Albistea entzun

Anbizioz Parisera begira

Tokioko Olinpiar Jokoak atzean utzi ostean, 2024an Parisen egingo den ekitaldia da kirolari askoren hurrengo helburu handia. Tartean beste txapelketa eta helburu ugari dauden arren, kirolariek aitortzen dute ez dagoela Jokoen parekorik. Ziklo olinpiko labur eta berezi honek behartutako aldaketetara ohitzea da lehen helburua.

Alberto Munarriz.
Alberto Munarriz. Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2021eko azaroak 16

Kirolariari erronkak gustatzen zaizkio. Bat bukatu bezain pronto, beste baten bila hasten da, lehiatu beharra sentitzen duelako. Merezitako atsedena hartu ostean, 2024ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetara begira daude dagoeneko Tokion aritutako kirolari asko. Zeharka begiratzen diete batzuek, zuzen-zuzenean eta inolako disimulurik gabe beste askok. Hiru urteko ziklo olinpikoa dela jakinda, sailkatu nahi dutenek egutegi estuago bat izango dute, hautaketa eta sailkatze proba gutxiago, eta prestakuntza lanak horretarako doitu beharko dituzte. Lan egiteko modua aldatuko da, helburua berbera izanik. Tokion lortutako emaitzak Parisen hobetzeko asmoz, anbizioarekin itzuli dira lanera Iñigo Peña, Alberto Munarriz, Agurtzane Egiluz eta Teresa Errandonea euskal kirolariak.

 

ALBERTO MUNARRIZ Waterpoloko jokalaria

«Parisen jokalari are erabakigarriagoa izatea nahi dut»

Parisko 2024ko Joko Olinpikoetara «ahalik eta hobekien» iristeko lanean ari da Alberto Munarriz waterpoloko jokalaria (Iruñea, 1994). «Espainiako selekzioarekin eta Barceloneta taldearekin epe laburreko helburuak eta txapelketak ditugun arren, esan daiteke dena Parisera bideratuta daukagula». Rion egin bezala, Tokion ere diploma olinpikoa eskuratu zuen Espainiako waterpolo selekzioko jokalariak, baina gehiago nahi du. «Fisikoki zein mentalki, talde indartsuagoa izango gara Parisen». Brasilen baino jokalari osoagoa da orain, taldearen dinamikan askoz ere garrantzitsuagoa. Hori horrela, Japonian gehiago disfrutatu ahal izan du. «Oso esperientzia desberdinak izan dira. Batetik, nire parte hartzea oso bestelakoa izan da. Txapelketa ona egin dudala uste dut, baina Parisen taldearentzat jokalari are erabakigarriagoa izatea nahi dut. Eta, bestetik, Tokion benetan dominen lehian egongo ginela sinisten genuen, Rion ez bezala».

Koronabirusa dela medio Rioko Olinpiar Jokoak baino «arraroagoak» izan badira ere, «gehiago» disfrutatu du, nahiz eta oraindik ere pentsatzen duen «urrezko aukera» galdu zutela domina bat lortzeko: «Ez dakit berriro aukera hori izango dugun edo ez. Brontzearen partidan azken laurdena izan zen txarra. Aukera bikain bati ihes egiten utzi genion, baina modu berean lanean jarraitzen badugu, baliteke Parisen beste aukera bat izatea. Ez dakit zer falta izan zitzaigun domina bat irabazteko. Partida errepikatuta noizbait ikusi beharko dut, zertan huts egin genuen jakitea garrantzitsua baita etorkizunean akats berberak ez errepikatzeko».

Tokion domina lortu ez arren, «oso erraza» da atzera ere motibatuta sentitzea, nafarraren ustez: «Aho zapore txarrarekin amaitu genuela esan daiteke. Orain hiru urte baleude txapelketa edo erronkarik gabe, zailagoa litzateke. Baina Barcelonetarekin seigarren Txapeldunen Liga irabazteko erronka dugu, eta Espainiako selekzioarekin urtero txapelketa handi bat edo beste jokatzen dugu. Horrela errazagoa motibazio hori izatea».

