Albistea entzun

Glaziarren eboluzioaren eta bide berrien bila

Esplorazio zientifikoa eta alpinismoa uztartuz euskal espedizio bat lanean ari da duela astebetetik Suaren Lurraldean, Darwin mendikatean. 'Into the ice' (Izotzerantz) da proiektuaren izena.
Darwin mendilerroaren irudia.
Darwin mendilerroaren irudia. ANDREW OPIL Tamaina handiagoan ikusi

Jon Artano Izeta -

2022ko martxoak 29 - Puerto Williams (Txile)

Beagle kanalaren aurrera egin ahala, paisaia are izugarriagoa da: betiereko elur estalki itsugarriak jantzitako mendi bizkarrezurra dugu iparraldean. Magaletan nonahitik ageri dira berealdiko izoztegiak, zeinak uretaraino heltzen baitira. Ezin irudikatu da ezer ederragorik izoztegi horien kolore azula baino, batik bat gainaldetan duten elurraren zuri matearekiko kontraste estrainioagatik». 1833ko urtarrilaren 29a zen egunerokoan hitzok idatzi zituenean. 23 urteko naturalista gaztetxo bat zen orduan Charles Darwin.

23 urteko Geografia ikasle gaztetxo bat izateko hiru hilabete zituen eskas Eñaut Izagirrek (Elgoibar, 1990) Darwinek deskribatutako lurralde hori begiz jo zuenean estreinakoz. «2013ko abuztua zen, lehenengo aldia nuen Txile hegoaldean. Magallaes itsasartean eguraldi itzela izan genuen, ez zait sekula ahaztuko Sarmiento mendiaren irudia... Orduan hasi nintzen Patagoniako glaziarrak aztertzen. Aurreneko espedizioa izan nuen Darwin mendikatean, eta, ordutik, dozena erdi bat aldiz izan naiz han landa lanean». Glaziologoa da Izagirre gaur egun, eta EHUn aritzen da irakasle. Bulegoko kide du Ibai Rico (Gasteiz, 1980). Irakaslea da hura ere, jakina, eta, Izagirreren moduan, mendizaletasunak eraman zuen glaziologiara: «Mendiek esateko dutena entzuten dugu gure lanaren bidez. Hori esan ohi dugu, eta hori sinesten dugu». Rico mendi gidaria ere bada, eta munduko hamaika lekutan aritu da izotz-ibaietan lanean: Nepalen, Alaskan, Perun... Doktorego tesian Pirinioetako glaziarrak aztertu zituen.

2016an Incognita Patagonia espedizioan urratutako bidetik planteatu dute oraingo proiektu hau ere Izagirrek eta Ricok. Mendigunera eraman dituen Polaris Kotik belaontzian elur-laginak hartzeko zundak, probetak, iragazkiak, termometroak eta abar daramatzate batetik; piolet, kranpoi, soka, friend eta abarrak bestetik. «Ikerketa egingo dugu, baina ez da ikerketa arrunt bat izango; esplorazioa ere bada kasu honetan», azaldu du elgoibartarrak: «Baldintza logistiko eta klimatiko oso konplikatutan arituko garelako. Besteak beste, izotz-masa horrek duen klima-sentikortasuna ezagutu nahi dut. Alegia: tenperatura igoerak glaziarren uzkurtzeaz gain, goi-eremuetako elur-pilaketan eraginik izan ote duen behatzea. Darwineko mendilerroan ikerketa zientifiko gutxi egin dira, Ricok zehaztu duenez. «Glaziar mihien atzeratzea neurtu izan dute, baina pilatze eremuetako prezipitazioei buruzko daturik ez du, adibidez, inork inoiz jaso», nabarmendu du.

Ekaitzen, eta kutsaduraren, sorlekuaz

Lan zientifikoaren zati bat Roncagli glaziarraren goi-ordekan egin asmo dute. Batetik, elur metatzea kalkulatzeko zuloak egingo dituzte, eta iazko negutik (hego hemisferioan, udazkenean sartu berri dira) orain arte pilatutako geruzen dentsitatea neurtuko dute. «Elur laginak hartuko ditugu isotopo eta karbono beltza bilatzeko. Isotopoak aztertuz elur prezipitazio horren jatorria kalkulatu daiteke; alegia, gerora elur forman jausi den ur hori ozeanoko zein eremutan lurrundu den. Karbono beltza, berriz, poluzio seinalea da. Partikula horiek dauden edo ez jakin nahi dugu eta, topatuz gero, beren sorburua eta izotzaren fusioan duten eragina ikertuko dugu».

