Fernando Atria. Indar Komuna mugimenduko presidentea

«Konstituzioa aldatzen ez den bitartean, egoerak berdin segituko du»

Txileko konstituzio berria idatziko duen 155 kideko batzordea aukeratuko dute herritarrek gaur eta bihar. Testua aldatzearen alde dauden ezkerreko alderdiak banatuta aurkeztu diren arren, nahikoa babes lortuko duten itxaropena du Atriak.

BERRIA.
Cecilia Valdez
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Fernando Atria abokatu, unibertsitateko irakasle eta politikari txiletarra da. Indar Komuna izeneko mugimendu politiko aurrerakoiko presidentea da —Fronte Zabala koalizioaren parte da mugimendu hori—, eta konstituzioaren egileetako bat izateko hautagaia. Aktiboki parte hartu du Txileko hezkuntzaren eta konstituzioaren erreformei buruzko herri eztabaidan. 2010ean, PS Txileko Alderdi Sozialistan afiliatu zen, eta, 2016ko irailean, iragarri zuen presidentetzarako hautagai izateko primarioetara aurkeztuko zela. 2019ko urrian, baina, Alderdi Sozialista utzi zuen; izan ere, haren erranetan, klientelismorako joera zeukan egitura batek zuzentzen zuen alderdia.

Konstituzioa aldatzeko prozesua 2019ko urriaren 18ko matxinadarekin hasi zen —diktadura garaitik Txilen izandako manifestazio handiena izan zen hura—, eta plebiszitu konstituziogilera deitzeko ituna egin zutelarik bururatu. Plebiszitua 2020ko urrian egin zen, eta emaitza eztabaidaezina izan zen: %80k bozkatu zuten aitzineko konstituzioa berritu eta batzorde konstituziogile bat eratzearen alde. Gaur eta bihar, hain zuzen, batzorde konstituziogile horretako kideak hautatuko dituzte, eta haiek urtebete izanen dute konstituzio berriaren edukia adostu eta herriari proposatzeko; azkenik, bertze plebiszitu bat eginen da, herritarrek beren iritzia eman ahal izan dezaten.

Orotara 155 aditu aukeratuko dituzte konstituzio berria idazteko, eta lehen aldia izango da herritarrek eurek aukeratuko dituztena batzorde horretako kideak. Hala ere, ez da espero parte hartzeak %50eko langa igarotzerik.

Nolakoa izan zen Txilen konstituzioa aldatzeko bidea ireki zuen prozesua?

Urriaren 18an gertaturikoa bertze aurrerapauso bat izan zen politika instituzionalari zilegitasuna kentzeko prozesu luzean. Politika hori 1980ko konstituzioak ezarria zuen, [Augusto] Pinocheten konstituzioak. Izan ere, konstituzio horrek hauxe zuen helburu: erabakirik hartzeko gai izanen ez zen politika bat sortzea. 2006tik aitzinera, hainbat mugimendu sozial sortu dira Txilen, eta galdegin dute gauza daitezela politika instituzionalak bazter utzitako aldaketak. 1980koa beti izan da eskuinaren konstituzioa; hain zuzen, hura defendatu zuen eskuinak, eta plebiszituaren kontrako kanpaina bat egin. Gainera, Pinocheten ondotik agintean egondako zentro-ezkerreko koalizio politikoa, Kontzertazioa izenekoa, bertan goxo geratu zen 80ko konstituzioarekin, eta hori ordaintzen ari dira orain. Egun, bi talde daude aurrez aurre: alde batetik, konstituzio berriak Txileko eredu neoliberala eraldatu behar duela uste dutenak, eta, bertzetik, gutxi goiti-beheiti egungoaren gisako konstituzio bat behar dela pentsatzen dutenak. Uste dut bigarrenak gutxiengoa izanen direla argi eta garbi.

Nola ikusten dituzu gauzak asteburura begira?

Kezka da nagusi. Izan ere, dugun zilegitasun krisia tarteko, konstituzio berri baten aldeko indarrak hagitz zatiturik daude, eta hainbat zerrendatan bereizirik aurkeztuko dira.

Bi koalizio politiko daude: bata zenbait alderdiren batasuna zen lehen; bertzeak, berriz, gainerako ezkerreko alderdiak biltzen ditu, hala nola Fronte Zabala, Alderdi Komunista eta ezkerreko bertze mugimendu sozial eta politiko batzuk. Ezkerreko zerrenda horietaz gain, hautagai independenteek osaturiko zerrenda batzuk daude, eta eskuineko zerrenda bat ere bai. Jende anitz kezkaturik dago eskuinaren batasunak sakabanatze efektua sortuko ote duen, eta batzordeko eserlekuen herena lortuko ote duten, horiek eskuratuta indarra izango dutelako etorkizuneko arauen erabakitze prozesua euren modura bideratzeko. Nire irudiko, babes eztabaidaezina lortuko du konstituzio berriak.

