Noiz sortua: 2019-09-24 00:30:00

Mendebaldeak ezagutzen ez duen erromesaldia

Hamabost milioitik gora lagunek, xiitek nagusiki, Kerbalako basamortua zeharkatzen dute urtero, Hussein imamaren heriotzaren doluan. Ezohiko fenomeno bat da, bertan izaten den altruismoagatik (ikusi argazki bilduma).

<b>Arima purifikatzeko errituak. </b>Zenbait erromes lasai hizketan kearen erdian. Herri erritu profetiko horrek espiritu eta energia txarrak uxatzen ditu. Kearen inguruko bilera horiek ibilbide osoan ikusten dira.
Arima purifikatzeko errituak. Zenbait erromes lasai hizketan kearen erdian. Herri erritu profetiko horrek espiritu eta energia txarrak uxatzen ditu. Kearen inguruko bilera horiek ibilbide osoan ikusten dira. PEDRO J. SAAVEDRA Tamaina handiagoan ikusi

Pedro J. Saavedra -

2019ko irailak 24

Gaueko ordu txikiak izanagatik ere, bidaiariz betea dago Irakeko Najaf aireportua, 2003an Saddam erori zenetik urtero bezala, eta guztiek dute xede bera: Arbain bururatzea, munduko erromesaldi erlijiosorik jendetsuenetan bigarrena. Kanpoko hondar ekaitzean ez da ezer ikusten, eta, gutxinaka-gutxinaka, hasi dira taldeak antolatzen, gaua emateko leku bat aurkitzeko. Biharamunean hasiko da erromesaldia, goizean goizik, Kerbalako lur sakratura bidean.

Egunok Axura jai erlijioso islamikoa bezain garrantzitsuak dira, zeina eskuarki xiismoaren adarrean ospatzen baita, hamargarren eguna duenean muharram-ak, ilargi egutegi islamikoaren lehen hilabeteak. Arbain adierazgarria da hainbat arrazoigatik. Horietako nagusia: Kerbalako lurrera itzuli zela Ahlul Bait, eta bisita egin ziola Husseini, bai eta familia leialari eta islamaren kausaren alde bizia eskaini zuten adiskideei ere. Arbain jaiak oroitzapena egiten die Kerbalako gertakari tragikoen osteko berrogei egunei, gertakari haietan hil baitzituzten Hussein imama eta haren jarraitzaileak.

Hussein, islamaren adar xiitak hainbeste negartzen duen hori, Mahomaren alaba Fatimaren eta Aliren bigarren semea izan zen. Mahoma profeta hil zenean, biloba, Hussein, Jaziden gobernu bidegabearen kontra jarri zen, eta hortik datoz suniten eta xiiten arteko desadostasunak. Bestalde, batzuei bitxia irudituko zaien arren, Husseinek antz handia du Jesu Kristorekin: kondairek diotenez, biak hil ziren era krudel eta injustuan, bata Judean eta bestea Kerbalan; izaki ustel eta immoral batzuek sakrifikatu zituzten; eta ez ziren alferrik hil, biak altxatu baitziren tiraniaren kontra, legatu erlijioso eta espiritual inspiratzaile gisa.

Mendebaldeak ez daki askorik —edo horretaz kexatzen dira behintzat mundu osotik etorritako 15 milioi erromesak— ospakizun erlijioso horretaz: munduko garrantzitsuena eta jendetsuena da, Indiako Kumbh Mela kenduta. Azken horrek 40 bat milioi erromes biltzen ditu, baina hamabi urtean behin egiten da; horregatik, Arbain jotzen da urtero egiten den bilkurarik handientzat.

«Nola erromesaldi hau ez dela ezaguna Mendebaldean?», esan du laguntzaile irandarrak, Mohammad Khodadadik, gaztelania perfektuan. Xeke adeitsu horri esker, ez da ezer faltatu Najaf eta Kerbala arteko 84 bat kilometroetan; azken horretan dago Hussein imamaren mausoleoa. Komunikabideek, funtzionarioek, jakintsu erlijiosoek eta Irango biztanleek Mendebaldeko hedabideei leporatu izan diete ez dutela kontuan hartzen erromesaldia, hain handia eta kulturalki eta geopolitikoki garrantzitsua izan arren. Handiagoa da Hatx bera baino —Mekaranzko erromesaldi musulmanik garrantzitsuena—, baina, hala eta guztiz ere, Arbainen fenomenoa oraindik ere ezezaguna da munduaren zati handi batentzat, batez ere Mendebaldearentzat.

Erromes gehienak musulman xiitak dira, baina badira sunitak erromesaldian, bai eta katolikoak, ortodoxoak eta beste erlijio batzuetakoak ere. Milaka eta milaka bandera, munduko herrialde guztietakoak, eta beltzez jantzitako milioika lagunen jario bat, zeinak basamortua zeharkatzen baitu gutxi gorabehera lau egunetan, bi bidetan zeharkatu ere. Najafetik Kerbalarako errepide nagusiaren ondotik doa bide printzipal eta jendetsuena, eta Eufrates ibaiaren paretik bestea. Bigarren hori erabiltzen zen nagusiki Saddam Husseinek, sunismoaren jarraitzailea bera, Irak gobernatu eta Arbain debekatu zuenean.