TERESA ERRANDONEA  Atleta

«Asko hobetu dezakedala sentitzen dut»

Tokiokoak lehendabiziko Olinpiar Jokoak izan dira Teresa Errandonearentzat (Irun, Gipuzkoa, 1994). Irundarra 100 metroko hesidunean finalerdietatik kanpo geratu zen, sailkatze proban 13.15eko denbora eginda. «Kontrako» sentimenduak nahasten zaizkio egindako lanari buruz mintzo denean. «Nire ibilbideko esperientziarik politena izan da, baina arantza geratu zitzaidan, ez nintzelako nahi bezain ondo aritu». Urduritasuna izan zen Errandonearen kontrario nagusia: «Korrika ez nintzen eroso aurkitu, eta urte guztian landutako alderdi teknikoetan ere huts egin nuen. Urte guztia neraman gauzak hobetzen, baina sailkatze lasterketan ezin izan nuen hori guztia atera. Nire lehendabiziko parte hartzea zen, eta urduritasun hori normala izan daiteke».

Parisen atera nahi luke arantza hori. «Ez dut nire marka onena egin oraindik. 2018an entrenatzailea aldatu nuen, eta oraindik asko hobetu dezakedala sentitzen dut: hobetzeko anbizio eta ilusioarekin nago». Paris helburu badu ere, «pixkanaka» joan behar duela dio: «Hiru urte dira, eta gauza asko gerta daitezke. Lanean jarraitu behar dut, eta emaitzak iritsiko dira».

Berriki omenaldia egin diete irundarrek Tokion aritutako hiru etxeko kirolariei: Julen Aginagalderi, Ander Elosegiri eta Errandonea berari. «Parisko Olinpiar jokoen ostean ikusiko dugu berriro elkar», esan zuen ekitaldian atleta irundarrak. Belgradeko munduko atletismo txapelketa du hurrengo erronka. Horren ondoren, 2022an, bere marka pertsonala hobetzen jarraitzea da asmoa.

AGURTZANE EGILUZ Gurpildun saskibaloiko jokalaria

«Hurrengo Paralinpiar Jokoetan domina bat lortu dezakegu»

Sei urte baino gutxiago daramatza Agurtzane Egiluzek (Gasteiz, 1997) gurpildun saskibaloian jokatzen. Tarte horretan asko lortu du. Zuzenak Gasteizko taldearekin Espainiako Ohorezko Mailan ari da, eta Tokioko Jokoetan diploma olinpikoa lortu berri du, Espainiako selekzioarekin zortzigarren postuan sailkatuta. Alta, ez da konformatzen. «Tokion emaitza hobea lortzea espero bagenuen ere, etxera itzulitakoan ohartu ginen txapelketa ona egin genuela». Zuzenak taldearekin mailari eustea da duen hurrengo erronketako bat. Beste erronka nagusia, neguan jokatuko den Europako Txapelketan datorren urteko Munduko Txapelketarako sailkatzea. Hori guztia, Paris 2024 burutik kendu gabe. «Tokioko jokoak amaitu bezain pronto Parisekoetan pentsatzen hasi ginen. Hiru urte ez dira horrenbeste».

Egiluzen lehendabiziko Jokoak ez ezik, Espainiako selekzioko jokalari guztien lehendabiziko parte hartzea ere izan zen. «Urduritasuna nabaritzen bada ere, disfrutatzen ikasten da». Olinpiar ziklo motzagoa izateak ez diela eragingo uste du, baina Tokiokoekin alderatuta, berarentzat, Parisekoak oso bestelakoak izango direla iritzi dio: «Pandemiari dagokionez, normaltasunerako bidean goazelako. Tokio aurreko hilabeteak presio eta tentsio handikoak izan ziren, eta alde horretatik, Parisko esperientziaz disfrutatzea errazagoa izango da. Dena den, nire lehen jokoak oso aberasgarriak izan dira».

Argi dauka helburua zein izango den. «Talde moduan hobetu eta emaitza hobeak lortu nahi genituzke Parisen. Domina bat ere nahiko nuke. Zergatik ez? Uste dut lanean buru-belarri jarraitzen badugu hurrengo Paralinpiar Jokoetan domina bat lortu dezakegula».

