Karabakh Garaiko gerra

Gutunik ez Xuxatik

Libanon, milaka armeniar negarrez ari dira Azerbaijanen kontra porrot egin dutela-eta Karabakh Garaiko gerran, eta atzerapausotzat daukate beren existentziaren aldeko borrokan.

Libanoko eta Armeniako ikasleak gerraren aurka protesta egiten, urrian. EFE.
Beirut
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Munduan barrena sakabanaturik dauden beste hainbat armeniarrek bezala, Arin Kalusdianek ere uste du oraindik ez dela amaitu Karabakh Garaiko gerra. Armeniako eta Azerbaijango buruzagiek joan den azaroaren 10ean eman zuten amaitutzat, ofizialki, lurralde hori bereganatzeko gerra. Itun bat sinatu zuten, mingarria armeniarren interesentzat, eta, horren bidez, azerbaijandarrei subiranotasuna eman zieten zenbait udalerriren gainean: hango biztanleek alde egin behar izan zuten. Era berean, Errusiako armadari eman zioten lurralde hartan bakea zaintzeko zeregina. Kalusdian eta haren hurbilekoak, ordea, oraindik ere babesik gabe sentitzen dira azerbaijandarren gehiegikeriak direla eta.

«Hango jendea beldur da oraindik», aitortu du Kalusdianek; 50 urte inguru ditu, eta Iranen hazitakoa da, Otomandar Inperioak armeniarren kontra egindako genozidioaren ondoren milaka pertsona egotzi baitzituzten beren bizilekuetatik (1915), gaur egun Turkia deritzon eremutik. Armenierazko deitura zuten milaka familiak bost kontinenteetan barrena sakabanatu behar izan zuten, ezinbestean, eta, harrera leku izan zituzten lurraldeetan, sekulako ahalegina egin zuten berriro armeniarren komunitateak sortzeko hutsetik, eta beren hizkuntzari ere eutsi ahal izateko.

Libanon, Burj Hammoud hiria altxatu zuten, Beiruteko mugaldean, non biztanle gehientsuenak armeniarrak baitziren. Udalerri hartan daude, besteak beste, Hamazkain erakundea eta Pakin egunkaria; biek ala biek lan egiten dute mundu osoko armeniarren komunitateen kultura iraupena sustatzearren, armenierazko eskola liburuak eta armeniera irakasleak esportatuz. Hiri horren irudiak erakarririk, armeniarren diasporako hiriburu intelektuala izaki, Libanora lekualdatu zen Kalusdian, eta, denboraren poderioz, Hamazkain erakundeko presidente bihurtu.

Mediterraneoko herrialde txiki horretako 100.000 armeniar baino gehiago sinetsi ezinda daude, oraindik ere, galdu berria dutela Karabakh Garaiaren parte handi bat, bere burua Artsakh Errepublika izendatzen duena. Eskualde menditsu horrek eta Armeniako gaur egungo estatuak lurralde historiko bat osatzen dute, armeniar nazioaren lurraldea, gero eta txikiagoa. Karabakh Garaiak bere sinbolo nazionalak eta erakunde politikoak ditu, eta horiek ere bereizten dute Azerbaijango estatutik; estatu horren barruan sartua dago, ordea, eta independentzia eskatzen du. Armeniakoak ditu hizkuntza, pasaportea eta lurretiko lotura; Armenia da enklabe txiki horren sostengua, eta hark laguntzen dio arlo finantzarioan eta militarrean.

Familia armeniar askorentzat, gerra ez da bukatu oraindik. Aram, Kalusdianen anaia, ezin izan da etxera itzuli oraindik, beste asko bezala. Aram emaztearekin eta seme-alabekin bizi da, Stepanakerten: Karabakh Garaiko hiriburua da, eta armeniarrek kontrolpean edukitzea lortu duten eremuan dago, baina oraindik ez dira ausartzen hara bueltatzera. Erevanen daude oraindik ere, Armeniako hiriburuan; izan ere, beste milaka lagunek bezala, hara jo zuten Azerbaijanen aurkako gatazkatik babesteko.

Bi hilabetez gerran egon ondoren, lurraldea oso gaizki dago, eta elektrizitatea ere moztu diete negu gorrian, baina, hori alde batera utzita, Kalusdianek uste du jendeak kolpe psikologikoa dela-eta egin diola uko itzultzeari: «Mundu guztiak galdu du norbait gatazkan, eta mingarria da itzuli eta hala dela egiaztatzea». Haren anaia ere maiz joan izan da Armeniako Defentsa Ministeriora, Erevanera, seme-alabetako bat non dagoen argitzeko informazioa eskatzera, ez baitaukate haren berririk urriaren 8tik. Egun hartan, soldadu gaztea desagertu egin zen, azerbaijandarren erasoaldi handi bat zela-eta atzerantz egiteko operazio batean zebilela, baina eraso horretan ez zen ez zauriturik ez hildakorik erregistratu. «Zazpi desagertu, besterik ez», deitoratu du Kalusdianek. Gaztearen gorpua handik hilabete batzuetara aurkitu zuten: DNA proba baten bidez, haren identitatea egiaztatu zen. «Prozesu oso mingarria da», ziurtatu du Kalusdianek; Armeniara joan zen lurperatzean parte hartzeko, iragan igandean.

600 bat hilotz itzuli dituzte—horietako asko, burua moztuta—, Armeniako agintarien eta agintari azerbaijandarren arteko gorpu trukeetan. Zenbait iturriren arabera, ehunka armeniar egon litezke Azerbaijango kartzeletan, tratu txarrak jasotzen.