2013ko urtarrilean, bonba auto bat zartarazi zuten Kerbalatik bueltan zetozen fededunen aurka, eta hogei erromes xiita erail; halere, ibilbide guztian oso noizbehinka baino ez da begiztatzen Irakeko armadaren tankerik. Urria da segurtasun militarra, baina arriskurik ere ez da hautematen. Erromesak ez dira beldur: zaharrak, umeak, amak, aitak... Familiek oso-osorik egiten dituzte ehunka kilometro, gogoan hartuta ez beren segurtasuna, ezpada erromesaldian bat egiteko duten arrazoia. Adibidez, 2014an, jakinda ere lur haiek Estatu Islamikoaren kontrolpean zeudela, erromesek adorea bildu eta berriz egin zuten bidea.

Karitatea

«Baina Arbain ez da ekintza erlijioso bat bakarrik: gure helburua da topaketa espiritual bat bilakatzea, non gizaki orok komunitatean sentitu ahalko duen Husseinenganako maitasun handi hori, arraza eta erlijioa gorabehera», komentatu zuen harro, bidearen erdian eraikitako mukeb batetik, Alireza Panahianek, eragin handiko apaiz hojatoleslam-a bera —islamean aditua—, eta Irango funtzionario xiita. «Pozaren, batasunaren eta bakearen festa da Arbain».

Baina, Mendebaldeko ikuspegitik begiratuta, ziur aski zera izango da gauzarik interesgarrienetako bat: zein serioski hartzen duten karitatea Arbainen. Erromesaldiak astebete inguru irauten du, eta inork ez ditu ordaintzen ez janaria, ez ostatua, ezta arreta medikoa eta bestelako zerbitzuak ere, hala nola masajeak, zapaten konponketak... Bide osoan badira hainbat haima —hala esaten zaie bidearen bi ertzetan etengabe ikusten diren etxetxo eta karpa eskergei— zerbitzu horiek doan eskaintzen dituztenak. Mugimendu horrek mawkeb izena du, eta, horri esker, zuwwar-ek (bisitariek) eta bertakoek autogestionatu eta autofinantzatu egiten dute ekitaldia: adibidez, Abu Furat irakiarrak urte osoa ematen du aurrezten, erromesak hartu eta lagundu ahal izateko.

Abu Furati galdetu diotenean nola sentitzen den Arbain amaitzean, negar zotinka erantzun du, malkoei eutsi ezinik: «Ezin dut pentsatu ere. Egun hori tristea da niretzat, zeren afektuzko, adeitasunezko, laguntasunezko eta zerbitzuzko hamar egun horiek amaitzen baitira niretzat».

Ibilbidea bukatzen ari da, eta jada begizta daitezke ezin konta ahala fededun Hussein ibn Aliren santutegiaren inguruan, negarrez eta Labaika Ya Husain oihuka (zure zerbitzuan, Hussein); etengabe aditzen da oihu hori erromesaldiaren egun guztietan. Historian, hamaika eraso egin dizkiote meskita erraldoi horri: aspaldikoenetako bat 850-851 ingurukoa da, Al-Mutawakkil kalifa abbastarrak egina, eta berrikien eginetako bat, berriz, 2003ko Iraken inbasiokoa, suniten eta xiiten arteko tentsioen testuinguruan.

Aste Santua gogoan

Zapaten ozeano bat hedatzen da santutegien sarreretara, erakutsiz zenbat milaka fededun dauden barruan, batez ere zarih delakoan, Hussein imamaren sarkofagoaren kanpoan. Azken egunetan, hainbat heiat —katolikoen Aste Santuko kofradien antzekoak— santutegirako bidea egiten hasi dira, nola kofradia bat hiriko katedralerako bide ofizialean. Izan ere, ikaragarrizko antza dute txia-ko errituek eta katolikoen Aste Santukoek, batez ere Espainia hegoaldekoek eta Italiakoek. Jesusen pasioak bezala, Husseinen oinazealdiak sinbolismo bat sortu du, goresten duena bien, biktimen sakrifizioa, eta betikotzen duena erritual bat oinazea, zinaustea, pasioa nahasten dituena. Hain da horrela, ezen antz-antzekoak baitira, adibidez, Axurako oinaze erakustaldiak eta zenbait herrialde katolikotan Ostegun Santua edo Ostiral Santua ospatzeko duten modua.

Fenomeno erlijioso eta espiritual bat da Arbain, baina baita soziala eta kulturala ere; hainbat teologo xeke xiitaren eta akademikoren ustez, herrien herri adierazpen moduko bat da. Ekitaldi horren harira, nolabaiteko aliantza bat sortu da Iranen eta Iraken artean; badirudi bi herrialdeek harremana estutu dutela orain, fenomeno horri esker, hainbat urte etsaituta eman ostean.

Arbainek aukera bat sortu zuen neurtzeko zer-nolako herri indarra duen xiismoak eta zer elementu erlijioso dauden herriak batzeko helburu amankomun batekin: herri horiek ahalik eta baliabide gutxienekin antolatzea. Hain da horrela, ezen Iranek, fenomeno hori azaldu zenean, ministerio bat sortu baitzuen, ekitaldia kudeatzeko arduradunekin. Horregatik, tresna geopolitiko garrantzitsua bilakatzen ari da inguru horretan; hain zuzen, Iranek Irakeko lurretan duen estatusa sendotzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna