Albistea entzun

Loueila Mint el-Mamy. Migratzaileen eskubideen aldeko abokatua

«Nazien kontzentrazio esparruak salatu genituen, baina XXI. mendekoak ez»

Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan jaioa, ondo ezagutzen ditu Espainiako Estatuko «lege arrazistak». Kanarietara heltzen diren migratzaileen erregularizazio kasuak hartzen ditu, herria «herriak baino» salba ezin dezakeela sinetsita.
MARISOL RAMIREZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maria Ortega Zubiate -

2022ko apirilak 1 - Bilbo

Bilboko Justizia Jauregiaren parean egin du hitzordua Loueila Mint el-Mamyk (Tinduf, Algeria, 1990). «Injustiziaren jauregia, hobeto esanda», gehitu du abokatu sahararrak. Izan ere, ondo ezagutzen ditu prozesu judizialak Mint el-Mamyk. Migratzaileak erregularizatzearen alde dabil lanean Kanaria uharteetan, azken 23 urteetan bere etxea izan den lurraldean, eta, esku artean milatik gora kasu izan eta gero, ondorioztatu du sistema judiziala «arrazista eta klasista» dela. Bilboko FeministAlde talde feministak gonbidatuta etorri da Euskal Herrira.

Lehen galdera derrigorra da, Espainiako Gobernuak jakinarazi baitu Marokoren alde egin duela Sahararen auzian. Zer eragin dizu erabakiak?

Ni ez nau harritu; ez da ezer berria, eta ez dut dezepziorik hartu. Espainiak kolonizatu egin gintuen, ez zuen deskolonizazio prozesurik martxan jarri, eta alde egin zuen, zitekeen erarik txarrenean, gainera: Marokori eman baitzion lurra, legez kontra. 46 urte daramatzagu hori jasaten: errefuxiatu kanpaleku batean edota lurralde okupatu eta inbaditu batean bizi gara. Denbora hori guztia daramate gure kontura merkataritza akordioak egiten, Marokori armak saltzen eta saharar herriaren baliabideak espoliatzeko akordioak egiten. Horri izena jarri baino ez dio egin Pedro Sanchezek. Okupatzailea eta kolonizatzailea babestu du beti Espainiak.

Ez da jarrera aldaketa bat izan, beraz?

Ez, ezta gutxiago ere. Oposizioan egon direnean, diskurtso oso argia izan dute saharar herriaren askatasunaren alde, baina, gobernura heltzen direnean, jarrera aldatzen dute, eta argi dago interes ekonomikoen alde egiten dutela. Hala ere, niri berdin zait Espainiak zer dioen: erabakia sahararrok hartuko dugu; geuri dagokigu erabaki hori. Bestalde, arreta jarri da orain, eta mediatikoa bihurtu da. Hori guretzat oso garrantzitsua da, gure gatazkak urteak baitaramatza isilpean.

Albiste ona dela diozu?

Bai, guztiz. Gizartea alde batera lerratzera bultza dezake erabaki horrek, eta hori oso positiboa da. Gainera, oso begi bistan geratu da nola tratatzen dituzten migratzaileak Europan; lehen mailakoak eta bigarren mailakoak daude. Ikusi dugu, Ukrainako gerrarekin, Espainiak badituela baliabideak migratzaileen egoera errazteko: nazioarteko behin-behineko babesak, erregularizazioak 24 orduren buruan, bizileku baimenak... Ostera, Afrikatik etorri direnei ez dizkiete baliabide horiek aplikatu. Ni pozten naiz ikusita Ukrainarekin zer egiten ari diren: oso polita da erantzuna. Baina neure buruari galdetzen diot: «Zergatik ez dute aurretik halakorik egin? Zein da gatazkak baloratzeko neurria?». Maskara kendu dute, eta ikusi dugu zertan dabiltzan.

Zenbaitek diote migratzaileen jarioa zaintzeko eman diola babesa Espainiak Marokori. Zer deritzozu horri?

Hipokrisia handia dago hemen. Marokok eskubideak urratzen ditu, baina Espainiari hori ez zaio axola; komeni zaio horrelako aliatu bat izatea migratzaileen jarioa kontrolatzen duen bitartean. Akordio horiek ez dira Espainiarekin eginak soilik: EB Europako Batasunarekin ere bai. Marokok giza eskubideak urratzen ditu hain justu EBk bere mugak kanpora ateratzen dituelako, eta Marokoren esku utzi.

2020an izan zen Kanaria uharteetako «migratzaileen krisia». Nola dago egoera han orain?