Hamabortz urte daramatzazu «konstituzioaren arazoa» deitzen duzun hori lantzen. Zergatik da beharrezkoa konstituzioa aldatzea?

Txileko diktadurarentzat hauxe zen galdera: nola eragotzi, diktadura bukatutakoan, erabateko boterea zeukan bitartean egindako aldaketa neoliberalak indargabetzea.

Txileko diktadurak beti jakin zuen egokitzen, eta bazekien demokrazia ailegatuko zela. Konstituzioa izan zen arazo hori konpontzeko modua. Hau da, diktadurak berak ezarritakoaren araberakoa izanen zen diktaduraren ondorengo demokrazia. Hauxe zen konstituzio horren funtsa: konstituzioak ezarritako botere politikoak baldintza batzuk bete behar zituen, eta baldintza horiek guztiz galarazten zuten erabaki eraldatzaileak hartzea, arauei dagokienez ez, baina bai praktikan; nahiko bistako arrazoiengatik, gainera. Izan ere, edozein erabaki garrantzitsu gauzatzeko, diktaduraren oinordekoen babesa behar zen.

Adibidez...

1989 eta 2005 artean, Demokraziaren Aldeko Alderdien Kontzertazioak irabazi zituen, aldi oro, presidentetzarako hauteskundeak. Nolanahi ere, tarte horretan ez zuen sekula gehiengorik izan Kongresuan. Kongresuko kideen ia herenek atxikimendua erakusten zioten diktadurako partaideei. Eskuinak hauteskundeak galtzen zituen, baina gehiengoa zuen Senatuan, eta betoa jartzen zion oztopatu nahi zuen edozein erabakiri; hala, zera segurtatzen zuen: eskuinak ontzat ematen zituen erabakiak bertzerik ez hartzea. Horixe da egungo konstituzio tranpatiaren logika.

Senatariak aukeratzeko mekanismo hori 2005ean indargabetu zen, baina baziren funtzio bera betetzen zuten bertze mekanismo batzuk. Ondorioz, konstituzioa aldatzen ez den bitartean, daukagun egoerak —politika instituzionala ez da gai gizartean sorturiko eskaerak eraginkortasunez bideratzeko— berdin segituko du, eta horrek zera dakar, politika instituzionalak zilegitasuna galtzea.

Batzorde konstituziogilea parekidea da, eta ordezkari indigenak ere baditu. Zer iruditzen zaizu hori?

Zinez garrantzitsua da batzordea parekidea izatea, justizia kontua baita, bertzerik gabe. Jatorrizko herriekin ere berdin, beti egon baitira baztertuta. Bi ezaugarriok garrantzitsuak dira bere horretan. Baina, urriaren 18koa politika instituzionalaren kontrako mugimendua izan zenez, prozesu konstituziogileak irtenbide egonkor bat aurkitu behar du gaitzetsitako politika instituzional hori ordezkatzeko. Funtsezkoa da batzordea ez izatea Diputatuen Ganberaren bertsio zuzendu bat. Eta, batzordea bera bertzelako gauza bat denez, zentzuzkoa da pentsatzea bertzelako zerbait emanen digula.

Zein da egungo egoera? Uste duzu prozesu konstituziogileak egoera baretzen lagundu duela, nolabait?

Politika instituzionalak zilegitasuna galdu du, eta horrek instituzio demokratikoen ahalmenari eragiten dio. Hori Errepublikako presidentetzan nabari da bereziki; izan ere, ekimena pixka bat berreskuratzea lortu du pandemiarekin zerikusia duten gaietan, hala nola txertaketan —txertaketa izugarri arrakastatsua izan da Txilen, gainera—. Horrez gain, baina, instituzioen krisiak izugarri eragin dio gobernuaren eta erakunde politikoen ekiteko gaitasunari. Konstituzioa berritzeko aukera izateak pixka bat baretu du egoera, eta urriaren 18an azaleraturiko indarra bideratzeko modu posible bat eman.

Konstituzioa aldatzeak zer eragin izan dezake herrialdeko politika ekonomikoan?

Nahi nuke konstituzio berria eredu neoliberaletik ateratzeko abiapuntua izatea; horrek aldaketak ekarriko lituzke, batez ere eskubide sozialen arloan: osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan, kulturan eta abar. Ez dut uste Txilek utziko dionik mundura irekitako ekonomia izateari; ez dut uste hori eztabaida iturri denik, baina pentsio sistema bada eztabaida iturri. Segur aski, konstituzioa aldatzearen eraginez, pentsio sistema ere nabarmen aldatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.