Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Gerta dakizukeen okerrena

2017ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Uda hasiberria. Jaiegun handia. Festa-giroa hirian. Jaiegun handiaren eguzki orduak amaitu dira eta jai-gaua da honezkero, jendea mozkor dago kalean eta etxeetan, dantzan, txapliguek zeruan eztanda.

Zer da, zuri, emakume, gerta dakizukeen okerrena? Hil zaitzatela? Ala, etxera bidean zoazela, parke zertxobait ilun bat gurutzatzea etorbide argiztatutik joan beharrean (etorbide argiztatutik joanez gero hamar minutu gehiago tardatuko dituzulako eta gustuko duzulako begiratzea nola islatzen den ilargiaren argi aztia lakuan), etxera bidean zoazela, beraz, parke zertxobait ilun hori gurutzatzea, eta hantxe topo egitea bost, sei, zazpi gizon gazterekin, aurrera egin nahi izatea beren txistu eta irain eta barre eta zakarkeriei entzungor eginda, baina gehiago direnez haiek zu harrapatzea, haiek zu eramatea, herrestan, egurrezko txabola abandonatu erdi-usteldura, garai batean laku garbiagoan nabigatzen ziren txalupen gordeleku, haiek zu hara eramatea eta arropa apurtzea eta bata bestearen atzetik sartzea zakila, alutik eta ipurditik eta ahotik, kolpeka etengabe, iletik tiraka, eta han uztea zu, konorterik gabe eta kaskezurra hauts, arnasa xuxurla, odola sudurrean bor-bor, pentsatu baitute hilda zeundela honezkero?

Uztailaren laua dugu, AEBetan independentzia lortu izana ospatzen duten eguna, XX. mendeko azken hamarkada edo XXI. mendeko lehena, Niagara Falls hirian gaude, eta horixe gertatu zaio, zehatz-mehatz, Teena Maguireri, Joyce Carol Oatesen Rape: A Love Story [Bortxaketa: amodio istorio bat] eleberriko protagonistari. Sinetsidazue, egun batzuk geroago ospitalean esnatzen denean, bendaz josita, eguzkiaren argiari ezin aurre eginda, lehen baino motelago hizketan eta pentsatzen, Maguirek heriotza hautatuko luke bortxaketa baino nahiago. Halaxe dio, behintzat, liburuak. Maguirek bizirik jarraitzen du, ordea, Maguire ez baitzegoen bakarrik gau hartan, baizik eta alabarekin, 12 urteko alabarekin, zeina txiripaz libratu baitzen (soilik ostia batzuk, besoa apurtuta, baina hura ez zuten bortxatu). Maguirerekin zegoen alaba eta alabak ez zuen nahi ama hil zedin; laguntza eskatu zuen bortxatzaileak urrundu bezain laster. Orduantxe hasten da Maguireren bigarren infernua. Nahiago hil, badiotsuet.

Oatesek bikain irudikatzen du bortxaketak salatzeko ausardia duten emakumeek eta haren ingurukoek (kasu honetan alaba lekukoa da gainera epaiketan) sarri eskupeko gisa jasan behar duten sufrikarioa, prentsako titular sentsazionalistak: edan duzunari jantzita zeneramanari hartu zenuen bideari zeure senarra hil zenetik izan dituzun mutil-lagun kopuruari buruzko komentarioak. Mehatxuak, margo beltzez, etxeko atarian. Zeure hitza zalantzan jartzea (nahiz eta akusatuen semena aurkitu, suelto, zeure alu birrinduan). Zeuri egoztea, finean, errua.

Harrapatzen zaitu idazleak. Eramaten zaitu gogoan dituzun emakume-izen horietara, bart irakurri zenuen albistera, zeinean bortxaketa jasan zuen emakume baten mugikorreko mezuak haizatzen baitziren, bost gizasemek hura bortxatu izana zuritu nahian, itxura betean. Ulertu dezakezu zergatik ez duten kontatzen batzuek, hainbat urte pasa arte, edo sekula ere ez, beste batzuek. Galdetzen diozu zeure buruari zer egingo zenukeen zuk zeuri gertatuz gero, zeure lagunari, ahizpari, egunero hain jator agurtzen zaituen auzoari. Gizartean zenbat eta kontzientzia handiagoa, hobe, bai, baina gertatzen bada?; zenbat eta prestatuago egon, hobe, noski, baina gertatzen bada?; zenbat eta gorpuztuago eduki autodefentsa hobe, jakina, baina gertatzen bada, hala eta guztiz ere, gertatzen bada, bazaizu, bazaio?

Zorionez, fikzioan ez duzu zertan bizi bizitza hau, guraize handi batzuk erabili gabe (Oatesen beste esaldi bat makulu hartuta), eta eleberrian, azkenean, banan-banan doaz bortxatzaileak erortzen, esku ikusezin batek bultzatuta bezala: batek bere buruaz beste egiten du, beste bat tiroz hiltzen du zerbitzuz kanpo zegoen polizia batek, bik, ustez, Kanadara egiten dute ihes, baina ez dira sekula itzuliko. Ez da amaitzen Maguireren bizitza. Lortzen du, azkenean, aurrera segitzea, irribarre egitea berriz. Akaso errazagoa da dena liburuetan, baina Oatesek mezu argia bidaltzen digu bizi dugun bizitza honetarako ere: literatur baliabiderik gabe igual, baina erantzungo diegu erasoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.