2019an ere areagotu ziren iritsierak, baina 2020an jo zuten goia. Uste dut klima larrialdiak, Afrikako herrialdeetako ekonomia suntsituek eta hango garapena oztopatze hutsak eraginda etorri zela jendea. Horri COVID-19aren krisia gehitu, eta boom hori gertatu zen. Urte hartan, 2.000 bizi baino gehiago galdu genituen itsasoan; 2021ean, 4.400 baino gehiago izan dira.

Heriotzak kontatzen jarraitzen dugu afrikarrei hegazkinez etortzeko aukera ukatzen diegulako. Izan ere, migratzaile bakoitzak 2.000-3.000 euro gasta ditzake era irregularrean sartzen ahalegintzearren, bere bizitza arriskatuz. Diru horrekin hegazkin mordoa hartu daitezke. Nola da posible, politika horiek migratzaileak erailtzen badituzte ere, arreta haiengan jartzea?

Arreta aipatu duzu. Migrazioaren gaia txarto tratatu da?

Egunkaria hartu edo telebista piztean, badirudi inbasio bat dagoela: hitz hori erabiltzen du eskuin muturrak. Baina, datuei begiratuta, Espainiako Estatuan irregularki sartzen diren migratzaileak %4 baino ez dira. Sekulako kriminalizazioa jasaten dute, eta horri aporofobia gehitzen zaio. Eskuin muturrak eta sozialistek urte askoan esan dute onartuko luketela jendea sar dadin, baina legezko bideetatik bada. Nik ez dut inor ezagutzen hegazkinez etorri nahi izan ez duenik. Nork nahi du Kanarietara joan eta bizitza arriskatu? Era erregularrean etorri nahi dute, baina EBk ez die aukera hori ematen.

Sistematikoa da, beraz?

Bai. Sistema horrela dago diseinatuta, datozenek hemengo egoera onartu dezaten: kriminalizazioa, tentsioa, ikusezintasuna eta beste. Kanarietara urtean 20.000 lagun heltzen dira. Pertsonak dira, eta gizatasunezko tratua jaso behar dute. Baina ez da horrela gertatzen. Sistematikoa da: heltzen direnean, jada ez dira Amina edo Ahmed; orain jada eskumuturrean duten papertxoak dio 100. pateran heldu direla eta orain 100. patera besterik ez dira. Hori izugarria da. Bigarren Mundu Gerrako nazien kontzentrazio esparruak salatu genituen, baina oraingoak, XXI. mendekoak, ez; Kanaria uharteetan dauden esparruak ez ditugu salatu. Estatuaren jarrera da: «Izorra zaitez. Era irregularrean sartu zara, eta konforma zaitez».

Jasandako baldintza penagarriak epaitegietan salatzean, gainera, epaitu behar dutenak ere zuriak dira; ez dute hori bizi. Horregatik, hartzen dituzten erabakiak guztiz ausazkoak dira; kasuak artxibatzen dituzte giza eskubideak argi urratu badira ere.

2020ko zenbait txostenek ohartarazi zuten Kanarietara heltzen ziren emakumeen artean sexu erasoak areagotzen ari zirela.

Gogoan dut emakume bat. Haren gorpua identifikatzera joan nintzen. Batzuetan hain dira itogarriak zure bizi baldintzak, ihes egin besterik ez duzu: genitalen mutilazioa, indarkeria sexuala, ezkontza behartuak... Ihes egitea erabakitzen duzu, eta, bidaia hasi arte, antolakunde kriminaletan milaka indarkeria sufritzen dituzu; eta, gero, ontzi batean bidaltzen zaituzte, hiltzeko arrisku bizian. Baina bizirik irauten baduzu ere, indarkeria askotariko horiek bere horretan diraute: ez duzu informaziorik, seme-alabekin bazatoz banandu egiten zaituztete, berriz biktimatizatuko zaituzte, eta, hori ez bada horrela, pentsatuko dute emakumeen salerosketan zabiltzala.

Horregatik, gizon batek migratzea erabakitzen duenean eta bizirik heltzen denean, mirari bat dela iruditzen zait, baina emakumezko batek lortzen duenean, are handiagoa da miraria. Begietara begiratuta ikusten duzu zer bizi izan duten.

Erregularizazioan lan egiten duzu zuk. Jardun zaila da?