Horiek izan dira gerraren ondorioetako batzuk, Karabakh Garaiaren gaineko legitimotasuna dela-eta bi aldeek izandako azken gerrak eragindakoak. Lurralde horrek, historikoki, armeniarren presentzia handia izan du, eta hala erakusten dute IV. mendeko hango eliza armeniarrek, baina nazioarteko legediak Azerbaijani ematen dio subiranotasuna: Azerbaijan herrialde turkiko bat da, gehiengo musulmana duena, eta Sobietar Batasuneko agintariek eskumena eman zioten eremu hori kontrolatzeko.

Sobietar Batasunaren garaian, tentsioak ezkutuan geratu ziren, bi komunitateetako herritarrak elkarrekin nahasteraino. Baina 1988an, Perestroika garaian, Karabakh Garaiko parlamentu autonomoak erabaki zuen Azerbaijandik bereizi eta orduko Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistan sartzea. Bi komunitateen arteko ezinikusia bizitu egin zen, eta Sumqayit hirian armeniarrei egindako sarraskiak gatazka piztu zuen.

Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, 1991n, Armeniaren eta Azerbaijanen independentzia gauzatu zen, eta gerra hasi zen bi herrialdeen artean, lurraldea zela eta. Libanoko armeniarrak ere batu ziren gatazkara, 2020ko udazkenean gertatu bezala. Lehengo hartan, armeniarrak izan ziren garaile: Karabakh Garaiaren kontrolari eutsi zioten, eta Azerbaijango lurralde batzuk bereganatu zituzten. Lurralde horietan, «segurtasun eremu» bat ezarri zuten, eta milaka familia azerbaijandar kanporatu.

Gatazka hartan, Zakar Kexixian zuzendari armeniar-libanoarrak haur abesbatza bat eratu zuen Karabakh Garaian, Xuxa hiri berezian: poeta eta artista askoren sorlekua da, bai armeniarrek eta bai azerbaijandarrek kultur erreferentziatzat daukatena. «Gerra bat zegoenez, guk nahi genuen koruko kideak seguru eta baikor sentitzea musikaren bitartez», gogorarazi du Kexixianek. Egitasmoak aurrera segitu zuen gatazka bukatu eta gero ere, eta Kexixianek beste abesbatza biki bat sortu zuen diasporako gazteentzat, Libanon. Bi koruak senidetu egin ziren, eta truke bidaiaren bat ere antolatu zuten. Libanoko abesbatzakoek modua izan zuten familiakoek hainbestetan aipatzen zieten lurraldea ezagutzeko, eta Karabakh Garaikoek, berriz, bisita egin zioten Libanon jaioak izan arren aberkidetzat dauzkaten gazteen babeslekuari. «Handik aurrera, adiskide egin, eta gutunak bidaltzen zizkioten batzuek besteei», kontatu du Kexixianek. «Hogei urtean, Beirutera eta Xuxara joaten nintzenean, poltsa izugarri handiak eramaten nituen, eskutitzez eta opariz beteak, talde batek besteari bidaliak. Mandatari lanetan ibiltzen nintzen!».

Txikitan gutunak trukatzen zituen haur belaunaldi huraxe borrokatu da Azerbaijanen kontrako azken gerran iazko udazkenean, eta galdu egin du. Aurpegi goibelaz eta zuzenean begiratu ezinik, Kexexianek kontatu du hilak direla gazte haietako batzuk, edo haien bikotekideak. Gainerakoek alde egin behar izan dute Xuxatik —azerbaijandarrek konkistatua baitute—, Armeniako hiriburura edo ahal izan duten tokira. Kexexian harremanetan dago haiekin Whatsappeko talde batzuen bitartez: «Nik ezin erantzun diedan gauza batzuk galdetzen dizkidate, batez ere gazteek. Iruditzen zaie galdera guztietarako erantzunak ditudala. 'Zer gertatuko da gero?', 'Xuxara itzuli ahal izango gara?'. Zer erantzun ez dakidala geratzen naiz. Horretan ibili behar izatea gogorra da niretzat».

Hiru hamarkada egon dira Karabakh Garaian azerbaijandarrik gabe, baina bukatua da garai hori, egoera berriaren ondorioz. Azerbaijanek «segurtasun eremua» izenekoa ere berreskuratu du, armeniarrek Azerbaijanen lurraldean ezarri zutena, eta lekualdatutako ehunka mila azerbaijandar itzuli dira horri esker. Joan den azaroaren 10ean sinatutako akordio anbiguo horretan, lotu gabe geratu da zenbait herriren subiranotasuna, eta zibil armatuek oraindik liskarrak dituzte elkarren artean.

Sobietar Batasunaren amaieraren garaiko antzeko egoeran dago gatazka berriz ere, baina bada desberdintasun bat: Sobietar Batasunaren ondorengo bi belaunaldiak, lubakien bi aldeetakoak, odolustu egin dira gerra handi batzuetan. Azken gatazkan, 5.000 lagun baino gehiago hil dira, eta badirudi ezingo dela eragotzi gerra gehiago izatea etorkizunean.

«Hogeita hamar urte daramatzagu aurreko belaunaldiaren garaipen istorioak entzuten», dio Hrag Avedanian armeniar gazteak; Burj Hammouden bizi da: «Armeniarrok garaituak izaten ginen beti, eta Artsakh denok batzen gintuen ikur bat zen». Horrela ez sentitzeko eskatu dio amak, baina Avedanianek dio bere belaunaldia «lotsatuta» dagoela aurreko belaunaldiek irabazitakoa galdu dutelako: «Nola justifikatu gertatu dena? Zer adieraziko diegu ondorengoei? Ez dugu jakingo zer esan hurrengo belaunaldiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.