Alaia Martin Etxebeste. Bertsolaria

«Gauza mamitsu eta argitsuak esateko gogo handiz nago»

Bere lehen finalean kantatzeko ilusioz dago Alaia Martin. Luxutzat dauka finalean parte hartzeko aukera bera, eta, luxua dela gogoan hartuta, esan nahi dituenak ahalik eta kalitate handienarekin kantatu nahi ditu.

JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Lehen aldiz izango da Alaia Martin (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handian. Jokatu dituen hiru saioetan atera da garaile, eta, sailkapen orokorrean, lehendabiziko postua du. Tentsioaren eta gozamenaren arteko oreka aurkitzea ez da lan erraza txapelketan, baina Martinentzat, gozamenak irabazi du balantza horretan. «Luxu bat da finalean kantatzea, eta luxu horren kontziente izan nahi dut».

Gorputzaldi bat landu du aurten, «gai bakoitzari erantzuteko ausardia bat». Eta, hain zuzen, gorputzaldi horrek balio izan dio zerbaitekin itsutu denetan bere baitara itzultzeko. Lanerako eta «gauza mamitsuak» esateko «gogo handiz» dago, beraz.

Zure lehendabiziko finala. Zer moduz zaude?

Ondo nago. Pozik, hori batetik. Eta, bestetik, prestaketan murgilduta. Barneratzen ari naiz egun hori biziko dudala, eta ahalik eta ongien bizi ahal izateko gorputzaldia zaintzen eta lanean ari naiz.

Jokatu dituzun hiru saioak irabazi dituzu, eta aurrenekoa izan zara finalerako sailkatzen.

Ez neukan burua puntuazioetan, ezta langa jakin batean ere. Lanean zentratu nahi nuen gehiago, esan nahi nuen hori esan ahal izateko. Ezusteko polita izan da finalera horrela iritsi izana. Pozik nago, burua txapelketan eta zaintzan jarri ahal izateko, apustu bat egin nuelako uda aurre horretan iristen zitzaizkidan lantxo edo proposamen batzuk albo batera uzteko. Txapelketa nik nahi bezala joan izan ez balitz, mereziko zukeen, hala ere. Baina eder joan denez eta sufritu gabe iritsi naizenez, poz bikoitza sentitzen dut.

Zaintza aipatu duzu birritan, norbere buruaren zaintza. Sufritu gabe iristeko gakoetako bat da?

Hala da, bai. Pentsatzen dut bakoitzaren bizitzak bere baldintzapenak dauzkala, eta batzuetan bizi dugula hori guztia existituko ez balitz bezala. Oholtzara goaz garen horrekin guztiarekin, eta garen horren guztiaren barruan sartzen da egiten duguna, gure titulu guztiak... Oholtzara igotzen duguna hori guztia izanik, nork bere malabarrekin ibili behar du; horiei ahalik eta modu osasungarrienean eutsi, eta horrekin igo oholtzara. Gauza asko kentzen dizkigu horrek, eta beste batzuk eman. Ematen dituen horiei heltzea da gakoa. Pasioa eta ilusioa dagoenean, bilatzen dira aurrera egiteko moduak.

Abuztuan hauxe esan zenionBERRIAri: «Udazkena luze joateko suertea baldin badut, behintzat, arnasa pixka batekin iritsi nahiko nuke». Luzeago ezin zen joan zure txapelketa, lehendabiziko saioa eta azkenengoa biziko baitituzu.

[Barreak] Bai. Alde batetik, ilusioa egiten dit txapelketaren irekiera hori bizitu izanak. Sorpresaz iritsi zen, saioa baino bi egun lehenago. Izan ere, niri Gotainen [Zuberoa] kantatzea zegokidan berez, baina Eneko Lazkoz ordezkatu nuen Getxon [Bizkaia]. Baina tira, alde on hori ere ikusi nion; pentsatu nuen nirekiko: «Tira, zerbaiten hasiera bizitzea beti da polita; bertsozalearen poz hori, irrika hori...». Hori eta bukaera ere bizituko dut. Beraz, bai, poz hori badaukat.

Nolakoa izan da finalerainoko bidea?

