Aurelie Trouve. Frantzia Intsumisoko Parlamentuko presidentea

«Monarkia presidentziala bota egin behar da»

Aurelie Trouvek ezinbestekotzat jo du ezkerraren batasuna eskuin muturraren eta neoliberalen blokeei aurre egiteko.

BERRIA.
inaki petxarroman
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Aurelie Trouve frantziar ekintzaile altermundialista da (Chauny, Frantzia-1979). Attac Finantza Transakzioak Zergapetzearen eta Herritarrei Laguntzearen Aldeko Elkarteko presidentea eta bozeramailea izan da. 2021eko abenduaz geroztik, Frantzia Intsumisoaren herri batasuneko parlamentuko lehendakaria da. Jean Luc Melenchonen hauteskunde kanpainaren barruan ari da lanean. Historikotzat jo du ezkerraren batasuna, eta uste du irabazteko baldintzak daudela.

Alderdi Sozialistak bat egin du, azkenean, ezkerreko blokearekin. Zer esan nahi du horrek?

Uste dut arduraz jokatu duela, Emmanuel Macronen aurrean Asanblean gehiengo bat izateko aukera historikoari bere ekarpena egitea onartu duelako. Milioika lagunen bizitza aldatzeko aukera dugu, erretiro adina 65 urtetik 60ra jaisteko, oinarrizko errenta unibertsal bat izateko, plangintza ekologikoa aurrera eramateko... Hori dena posible izan dadin aukera zabaldu du PSk, erantzukizunez bozkatuz.

Esan genezake Frantziako ezkerreko alderdien akordioak historikoak direla?

Historikoak dira, eta ezkerreko eta ekologismoaren indarrak berrantolatzen dituzte, akordio programatiko bat oinarri hartuta. Programa hori, azken finean, presidentetzarako hauteskundeetan ongi funtzionatu duen bera da. Botoen %22 lortu ditu, eta bigarren itzuliko lehiara iristeko zorian izan da. Auzi ekologiko eta sozialen artikulazioari modurik zehatzenean erantzuten dion programa da, eta herri klaseen bizimodua hobetzeko modua ekar lezake... Gazteen, herri xumearen, itsasoz haraindiko departamenduen eta milioika lagunen bizimodua hobetzeko helburua du, eta abstentzioa gutxitzeko ahalmena du, gainera.

Amets dezake ezkerrak Frantziako Gobernua lortzearekin?

Erabat.

Posiblea litzateke Macronen eta Melenchonen arteko kohabitazioa, edo Frantziako politika ezinezko bihurtuko du?

Ez da ezinezkoa... Lehen ministroa da gobernua aukeratu eta osatzen duena, eta Asanblea Nazionalean gehiengoa izanez gero, gure helburua izango da monarkia presidentzialari aurre egitea.

Horretarako planteatu duzueV. Errepublika gainditzea... Zer aldatu behar da oraingo ordenamendu juridiko-politikoan?

Monarkia presidentziala da aldatu beharreko lehenengo gauza. Askoz ere botere gehiago eman behar zaio Asanblea Nazionalari. Horretarako, beste konstituzio bat behar dugu, eta prozesu konstituziogile bat ireki behar da bermatzeko herritar guztiek elkarrekin erabakiko dutela konstituzio berriari buruz. Helburu sakonak ditu gaur egungo gizarteak, eta demokratikoki bideratu behar dira gogo horiek. Monarkia presidentziala helburu horiek gerarazteko horma bat da, eta horregatik diogu bota egin behar dugula.

PSko kide asko, bereziki gobernuaren ardura izan dutenak, kritiko azaldu dira akordioekin. Uste duzu zuen elkarlanak jarraituko duela hauteskunde gauaren ostean ere, edo bozetarako ezkontza huts bat izango da?

Espero dut elkarlana luzerako izatea. Koalizioak egiten dira irabazteko. Irabaziz gero, gobernua kudeatu beharko dugu, baina, horrez gain, parlamentuan elkarlana bideratu beharko dugu. Litekeena da alderdiek euren talde parlamentarioak izatea, baina, horren ondoan egongo da herri batasun berriaren koalizioa, ezkerraren aberastasuna islatu beharko duena, ahotsa emanez herri eragileei, sindikatuei, kulturaren munduari... Beraz, bakoitzaren iritzien errespetuan oinarrituta, elkarlanak bide luzea izango duela espero dugu.

