Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Olatua dator

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Badirudi hamaika ikusteko edota entzuteko jaioak garela diogunean ez zaigula arrazoirik falta. Hala berretsi zuten hori Hego Koreako hainbat gizonezkok pasa den egunean, euren herrialdeko arku tiroko An San txapeldun hirukoitzari barkamena eskatzeko eta urrezko dominak itzultzeko eskatu ziotenean. Zergatik, ordea? Bada, bere orrazkeragatik. Bai, bai, bere ilea motzegia eta «oso feminista» delako, dirudienez. Horixe leporatu diote 20 urteko txapeldun horri bere herriko gizonkoteek, eta, beraz, nik ulertu dudan modura, ile «zatarra» baduzu ez zenuke Jokoetan aritu beharko. Argi eta garbi.

Benetan ari al gara? Egia da kasu horrek absurdoa ukitzen duela, bai, baina atzealdean duenak absurdoaz ezer gutxi du, zoritxarrez. Izan ere, kirolariaren erakargarritasunaz ari baikara hitz egiten, eta horixe da, esaterako, Alemaniako gimnastikako emakume taldeak salatu duena Olinpiar Joko hauetan: erakargarritasunak, kirolean, ez lukeela sexualizazioarekin zerikusirik izan beharko. Baina izan, oraindik ere badu, eta kokoteraino daude. Gaude.

Alemaniarrak Tokion arropa luzeekin lehiatu dira, eta sexualizazioaren gainetik kirolarien erosotasunak lehentasuna izan behar duela aldarrikatu dute. Egia esan, horrek izugarri pozten nau, duela gutxi hondartza eskubaloiko Norvegiako selekzioak ere antzeko zerbait egin zuelako (isuna jasoko zuela jakinda ere, legearen aurka doazen galtzamotzak erabili zituzten bikiniaren ordez Europako Txapelketan), eta horrek esan nahi du badatorrela, behingoz, olatu berri bat. Kokoteraino dauden emakume kirolariena, 2021ean oraindik ere emakumezkoen kirola saltzeko haien gorputzak saltzen jarraitu behar izateaz nazkatuta daudenena eta lege arkaiko eta sexisten aurrean planto egiten dutenena. Olatua dator, bai, ziur nago, eta hobe lukete prestatzen joan kirol merituak saldu beharrean gorputzen instrumentalizazioa ahalbidetu eta legitimatzen aritu direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.