Hilabete intentsoak izan dira, noski, baina, era berean, baita goxoak ere. Finean, gehien gustatzen zaidana egiten pasatu ditut hilabete horiek, eta ia esklusiban. Noski, bizitzako bestelako alorrek hor jarraitu dute, baina nire lan indarra horretan jarri dut. Beraz, niretzat, luxu bat izan da hori egin ahal izatea. Izan dira beldurrak eta tentsioak, baina horiei buelta emateko momentuak ere bide honen parte polit bat dira. Ederra da berriz indartze hori; berriz bilatzea beste txinparta batzuk eta zeure buruari erronka berriak jartzea. Batzuetan, gozatu dut ezin bilatu ibili ondoren, bilatzetik, eta, beste batzuetan, saioari eustearekin bakarrik ere gozatu dut.

Txapelketan ez da erraza izango sufrimenduaren eta gozamenaren arteko oreka hori aurkitzea, ezta?

Ez da, ez. Askotan, gainera, sufrimenduak irabazten du balantza horretan. Aurten ez da hala izan. Gozamenak irabazi du nire kasuan, eta, gozatu ez dudanetan ere, lortu dut patxada bat neure buruarekin eta oholtzan egoteko moduarekin.

Asko da hori.

Bada, bai.

Hirugarren Txapelketa Nagusia duzu. Zer landu duzu aurten bereziki?

Esango nuke denbora eta espazio mental handiago bat eskaini diodala txapelketari; eta kalitate handiagokoa, gainera. Besteetan baino argiago izan dut zeri eman nahi nion garrantzia eta zeri ez hainbeste. Teknika ere landu dut; aspaldi hasi nintzen errimak freskatzen eta indarra izan zezaketen hitzak lantzen. Bereziki garai likidoa izan da, eta aspaldi hasi nintzen garai berri honetara egokituko ziren hitz berrien bila.

Gaurkotasunean asko arakatu eta gaurkotasun horretan kokatzeaz gain, gorputzaldi bat landu dut; gai bakoitzari erantzuteko ausardia edo moderazio bat.

Eta zertarako balioko du landutako gorputzaldi horrek?

Nolabait, esan nahi dudana ahalik eta kalitate handienarekin esateko aukera eduki ahal izateko. Gorputzaldiaren eta mamiaren arteko dantza horretan ibili naiz; burutik gorputzera eta gorputzetik burura. Horrek balio izan dit zerbaitekin itsutzen nintzenean nire baitara itzultzeko.

Lanketa horrek guztiak ere eraman zaitu Iruñera. Bi egun baino ez dira falta final handirako. Nola begiratzen diozu egun horri?

Bada, ilusio handiarekin. Iruditzen zait luxu bat dela finalean kantatzea, eta luxu horren kontziente izan nahi dut. Bertsozale Elkarteak egiten duen lan izugarriari esker iritsi gara horraino, eta esker ona erakutsi nahi diot elkarteari. Halere, badut beste esker on orokorrago bat ere; hainbeste aipatzen den kristalezko sabai hori ez dugulako guk hautsi, zartatuta zetorren aurretik, eta horregatik esker on handia sentitzen dut; bide urratzaile horiengatik ez balitz gu ez geundekeelako hemen.

Bestalde, aukera handi-handi bat bezala ikusten dut igandeko finala. Poz-pozik nago. Bertso mordo bat izango dira, ahalik eta gauza gehien egiteko eta esateko. Katiuskak jantzi, eta barru horietan begiratu nahiko nuke; gauza mamitsuak eta argitsuak esateko gogoz nago. Bi hitzetan esan beharko banu, ilusioa eta lanerako grina sentitzen ditudala esango nuke.

Zuk bezala, finalean lehen aldia izango duten beste bi bertsolari izango dira igandean oholtzan.

Bai. Oso final esanguratsua izango dela uste dut; bazetorren eta gerora egonkortuko den aldaketa bat erakusten duelako. Punta-puntan ibili diren bertsolari askoren eragina ikusi da plazetan, nahiz eta, gero, finalean zortzi leku baino ez dauden. Aurtengo antologiak gordeko ditu bertso horiek guztiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.