Erloju-bonbak izotz artean

Glaziarrek klima-larrialdian nola jokatzen duten ulertzeko alea jarriko du ikerketak, baita etorkizunean gertatu litekeenari igartzeko ere. «Patagoniako glaziarren %90 atzeraka ari dira, eta lakuak sortu dira izotz-kontratan. Laku horiek askotarikoak izan daitezke, eta, zenbaitetan, bat-bateko hustuketak eragiten dituzte milioika metro kubikoko uhaldiak eraginez. Horrek, jakina, parean aurkitzen duena suntsi dezake; erloju-bonbak izan daitezke» ohartarazi du Ricok. Izagirrek osatu du esplikazioa: «Fenomeno horien ezaugarriak aztertzea oso inportantea da, Suaren Lurraldean bertan ez baina, munduko hamaika lekutan bizi delako jendea ibar glaziarren behe arroetan».

Pasioa dario Izagirreri bere jardunaz aritzean: «Glaziologo batentzat pribilegio bat da Suaren Lurraldean lan egin ahal izatea. Ukitu gabeko laborategi bat bezalakoa da hau. Pirinioetako glaziar batek, konparazio batera, eguneko hiruzpalau zentimetroko mugimendua izan ohi du udan; hemengo glaziar batzuek 15-20 metro egin ditzakete egun bakarrean… dena da, dimentsioz, ikusgarriagoa: Marinelli glaziarrak, Suaren Lurraldeko handienak, 350 m egin du atzera, urtero, 80ko hamarkadatik». Magallanesgo Unibertsitatearekin lankidetzan arituko dira, eta Camilo Rada ikerlaria izango dute kolaboratzaile. Eguraldi iragarpenak ere berak bidaliko dizkie.

Gutxik igotako tontorrak

Munduaren amaierako errepidea esaten diote. Txileko armada 140 km luzeko bidea eraikitzen ari da Suaren Lurraldeko irla handia Beagle kanalarekin lotzeko. Urte gutxiren buruan 2026rako bidea amaituta izatea aurreikusten dute atzera-bueltarik gabeko aldaketa ekarriko dio horrek Darwin mendiguneari. Gaur-gaurkoz itsasoz baino ezin da hara iritsi.

Shipton mendia da garaiena (2.568 m), baina 2.200 metrotik gorako beste punta dezente ditu mendilerroak, mendebaldetik ekialdera: Sarmiento, Cerro Ona, Luna, Darwin, Roncagli, Bove, eta Frances, besteak beste. Bada, horien artean, oraindik igoerarik ez duen puntarik. Kokagunea da, noski, arrazoietako bat: «Mendizale gutxi ibili dira han, baina ibili direnak ez dira edozein» kontatu du Ricok. Britaniarrak, italiarrak eta estatubatuarrak aritu izan dira, Eric Shipton mendigoizale ingelesak igo zituen lehenengoz punta horietako batzuk. Lehen zeharkaldi integrala Frantziar Armadako goi-mendi taldeko sei kidek osatu zuten 2011n. 35 egunetarako jana zeramaten, eta 30 egun behar izan zituzten; 22tan izan zuten eguraldi iluna 150 km orduko haize boladak eta zeropetik 25 gradura arteko tenperaturak.

Kontinenteko hego muturrean dago, eta halakoxea da hango eguratsa. «Garbi esanda: munduko eguraldirik makurrena egiten du paraje horretan», ebatzi du Ricok. Mendebaldeko haizeak ez du errukirik. Alberto de Agostinik, XX. mende hasieran Darwin mendilerroa esploratu zuen misiolari italiarrak, bazekien hango berri: «300 egunez ekaitza; gainerako 65etan giro petrala». Zehatz esatera urtean, batez beste, 315 egunetan botatzen du euria, kazkabarra, edo elurra, sarri askotan erauntsian.

Kakahuete festa

Jose Carlos Tamayo da inguru haietan ibilitako lehen euskal mendizalea. 1991n Bove mendiko gailurrera iritsi zen Al filo de lo Imposible telebista saioko taldearekin. Historiako bigarren igoera izan zen. Tamayo bera, Mikel Zabaltza eta Iñaki San Vicenterekin itzuli zen mendigunera 2004an. Sarmiento mendia zuten begiz joa. Eguraldiak zirrikiturik uzten ez zien arren, egunak amaitzen ari zitzaizkiela eta, hormaren oinarriko kanpalekura igo ziren, «probatzera». Honatx Zabaltzaren kronika, berak idatzi bezala: «Hiruzpalau egunetarako jakiak eraman genituen. Azkenean, astebete egon ginen, eta zorrotz jokatu behar izan genuen. Eguerditan Tamayo komandanteak launa kakahuete ematen zizkigun, eta birziklatutako infusio bat, azukrerik gabe. 7.000 metrotan urdaila itxi ohi zaigu, eta ez da goserik izaten... baina 1.000 metrotan geunden, jango genukeen zezena adar eta guzti!».