IÑIGO PEÑA Piraguista

«Modalitatea aldatzea erronka handia da»

Olinpiar Jokoak amaituta, piragua ukitu gabe hamar aste egin ditu Iñigo Peñak (Zumaia, Gipuzkoa, 1990). «Buruak eta gorputzak ohikoa baino atseden luzeagoa eskatzen zidan, azken bost urteak bizi-bizak izan direlako. Txapelketa garrantzitsu batean ostean, normalean, bost asteko oporraldia izaten dut». Orain, denboraldiaurreko bosgarren astean dago Zumaiako piraguista, eta bi hilabete eta erdiko etenaldiak bere fruitua izan du. «Piraguismoa eta piragua faltan botatzea nahi nuen, motibazioa berreskuratzea kosta egiten delako. Opor luzeak izan dira, baina lortu dut nahi nuena: indarrarekin eta gogotsu hasi naiz, eta hurrengo erronkei aurre egiteko prest». Lanean hastea «kosta» egin bada ere, badaki ezin dela «lokartu», ziklo olinpikoa «motza» baita: «Jokoan izango dut urte eta erdi barru Pariserako sailkatzea».

Hirugarren Olinpiar Jokoak lirateke Peñarentzat: Rion eta Tokion diploma olinpiko bana lortu zituen, K2 1.000 metroetako modalitatean, Paco Cubelosekin batera. «Tokiotik hiru hilabete pastua dira, baina sentsazioa orduko berbera da. Pena pixka batekin bukatu nuen. Baina denborarekin ulertzen duzu bi diploma olinpiko lortu izana ez dela edozer gauza».

Aldaketa «handiko» zikloa abian da Peñarentzat, eta ez bakarrik hiru urtekoa delako. K2 1.000 metroetako modalitatea desagertu egingo da Parisen, eta oraindik ez daki K2-500 metroetan norekin osatuko duen ontzia. «Modalitatea aldatzea erronka handia da: planifikazioa, entrenamenduak eta fisikoa aldatu beharko ditut. Plaza gutxiago dira, eta maila oso ona da».

Apirilean Espainiako Piraguismo Federazioak egingo dituen hautaketa probetan nazioarteko txapelketetan parte hartzeko postuak jokoan egongo dira.

Orduan jakingo dute priaguistek norekin osatuko duten bikotea edo taldea. «Ez dakit Pacok [Cubelos] K2-500 modalitatean aritzea nahiko duen, edo K1 1.000 metroko modalitatean proba egitea nahiago izango duen. Ez dugu piraguistok erabakitzen. Berarekin jarraitzen badut oso pozik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MANIX DIAZ DE RADA / REALA

«Futbolean, bizitzan bezala, ez gara linealak. Garai onak aprobetxatu egin behar dira»

Jon Ander De la Hoz

Realak «ondo eta konfiantzaz» abiatu du sasoiaren bigarren zatia, Mikel Oiartzabal jokalariaren ustez. Eibartarrak dio egindakoei ez zaiela erreparatu behar, eta lehia estua aurreikusi du ligan goialdean bukatzeko: «Partida denak dira garrantzitsuak».
Jokin Altuna, errematatzear, Danel Elezkano begira duela, atzo, Labriten. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Beste estutu bat eman diote

Julen Etxeberria

Altuna III.ak eta Martijak 22-13 irabazi diete Elezkano II.ari eta Zabaletari Iruñean, eta Peña II.ak eta Albisuk 22-14 hartu dituzte mendean Laso eta Imaz Markina-Xemeinen

Gaur jokatuko dute Osasunak, Realak, Athleticek eta Alavesek
Mendizale bat erreskateko helikopteroari begira, Belaguako aterpetxearen inguruan. ©JESUS DIGES / EFE

Mendia ez dago edonorentzat

Unai Ugartemendia

Urtea hasi zenetik bost mendizale hil dira Pirinioetan. Azken astean gehiago korapilatu da kontua, eguraldiak asko aldatu baitu elurraren egoera. Zuhurtzia eskatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.