Albistea entzun

Mendia

Erakargarritasuna galdu dute

Azken urteetan asko aldatu dira zortzimilakoetara joateko Euskal Herrian antolatzen diren espedizioak. 1990eko hamarkadan eta ondorengo urteetan gorakada izan zuten, baina orain jaitsiera geraezina izaten ari dira. Arrazoiez hausnartu dute Iker Madoz eta Edurne Pasaban alpinistek.
Ezker, Iker Madoz. Eskuin, Edurne Pasaban, Annapurnan, 2010ean.
Ezker, Iker Madoz. Eskuin, Edurne Pasaban, Annapurnan, 2010ean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko apirilak 19

Edurne Pasabanek (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) 2011n egin zuen azkeneko espedizioa zortzimilako batera. Hainbat urtez Pakistango eta Nepalgo gailurrik altuenak zapaldu ondoren, tolosarra 2010eko maiatzaren 17an igo zen azkeneko zortzimilakora. Hamalau zortzimilakoen zerrenda osatu ondoren, Everestera (Nepal, Himalaia, 8.848 metro) joan zen, oxigenorik gabe igotzeko asmoz. «Gauzak ez ziren denok espero bezala atera, eta, geroztik, beste behin bakarrik itzuli naiz Himalaiara. 2018an izan zen, eta hango lau emakumerekin Saipal mendira [Nepal, Himalaia, 7.031 metro] igotzea zen erronka nagusia». Ez zuen zapaldu gailurra, baina ez zen hori helburua, hango emakumeek gizartean pairatzen duten ezberdintasuna bistaratzea baizik.

Iker Madoz alpinista gazteak (Iruñea, 1993) zortzi urte besterik ez zituen Pasaban lehen aldiz zortzimilako batera igo zenean: Everestera, 2001ean. Belaunaldi berrietako alpinistarik esanguratsuena da Madoz, baina bitan besterik ez da egon Himalaian eta Pakistanen. «Indian ere egon naiz. 2018an joan nintzen Pakistanera aurrenekoz, Gasherbrum IVra [Pakistan, Karakorum, 7.925 metro] igotzeko asmoarekin, baina ez genuen gauza handirik egin. Oriol Barorekin, Roger Cararachekin eta Marc Torallesekin joan nintzen. Eskaladako bidaia bat izan zen espedizio bidaia bat baino gehiago. Bi seimilakotara igo ginen, behintzat».

Pakistanen izandako estreinako hark jarraipena izan zuen iaz. Espainiako alpinismo selekzioarekin joan zen Dorje Lhakpa mendira (Nepal, Himalaia, 6.966 metro), eta gailurra zapaldu zuen Mikel Zabalzarekin eta Mikel Inorizarekin batera. Bide berri bat ireki zuten hegoaldeko aurpegitik, eta estilo alpinoan egin zuten igoera: «Ez ginen altuera bila joan, eskaladako bide berrien bila baizik».

Lehen traba, dirua

Euskal Herrian zortzimilakoek azken urteetan izan duten bilakaeraren bi aurpegi dira Pasaban eta Madoz. Lehenak urterik onenak harrapatu zituen; bigarrenak, berriz, goi mendien masifikazioa ezagutu du. Baina badira arrazoi gehiago Himalaiako eta Karakorumeko mendirik altuenetara ez joateko: dirua da horietako bat. «Iaz, Dorje Lhapkan egon nintzenean, Shisha Pangma genuen aurrez aurre (Txina, Himalaia, 8.013 metro). Han geundela, askotan komentatzen genuen agian noizbait hara joateko ahalegina egin genezakeela. Inoiz ez dut aukerarik izan zortzimilako batera joateko. Halere, dirua da hara joateko atzera botatzen nauen arrazoi nagusia. Izugarrizko aurrekontua behar da, eta jende guztiak egiten dituen gauzak egiteko ere ez daukat inolako beharrik».

Pasabanek ere ederki daki espedizio batera joateko zenbateko dirutza bildu behar den. Hogei urteko kirol ibilbidean, hogei espedizio baino gehiago egin zituen Himalaiako eta Karakorumeko mendikateetan: «Orduan ere arazorik handiena dirua izaten zen. Halere, edozer gauza egiteko gai izaten ginen bizitza eta espedizioak aurrera ateratzeko. Ekintza asko egiten genituen dirua biltzeko. Orduan, Gipuzkoako herri gehienetan antolatzen ziren espedizioak, eta herriak bere egiten zuen espedizioa. Errifak ateratzen bagenituen, denek erosten zituzten, eta festetan ere txosnak jartzen zirenean, denak handik pasatzen ziren. Guk, esaterako, lehen espedizioa finantzatzeko Tolosako inauterietan txosna bat jarri genuen. Txosna hark finantzatu zuen oso-osorik espedizio hura».

Alderaketak ere izan dira hizpide bi alpinisten artean, eta, horien artean, azken urteetan espedizioek duten kostu handia. Pasabanek hartu du hitza: «Gure garaietan, buruko 8.000 eurorekin joan gintezkeen, baina, gaur egun, espedizio komertzial batean bakarrik joanda 35.000 euro ordaintzen dituzte Everestera joateko». Madoz bera buru-belarri sartuta dago urrian Zabalzarekin, Ekaitz Maizekin, eta Inorizarekin Jannu mendira (Nepal, Himalaia, 7.710 metro) egingo duen espedizioan. Horretan ere, aurrekontua da buruhausterik handiena: «Ez da zortzimilako bat, baina hara joateko aurrekontu oso handia behar da. Gutxi gorabehera 40.000 euro dira; beraz, pentsa zortzimilako batera joateko».