Gaur egun, Espainiako Gobernuko Atzerritarren Sailak ez du uzten erregulartasuna erraz lortzen. Gutxienez hiru urtez egon behar dute egoera irregularrean, nazioarteko babes eskatzaileak ez badira. Bazterkeria erabatekoan pasatzen dute denbora hori, eta, hori bukatzean, agian beste lehentasun batzuk dituzte; baliteke aurrekari penalak izatea, etxebizitzarik ez dutenez ostu egin behar izan dutelako, edo jada ohitu direlako beltzean lan egitera. Ez dago aukerarik Afrikako edo Latinoamerikako pertsonak beste herrialde batzuetakoak bezala erregularizatzeko. Segurtasun juridikorik eza sortzen du; irizpide ezberdinen arabera epaitzen da jendea.

Lanik eta etxerik ez badute, guztiz menpeko dira, frustrazioak sortzen dira. Bilbon, esaterako, laurehun lagun daude kalean bizitzen. Horretara bultzatu dituzte, eta, gainera, esaten diete txintxoak izan behar dutela, gizarteratu egin behar dutela. Baina nola egingo dute hori horretara bultzatu badituzte? Jendea amildegira bultzatzen ari dira.

Salatu duzu legea ez dela berdina guztientzat. Arrazista da?

Atzerritarrentzako legea arrazista eta klasista da, zalantzarik barik. Nork idatzi du lege hori? Han ote geunden, ba, ni, edo Ahmed, edo Amina, lege horren oztopoen kaltetuok? Ez, gu ez geunden han. Nola ezarriko dituzte lege horiek pertsona zuri eta pribilegiatuek? Enpatikoak ez diren pertsonak baldin badaude legegintzan, errealitatea ezagutzen ez dutenak, ezin dituzte lege justuak onartu, milaka eta milioika pertsonaren bizitzan eragingo dutenak gero. Ez da posible legeak oso ondo bizi den gutxiengo batek onartzea baldintza penagarrietan bizi diren milioika laguni ezartzeko. Egongo dira ondo eginda dauden gauzak, bai, eta zirrikitu asko daude hortik sartu ahal izateko; baina oxala gainontzeko guztiak bezala atetik sartu ahalko bagina, eta ez zirrikituetatik, bizitza arriskatuz.

Migrazio politikek begirada feministagoa behar dute?

Nekropolitikak dira migrazio politikak. Azken urteetan, gero eta emakume migratzaile gehiago daude; haietako asko seme-alabek lagunduta datoz, edo haurdun. Ez bagara gai migrazio prozesuak ikuspegi gizatiar batetik aztertzeko, ez badago politikarik asilo eskaerak baimentzeko, bide txarretik goaz. Ez da errealista neurri horiek indarrean egotea errealitatea ezagutu barik; emakumeengana heldu behar da, zer gertatzen ari den ikusi. Beti hartu behar dira neurri humanitarioak, baina are gehiago genero ikuspegiarekin. Eta gehituko nuke haurren inguruko ikuspegia ere gehitu behar zaiela: ume asko etortzen dira amarekin.

Gizartearen erantzuna ere baztertzailea izan da?

Gizateriarengan konfiantza dut, eta herriak salbatzen du herria. Kanarietan ikusi dut nola jendeak etxean hartu dituen migratzaileak; orain ere ikusi dut Espainiako Gobernuak Sahararen inguruan hartutako erabakiari zer-nola erantzun dion herriak. Ez dut uste agintariek ezer aldatuko dutenik, baina gure esku dago presio egitea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Esteron ibaiaren ibarreko tarte lehortu bat, Niza hiritik gertu (Okzitania), uztailaren amaieran. ©SEBASTIEN NOGIER / EFE

Europan azken bostehun urteetako lehorterik handiena espero dute

Gorka Berasategi Otamendi

Kontinentearen erdialdeko eta mendebaldeko estatuak ezohiko bero boladak eta lehorteak ari dira pairatzen, klima larrialdiagatik. Suteek berotegi gas asko isuri dute zenbait herrialdetan

Salman Rushdie idazlea, 2019ko azaroaren 11n, Berlinen. ©HAYOUNG JEON / EFE
Monusco Nazio Batuen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren kontrako protestetan hildako herritar baten hileta, aurreko astean. ©STR / EFE

Odolak mendekua nahi du

Oskar Epelde Juldain

Egunotan dozenaka lagun hil dira NBEren Kongorako misioaren kontrako protestetan. Milizianoen erasoen aurrean ezer ez egitea egozten diete kasko urdinei.

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX, EFE

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Gorka Berasategi Otamendi

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...