nuen, askotan neure burua arriskuan egon arren. Beldurrak atzera eginarazi beharrean, egunero altxatzera behartu nau. Aterpeak ireki ditut emakume transexualentzat, eta horietan profesionalizazio akademikoa ematen diegu; ikasi egiten dute, giza baliabide guztiak ematen dizkiegu egoera berrira moldatu ahal izateko eta pertsona berri gisa berreraikitzen hasteko.

Bi aterpe dituzu, eta beste bi ireki nahi dituzu. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Nire lagunaren erailketa ikusi izanak, justiziak emandako ezezko erantzunak, eta bizi izan ditudan giza eskubideen urraketa oro izan dira aterpeak irekitzeko arrazoiak. 2018an erabaki nuen Casa de las Muñecas aterpea sortzea laguntza emateko pertsona ahulenei, kalean daudenei, substantziak kontsumitzen dituztenei, askatasunik ez dutenei, sexu langileei, migratzaileei, eta LGTBI kolektiboaren parte direnei.

Aterpeetan hezkuntza jasotzen dute unibertsitatera sartu aurretik, eta bigarren hezkuntza egin ondotik, enpresetan lan egiteko aukera dute. Betiere haien identitatea onartzen duten enpresetan. Irabazten duten %80 aurrezten dute etorkizunean beren ikasketak ordaintzeko, eta geratzen den %20 beraiek nahi duten horretan gastatzeko da. Helburua da unibertsitatera joaterako beharrezko dirua izatea independizatzeko. Horrela aukera gehiago izango dute nahi duten lanbidea hautatzeko.

Zein egoeratan iristen dira zure aterpeetara emakumeak?

Drogarekiko menpekotasun handiarekin, haurtzarotik familiak eta gizarteak abandonatuta, gizartearekin oso haserre, jipoituta, umiliatuak, oinutsik, krimen antolatutik ihesi... Askotariko kasuak daude, egun eta hilabete osoz oinez datozen emakumeak ere iritsi dira adorerik eta ilusiorik gabe; bizkarra eman dien gizarte batetik ihesi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.