Beste Europa batekin amets egiten du ezkerreko fronteak, baina non ikusten du Frantzia, Europako Batasunaren barruan edo kanpoan?

Guk ez dugu asmorik Europako Batasunetik irteteko, baizik eta haren arau batzuetatik at geratzeko. Alegia, bizkar eman nahi diogu larrialdi ekologiko eta sozialari aurre egitea galarazten digun orori. Beraz, desobedituko ditugu erronka horiei aurre egiteko oztopoa jartzen diguten arauak.

Zer eginkizun izan beharko luke Frantziak NATOn, eta zer eginkizun izan beharko luke NATOk munduan?

Gu NATOtik irtetearen alde gaude, uste dugulako aliantza militar horretan gauden bitartean AEBen helburuekin lerrokatuta gaudela. Ez-lerrokatuen multzoan egon nahi dugu, munduko herrialdeekin harremanak bideratu nahi ditugulako super potentzia baten interesen mendeko izan gabe. Eta hori da Frantziak eta Europako Batasunak izan beharko luketen egitekoa, munduko herrialdeen artean elkarlana erraztea aukera emango lukeen elkarrizketa bat bideratu ahal izateko. Ildo horretan, Nazio Batuen Erakundea eta haren adar guztiak indartzearen aldekoak gara.

Uste duzu euskararen gisako hizkuntzek aitortza konstituzionala izan beharko luketela, Molac legeak aurreko agintaldian aurreikusten zuen moduan?

Ez naiz pertsonarik egokiena gai horri buruz hitz egiteko, ez baitut horren inguruko eskuduntzarik.

VI. Errepublikara eramango lukeen prozesu konstituziogile horretan, zer egiteko izan beharko lukete errealitate nazionalek, Korsikak, Euskal Herriak, Bretainiak...?

Ezin da aurreikusi nolako prozesu konstituziogilea izango den... Herritarrek egiten dituzten eskaerak aztertu egin beharko dira. Edonola ere, gu lurralde bakoitzaren nortasuna eta pluraltasuna errespetatzearen aldekoak gara, baina ezin da aurreratu zer aterako litzatekeen prozesu konstituziogile horretatik.

Trantsizio energetikoaren gaiari dagokionez, Macronek argi adierazi du energia nuklearraren aldeko apustua. Zer ikuspegi du ezkerreko koalizioak horri buruz?

Herri batasun berriak apustua egiten du energia nuklearraren mendekotasunetik irteteko eta baliatzen dugun energia guztia jatorri berriztagarrikoa izateko. Ildo horretan, garrantzi berezia ematen diogu eraginkortasun energetikoari, askoz ere energia gutxiago kontsumitu behar izateko, eta, modu horretan, ikuspegi ekologiko batetik erantzun ahal izateko klima larrialdiari. Trantsizio prozesu horrek justua izan behar du, eta, gure ustez, kontsumo eta ekoizpen sistemak aldatzeko beharrari erantzun behar dio.

Munduak kezkaz bizi du, esate baterako, Marine Le Penek bozken %42 lortu izana Frantziako presidentetzarako bigarren itzulian. Zer egiteko izan beharko luke ezkerrak eskuin muturraren hazkundea geratzeko?

Arrazakeria eta gorrotoa dira Marine Le Penen programa politikoaren oinarriak. Hori esanda, neurri sozial eta ekonomikoen inguruan, ez da askorik aldentzen Emmanuel Macronek egiten dituen politika neoliberaletatik. Soldatak gutxitzea proposatzen du, eta babes sozialeko politikak ahultzea, esate baterako, pentsioak. Emmanuel Macronen programa neoliberal bera da, eta, gainera, gorrotoan eta arrazakerian oinarrituta. Guretzat lehentasunezkoa da ahalik eta indar handienarekin eskuin mutur horri aurre egitea eta hura borrokatzea. Blokeen politika indarrean dagoen jokaleku batean, ezkerraren herri blokea behar dugu, Macronen bloke neoliberalari eta Le Penen bloke ultraeskuindarrari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.