Marokoren eta EBren arteko harreman onak, mehatxupean

Lehen informazioen arabera, badirudi Rabatek sortu zuela europarlamentuko ustelkeria trama. Eskandalu horrek gainezka eragin die bi aldeei, desadostasunen ondoren.

Josep Borrell EBko diplomaziaburua eta Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa, hilaren 5eko bilkuraren ostean. J. M. / EFE.
Ricard Gonzalez.
Rabat
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Urte askoan, Europako erakundeek ezin leunago tratatu izan dute Maroko: lehentasunezko merkataritza akordioak, hitz erdikako babesa Mendebaldeko Saharako gatazkan, eta txintik ere ez disidentziaren kontrako errepresioa handitu izanaren inguruan. Dena dela, hori aldatzen hasia da, ustelkeria eskandalu bat sortu baita, Europako Parlamentuarekin zerikusia duten zenbait pertsona ospetsu zipriztindu dituena; presidenteordea bera ere bai, Eva Kaili sozialista greziarra. Dirudienez, horiek guztiek dirutza handiak kobratu dituzte, Qatarri eta Marokori zenbait mesede politiko egitearen truke.

Iragan asteko ostegunean, hogei urtean lehenbizikoz, Europako Parlamentuak ebazpen gogor bat onartu zuen, Marokon giza eskubideak urratzen direla gaitzesteko; ebazpen horretan, berariaz aipatzen dira Rif eskualdeko egoera eta Pegasus espioitza programa zibernetikoaren erabilera. Horretaz gainera, testuan exijitzen da aska ditzatela kritiko izateagatik kartzelatutako kazetariak —hala nola Omar Radi—, eta zera adierazten: «Kezka sakona dugu, Marokoko agintariek Europako Parlamentuko zenbait diputatu erosi dituztelako akusazioak direla eta». Hasieran, Qatargate izena jarri zioten eskandaluari, baina, Belgikako hedabideei isilpean helarazitako berriek iradokitakoaren arabera, badirudi Marokok sortu zuela trama guztia, duela hamar urte baino lehenago. Horregatik hasi zaio Qatargate hari Moroccogate deitzen.

«Litekeena da bozketa mugarri bat izatea, Maroko EBko erakundeen begikoa izan baita Mediterraneo hegoaldean, ia ukiezina emateraino», azaldu du Irene Fernandez-Molinak, Exeter Unibertsitateko irakasle eta Marokon espezializatua denak. Katedradun horren iritziz, eroskerien eskandalu hori izan da gainezka eragin diena, Rabatek eta Europako zenbait herrialdek —Frantziak eta Alemaniak— berriki desadostasun batzuk izan ondoren; horri erantsi behar zaio Ceutan migranteen krisia gertatu zela 2021ean, Marokoko agintariek mugaldea ireki baitzuten eta milaka migrante sartu baitziren herrialdera bat-batean. Orduan ere, Europako Parlamentuak Rabaten inguruko ebazpen kritiko bat onartu zuen.

Hain zuzen, Ignacio Cembrerok ezin hobeto daki Afrika iparraldeko herrialde horretako barrunbeen berri, El País egunkariaren korrespontsal aritu baita urte askoan Rabaten, eta, hark azaldu duenez, eskandalu hori agerian geratu da zenbait zerbitzu sekretu —besteak beste, Espainiakoa, Frantziakoa eta Italiakoa— aspalditik zebiltzalako irrikaz, noiz-nola harrapatuko Marokoko zerbitzu sekretuak. Atzeneko urteetan, ustelkeriaren inguruko trama ez zuen jadanik Marokoko diplomaziak kudeatzen, baizik eta Marokoko zerbitzu sekretuek, eta horrek atezuan jarri zituen Europako zenbait herrialdetako zerbitzu sekretuak. Dirudienez, horiexek ohartarazi zituzten Belgikako agintariak ikerketa lanei ekin ziezaieten.