Jon Inoriza (Gasteiz, 1999) tipo irribera da, eta eguraldiarena «filosofiaz» hartu behar dutela dio. «Zabaltzak berak esan dit seguru asko hotza pasatuko dugula». Duela hiru aste Espainiako Mendizale Federazioko teknifikazio talderako hautatu dute Inoriza eta irakasle izango du Zabaltza datozen hiru urteetan. «Zazpi lagun aukeratu gaituzte», azaldu du, «eta lau euskaldunak gara». Aurreko txandan bere anaia nagusia, Mikel, trebatu zen talde horretan. «Zer pentsatu nuen Into the Ice espediziora batzea proposatu zidatenean? Bua, buruz egin nuen salto!». Jakitun da baldintza zailak izango dituztela mendian, «Ahal duguna egingo dugu, baina ez da samurra izango. Dena den, niretzat oparia da hemen egotea».

Hain gutxi esploratutako mendigunea izaki zaila da gailurretarako bideez informazioa eskuratzea. «Baldintzen arabera», erabakiko dituzte helburuak: «Igoerarik gabeko mendiak, edo bide berriak irekitzea lehenetsiz».

Ikus-entzunezkoa egingo dute

«Berez Nepalen behar nuen egun hauetan», hasi da, barrez uzkalka, Andrew Opila (New York, AEB, 1991). Taldera batzen azkena izan da bera, «adiskide batzuekin oporretara joateko plana egina nuen, eta hegazkin txartela erostear nintzela, zergatik ez dakit oso ondo, baina biharamunerako uztea erabaki nuen. Goizean jaiki eta Facebooken Ibairen mezu bat nuen». Ibai Rico eta biek 2018an ezagutu zuen elkar Alaskan, Izotz eremuen ikerketan trebatzeko programa batean. Gidari zen Rico eta ikasle Opila. «Mezua ez zen oso luzea: Patagoniara goaz espedizio batean, eta kameraria behar dugu, etorri nahi al duzu? Di-da hartu nuen erabakia, maite ditut azken orduko ziabogak». Argazkilaria eta bideogilea da Opila, eta mundu osoan aritu da lanean, «iragan azaroan Beagle kanalean nintzen, gure amarekin Antartikara egin nuen bidaia batetik bueltan». Betidanik egin izan du lan irudiekin, hasieran marketin alorrean; gero, baina, «diru gutxiago baina poz handiagoa» ematen dioten lanak aukeratzea erabaki zuen: «Nola edo ahala gizateria hobetzen lagundu dezaketen istorioak kontatzea nahi dut. Zerbait irakats dezaketen istorioak. Eta iruditzen zait proiektu honek baduela gaia horretarako. Badago egia bat hemen, eta kontatu behar duzuna egiazkoa denean, dena da errazagoa».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Euskal selekzioak partida bat jokatuko du abenduaren 20an, Txileren aurka

Euskal selekzioak partida bat jokatuko du abenduaren 20an, Txileren aurka

Ainara Arratibel Gascon

Mendizorrotzan jokatuko da partida, 19:00etan, eta Juanjo Arregi izango da selekzioaren hautatzaile berria. Irene Paredes, Maite Oroz, Nahikari Garcia eta Damaris Egurrola ezingo dira bertan egon, euren taldeekin Txapeldunen Ligako partidak dituztelako.

Qatarko emakumeen futbol selekzioko irudi bat. Hamabost partida ofizial baino ezin izan dituzte jokatu. ©BERRIA

Jokatu bai, baina lehiatu ez

Ainara Arratibel Gascon

Qatarko emakumeen futbol selekzioak 2015etik darama partida ofizialik jokatu gabe. Bost urteko ibilbidea baino ez zuen egin. Nerabezarotik aurrera, emakumeek zail dute futbolean aurrera egitea.
 ©BERRIA

Lehen dantzaldian bikain ari dira

Iñaki Berastegi

Munduko Kopa erakusleiho aparta da hain ezagunak ez diren jokalarientzat. Gazte ugari nabarmentzen ari dira txapelketan.
Walid Regragui, Marokoko selekzioko entrenatzailea, garaipena jokalariekin ospatzen. ©FRIEDEMANN VOGEL / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...