Madozek aitortu du dirulaguntzak eskatzen hasiak direla espedizioa osatzeko. Haiek lortu ezean, oso zaila izango dute espedizioa osatzea. Baina lehen dirulaguntza eskuratu dute. Azpeitiko Udalak urtero ematen duen Joxe Urbieta Takolo beka izango dute laguntza espedizioa osatzeko: «Gure belaunaldiko alpinistok espedizio batera joaten garenean ez diogu mendiaren altuerari garrantzia ematen. Zortzimilakoetara joanez gero, badakizu zer dagoen: lehenik, dirutza bat bildu beharko duzu bidaia hasteko».

Joera aldaketa

Baina ez da diru falta euskal alpinista gazteek aipatzen duten arrazoi bakarra zortzimilakoetarako jauzia ez egiteko: «Iruditzen zait zortzimilakoen moda pasatu dela, gehienbat euskaldunontzat. Gaur egungo munduko alpinistarik onenak seimilakoetan eta zazpimilakoetan ibiltzen dira gehiago. Zailtasuna eta abiadura bilatzen dute. Horietako mendi asko oraindik igo gabeak dira, eta haietara joateko apustua egiten ari dira», argitu du Madozek.

Pasaban ere jakitun dago zortzimilakoen historian haren belaunaldiko alpinistek izan zituztela urterik onenak. Babesleeek eta erakunde publikoek haien aldeko apustu garbia egin zuten urte askotan; hala, hamalau zortzimilakoak osatu dituztenen zerrenda nagusian hiru euskal alpinista daude: Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi eta Pasaban bera. «Joerak asko aldatu dira Himalaian. Guretzat oso tentagarria zen Pakistanera edo Himalaiara joatea. Oraindik ere hango mendi askotara inoiz igo gabeak ziren euskaldun asko. Gaur egun, berriz, beste norabide bat hartu du alpinismoak», azaldu du Pasabanek.

Azken urteetan Himalaiako mendiak sufritzen ari diren masifikazioaren gaia ere atera dute biek. Madozek argi du: «Ez nintzen inoiz Everest mendira bide arruntetik joango. Alpinista berrien belaunaldiari gauza teknikoagoak eta zailtasun handiagokoak gustatzen zaizkigu. Gu baino gazteagoak direnak oso ondo prestatuta daude, eta izugarrizko maila teknikoa dute. Halere, beti izan dira alpinistak bide berrietan eta estilo alpinoan ibili direnak». Iritzi bera du Pasabanek: «Egungo alpinistak gu baino askoz hobeto prestatuta daude, zalantzarik gabe. Gazteek ez dute zortzimilakoetara joateko grinarik».

Pasabanek, halaber, belaunaldien arteko transmisioaren falta sumatzen du. 1979an Afganistanera Shakhaur mendira (Hindu Kush, 7.116 metro) igotzera joan ziren haiengandik jaso zuen tolosarrak alpinismoarekiko transmisioa, baina, aldi berean, aitortu du ondorengo gazteekin ez duela transmisio hori izan: «Niri ez zait inor etorri informazio bila zortzimilako batera joateko. Aurreko astean, gimnasioan nengoela, gizon batek esan zidan Everestera zihoala. Nik uste nuen oinarrizko kanpalekura joateko asmoa zuela, baina ez, gailurrera joateaz ari zen. Hori pentsaezina zen orain dela hogei urte».

Askok diote azken urteetan belaunaldi berriko alpinisten norabideak aldatu egin direla. Gaur egungo alpinista asko eskaladaren mundutik datoz, eta urte askotako prestakuntza baten ondorioz amaitu dute goi mendietan. Gehienek zailtasuna, abiadura eta teknika lehenetsi dituzte altueraren gainetik, eta ez dute mendirik altuenen beharrik izan haien kirol ibilbidea aurrera eramateko. Madoz da horietako bat: «Inoiz ez dut baztertu zortzimilako batera joatea, baina ikusi egin beharko nuke norekin joan. Beti eman diot garrantzia lagunekin joateari. Denbora asko pasatzen da horrelako espedizioetan, eta ezinbestekoa da ondokoarengan konfiantza izatea. Ez dakit zer egingo nukeen Jannura joan beharrean Shisha Pangmara joateko aukera banu».

Udaberriko lehen espedizioak Himalaian eta Pakistanen lanean hasiak dira, baina ez da euskal alpinistarik izango. Azken hamarkadetan ohikoak izan dira euskal herritarrak oinarrizko kanpalekuetan. Ez dadila haria eten goi mendietako espedizioetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yves Lampaert. ©BERRIA

Ustekabekoa eman du Lampaertek

Beñat Mujika Telleria

Erlojupekoa irabazteko faborito guztiei hartu die aurre. Van Aert izan da bigarren eta Pogacar hirugarren

Arraun Lagunak eta Orio lehia betean iaz, Zarauzko estropadan, Euskotren ligan. ©JON URBE / FOKU

Kartak ezkutatu ezinda

Aitor Manterola Garate

Bihar hasiko da Euskotren ligaren hamalaugarren aldia, Bilbon, eta, ohi bezala, lau talde ariko dira. Aurtengo berrikuntza Tolosaldea da, Hondarribiaren lekua hartuko baitu debutanteak. Beste hirurak ezagun zaharrak dira: Arraun Lagunak aurreko urteko garailea, Orio bigarren sailkatua eta Donostiarra. Lehen biak dira irabazteko hautagai handiak. Hamalau estropada izango dituzte.
Uriarte eta Valverde. ©M. DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...