Hala ere, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen alderdikideek, hau da, PSOEko europarlamentariek ebazpenaren kontra bozkatu zuten. Haiekin batean, ordea, eskuin muturreko diputatu banaka batzuek eta kide ez diren zenbaitek baino ez zuten bozkatu kontra: mozioaren kontrako 32 boto izan ziren, eta aldekoak, berriz, 356. «Marokok lobby lan ikaragarria egin zuen azken egunetan; horrek bere ondorioa eragin zuen PSOEn, alderdi hori toki ahulean baitago aspalditik Marokorekiko harreman bilateraletan», adierazi du Fernandez-Molinak. «Beldur ziren ez ote zen bertan behera geratuko otsail hasierarako aurreikusia zuten aldebiko goi bilera, edo ez ote zen ordezkari gutxi agertuko. Izan ere, batek eta besteak ez dute interes bera aldebiko harreman hori berritzeko. Espainiak behin baino gehiagotan iragarri du berrekingo diotela, baina Maroko gerotik gerora dabil, epeak berak kontrolatzen dituela erakustearren», erantsi du.

Ondorio kaltegarriak

Maati Monjib politika kazetari marokoarra bat dator azterketa horrekin, eta nabarmendu du litekeena dela Moroccogate-ren ondorioak kaltegarriak izatea Rabatek EBrekin dituen harremanetarako. Erregimenak, izan ere, suari sua baino ez dio eman bere jarreraren bidez. Kongresuak eta Senatuak bilkura bateratu egin zuten astelehenean, eta mozio bat onartu: bertan, «Europako Parlamentuarekiko harremanak berrikustea» exijitzen du, eta «onartezintzat» jotzen Europaren ebazpena. «Europako erakundeekiko harreman politikoak eta ekonomikoak kaskartu egingo dira, eta hori arriskutsua da, Marokorentzat ezinbesteko bazkidea baita», zehaztu du Monjibek, eta arrantza ituna aipatu du, tirabira handitzeak kalte egingo diolakoan.

2021eko irailean, Europako Justiziak baliogabetu egin zituen akordio horretako zenbait puntu, Mendebaldeko Saharari buruzkoak, argudiaturik nazioarteko legedia urratzen zutela, legedi horrek ez baitio Marokori subiranotasunik onartzen lurralde horren gainean. Hortaz, ituna salbatzeko asmoz, Europako erakundeek elkar hartu zuten, eta kasazio errekurtso bat aurkeztu. Sententzia lorpen handi bat izan zen Fronte Polisarioarentzat, eta hura jotzen dute Moroccogate-ren onuradun nagusitzat.

Monjiben ustez, Rabatek ez du amore emango, oraingoz behintzat: «Hasia du disidenteen kontrako kanpaina bat, haiei traidoreak izatea leporatuz ebazpena babesteagatik. Horregatik, Bruselarekiko tirabirak ez dira baretuko lehen fasean». Alabaina, analista horrek iragarri duenez, hilabete batzuk barru, Marokok ahalik eta modurik errespetagarriena aurkituko du preso dauden kazetari horiek askatu eta EBrekin nolabait adiskidetzeko. Monjibek ederki dakizki errepresio aparatuaren zirrikitu guztiak, zenbait hilabete eman baitzituen kartzelan. Gose greba bat egin zuen, eta, haren ondorioz hiltzeko zorian zegoelarik, aske utzi zuten, askatzeko eskatuz AEBetako Kongresuak txio bat idatzi zuen egunean bertan.

Omar Radi da ebazpenean aipatzen den kazetaria, sei urteko kartzela zigorra betetzera kondenatua, eta Radiren aitak ere pentsatzen du erregimenak men egin beharko diela azkenean Europaren eskakizunei, eta askatu iritzia emateagatik atxilotutakoak: «Erregimenak ez dauka beste aukerarik, EB bazkide garrantzitsuegia da eta. Ez dago nazioartean bakarturik geratzeko moduan», argudiatu du Driss Radik. «Oso kontentu gaude bozketarekin, erakusten baitu Omar bidegabekeria baten biktima izan dela, nahita asmatutako akusazio batzuen biktima. Hutsegite bakarra egin zuen: ikerlan artikulu batzuk argitaratzea, erregearen zenbait ministroren eta kontseilariren ustelkeria agerian utzi zutenak», bota du, harro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.