Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

'Happy Ending'

2016ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Literatur lanen Hollywoodeko egokitzapenek, baita eskasenek ere, badute literatur garbizaleen betiereko infernuan kiskaltzetik salbatuko dituen zerbait: kasuan kasuko literatur lana berreskuratzeko aukera eskaintzen digute eta, obra aspaldikoa bada, azter dezakegu, gainera, zergatik iruditu zaion halako masa-industria bati lan zehatz hori e(ra)kartzeko modukoa orain. Halaxe gertatu zait niri Patricia Highsmithen Carol-ekin, filma estreinatuta izan dudala estreina haren berri. Ezer esaten hasi aurretik esan dezadan eleberria irakurri dudala, bai, baina filma oraindik ikusi ez.

1952an kaleratu zuen misterioaren idazle aizto-zorrotzak nobela hori, ezizenez sinatua (Claire Morgan) eta bestelako izenburuz (The Price of Salt). Bi emakumeren arteko amodio-istorioa kontatzen du-eta, horrexegatik ezkutatu ei zen Highsmith, ez zezaten lesbianen idazletzat ez idazle lesbianatzat har, eta, ondorioz, mespretxa. Izan ere, bi urte lehenago argitaratua zuen Highsmithek bere opera prima, Strangers on a Train ezaguna, eta sekulako arrakasta bildu, eta aztarna luzea uzten hasi, AEBetako polizia-telesailek oraindik ere sarri erabiltzen duten argudioa asmatuta (krimen perfektua: erailketak trukatzea).

Eleberri kamuflatua plazaratu eta hogeita hamar urte luzera, bere izen-abizenez berrargitaratu zuen Highsmithek liburua, eta beste titulu bat jarri. Osterantzean, testua ez zen askorik aldatu (nik dakidala, ez zen batere aldatu); hala ere, hitzoste benetan jakingarri bat erantsi zion autoreak. 1952ko argitalpenari buruzkoak aipatzen ditu, eta, nagusiki, eleberriaren alderdi bat azpimarratzen, hots, ondo amaitzen dela: oztopoak oztopo, hala bazan ala ez bazan, elkarrekin geratzen direla Carol eta Therese protagonistak.

Ezin esan gaur egun izugarri ohikoa denik halako happy ending-ik topatzea eleberri, film, komiki eta, motzean esanda, kultur adierazpenetan, baldin eta horietako protagonista badira emakumeak atsegin dituzten emakumeak, gizonak atsegin dituzten gizonak eta, motzean esanda, bestelako orotariko desbideratuak (hasteko eta behin, halako jendeak agertzen diren lan publiko-guztientzakoak ugaritu beharko lirateke eta halako jendearen agerpen hutsak utzi beharko lioke izateari dena delako lanaren muin funtsezko eta bakar). Edonola den, Highsmithek dioenez, 1950eko hamarkadan are urriagoak ziren gisako amaiera zoriontsuak, puskaz urriagoak. Gehien-gehienetan, tragikoak behar zuten halako jendailen patuek, eta, Highsmithen beraren hitzetan, «pertsonaia nagusietako batek, eta sarritan biek, zainak ebaki behar zituen edo beren kabuz ito etxalde eder bateko igerilekuan». Bide batez, Highsmithek dio gizonak zirela protagonista gehien-gehienetan, eta derrigorrezko tragediari buruzko hipotesi bat jaurtitzen du: «Pertsonaia nagusietako batek deskubritu behar zuen bere ohiturak okerrak zirela eta zoritxarra ekarriko ziotela, eta etsi egin behar zuen, hartara... zer? Hartara liburua argitara zedin? Editoreak ziur jakin zezan inork ez zizkiola muturrak berotuko homosexualtasuna defendatzeagatik? Badirudi gazteei ohartarazi behar zitzaiela sexu bereko jendearenganako erakarmenaren arriskuez, gaur egun drogen arriskuaz ohartarazten zaien moduan. Amaiera aldatzeko eskatzen ote zieten sasoi hartako idazleei? Liburuetako batzuk irakurrita, halaxe dirudi».

Editoreak eta moral hertsiaren zaindari ilunak igual ez, baina jendea bazebilen amaiera zoriontsuen egarri. Eleberria kaleratu eta berehala gutunak iristen hasi zitzaizkion Highsmithi, dozenaka. Gutxi-asko, denek azaltzen zizkioten antzekoak, eta denek errepikatzen gauza bera: eskerrik asko. Eskerrik asko elkar maite duten sexu bereko bi pertsonari buruz idazteagatik, eskerrik asko haiek bizirik eta pozik iraunarazteagatik, eskerrik asko itxaropen-izpiagatik.

Ez dut ausaz hautatu zutabe honen izenburua eta ez dut ausaz ipini ingelesez, anglofilia-sukar gero eta hedatuagoak jota-edo. Topiko bat dugu honezkero happy ending-a, eta hitzez hitz amaiera zoriontsu esan nahi badu ere, hala kristalizatuta, esanahiak badakar ñabarduratxoren bat erantsia: amaiera zoriontsu zozo eta aurreikusgarriez ari garenean erabiltzen dugu batez ere; badu halako gutxiespenezko konnotazio bat-edo, bukaera biribil eta zorionekoa bat ez baletor bezala bizitzaren latzarekin.

Derrigorrean tragikoki amaitu behar duen jendeaz jardun nintzen orain hiru aste, eta horrexeri berari tiraka iritsi naiz amaiera zoriontsuetara. Literatura, errealitatearen berri emateko toki ez ezik, hots, gertatu gertatzen diren gauzen berri emateko leku ez ezik, bada, era berean, errealitatearen esparrua zabaltzeko gune ere, eta funtzio hori benetan da garrantzitsua, ez dezagun sinets gauzak horrela izan direnik beti, gauzek horrela izan behar dutenik betiko, eta segi dezagun bestelako munduak irudikatzen. Irudika eta mami dezagun, adibidez, desbideratuok pozik bizi gaitezkeela, ondo desbideratuta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.