Nafarroako XIII. Komiki Azoka, «frikien artean frikienak»

Gaur hasiko da Nafarroako XIII. Komiki Azoka, eta, urriaren 2ra bitarte, hogei artistak baino gehiagok hartuko dute parte. Aurtengo ardatzetako bat manga izanen da

Nafarroako XIII. Komiki Azokaren erakusketa bat, Iruñeko Kondestablearen jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Déjà vu sentsazioa duela onartu du Alberto Rodriguez Nafarroako Komiki Azokako zuzendaritzako kideak. «Sei urte daramatzagu zuzendaritzan eta beti nahasten dira sentsazioak: erokeria, presa, gogoa». Izan ere, bada zer sentitu: gaurtik aitzinera, azokaren XIII. aldiak ateak irekiko ditu urriaren 2ra bitarte, eta manga eta japoniar kultura programazioaren ardatzetako bat izanen dira aurten. «Orain arte, azoka ez zen Japoniako kulturara hurbildu, eta publiko berri bat nahi genuen erakarri. Ulertzen dugu digitalizazioak asko lagundu duela arlo honetan, eta omenaldia egin nahi diegu manga irakurtzen duten belaunaldiei», adierazi du.

Zehazki, hiru erakusketa atonduko dira gaiaren inguruan: batetik, Katsuhiro Otomoren Akira manga klasikoari omenaldi bat eginen diote Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako ikasleek, argitalpenaren 40. urteurrenean; bertzalde, Odaiba manga eta japoniar kulturan espezializatutako nafar argitaletxeak atonduko du beste erakusketa bat; eta, azkenik, Mone Sakihara ilustratzaile japoniarrak shunga estilora eramanen du ikuslea. Urte anitzetan, Japoniako arte erotiko hori debekatuta egon zen, eta pieza batzuk berrinterpretatu ditu orain Sakiharak.

Horietatik harago, baina, komikia bere osotasunean sustatuko du jaialdiak hilabete osoz. Euskal Herriko eta nazioarteko komikilariek Iruñean, Lizarran eta Azagran izanen dituzte topaguneak, hainbat erakusketa, solasaldi eta tailerren bidez.

Tokiko 'bunbuiloak'

Antolatzaileen esanetan, kultura japoniarrari leku egitearekin bat,tokiko ekoizpena jarriko dute erdigunean. Pedro Oses eta Javier Mina Iruñeko marrazkilariek, errate baterako, 1980 eta 2000 bitartean Habeko Mik aldizkarian sorturiko bederatzi istorioak berreskuratu dituzte, Nongogoa... izenpean. Horrez gain, omenaldia eginen diote Secuestro en las Bardenas obrari, Nafarroako komikiaren klasiko hori argitaratu zeneko 30. urteurrenean, Ernesto Murillo, Simonides, eta Javier Murillo, Matxas, anaien eskutik.

Patxi Huarte, Zaldieroa, BERRIAko marrazkilariaren komiki zintak ere azalduko dira erakusketa batean, eta bere sorkuntzarik berrienetako batzuk ere izanen dira ikusgai. Halaber, Josune Urrutiak Bilboko artistak sorturiko Hoy no es el día komikian oinarritutako erakusketa ikusi ahalko dute bisitariek: sei piezaz osatu du, minbizia izan duten sei emakumeren bizipenak oinarri hartuta.

Azkenik, Zart! aldizkariaren laugarren zenbakia atera dute: 22 artistak parte hartu dute prozesuan, Itzala besarkatu gaia irudikatzen saiatuz.

Beste estilo batzuekin batera, manga gaztetatik irakurtzen duela aipatu du Rodriguezek, baina sumatzen du gero eta gehiago adarkatzen dela komikia generoetan. «Gaur egungo ekoizpenak harridura eta nahasketa sor dezake». Begi onez ikusten ditu berrikuntzak, hala ere. «Industria oso batek bere hiztegi propioa du, eta komikigintzarena gero eta espezifikoagoa da». Mundu bat da, baina haien modura moldatzea lortu dutena. «Iruñea bezalako espazio txiki batean, hilabete bateko iraupena oso ona da. Ez dago interes komertzialik, baina bai sormen askatasun handia; frikien artean frikienak topatzen gara».

Tiza elkarteak babesten du azoka, eta 30 jarduera baino gehiago izanen dira aurten guztira, mahai inguru, tailer, bisita gidatu eta topaketen artean. «Gustu adina komiki daude», defendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.