Hiruki baten ertz ezinbestekoak

BERRIA.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Urtearen hasieran egutegi hasi berrian kolore biziz markatzen ditugun datek egun horien aurreko azken hamabi hilabeteek emandakoaren inguruko balorazioa, hausnarketa eta analisia egiteko balio izaten dute. Hala gertatzen zaigu guri, adibidez, bai martxoaren 8arekin, baita Durangoko Azokarekin ere. Biek ematen digute aukera gelditu, inguruari erreparatu eta egoeraren gaineko gogoeta sakon bat egiteko; eta, jardun horretan, joandako urtea aurrekoekin konparatzeko beharra sortzen da ezinbestean.

Egia da analisi horrek ez lukeela egon behar egun seinalatuei begira, diakronikoa izan behar lukeela. Halere, ukaezina da geldiune horietan egindako azterketek garaian garaiko testuingurua hobeto ulertzen laguntzen digutela. Esate batera, 2017ko Durangoko Azoka eta 2007koa alderatzen baditugu, desberdintasun handiak aurkituko ditugu. Aldaketa horiek guztiak hondar urteetan sektorean zein egoera politikoan izandako aldaketen seinale dira, baina horietako bakoitzak arrasto ezberdinak gordetzen ditu atzean.

Hala, arrastoz arrasto, azken bost urteetan (edo hiruretan, zehatzago izateko) Durangoko Azokako zein liburu-dendetako eskaintza aldarazi duten bi fenomeno hauetara iritsi gara: alde batetik, ugaritu egin dira euskarazko testu feministen eta emakumeek sinaturiko eleberrien argitalpenak; bestetik, saiakera- eta narrazio-liburu horiek gehiagotan betetzen dituzte Liburu salduenak izenburupeko zerrendetako lehen lerroak.

Zorioneko loraldi hori ulertzeko, triangelu formako poliedro berezi baten ertz guztiak ulertu eta kontuan hartu behar ditugu. Hasteko, egunetik egunera gehiago errotzen ari den feminismoaren olatu berria daukagu; izan ere, indarkeriaren inguruko gatazkak, politikaren feminizazio geldiezinak, sexu-identitateak zalantzan jartzeak eta ate-joka daukagun martxoaren 8ko greba feministak, besteak beste, testuinguru politiko berri bat eragin dute, eta herritarren arteko eztabaiden bidez erantzun beharreko hainbat galdera mahai gaineratu dituzte; eztabaida horiek sustatzeko, nahitaezkoa da testu berriak ekoiztea, hemen eta mundu osoan. Bigarren ertza, berriz, adierazgarri argiak dituen irakurle-komunitate sendo batek osatzen du; hain zuzen ere, emakume gazteak biltzen dituen komunitatea (oso emakume gazteak, esanen nuke). Eta triangeluaren azken ertzean, hirugarrenean, herritarren behar horiek ulertzeko sentsibilitatea duten argitaletxeak daude, hausnarketarako beharrezkoak diren testu horiek plazaratzeko bide bat eskaintzen dutenak.

Marraztu dugun hiruki hori behar-beharrezkoa da hau guzti hau ulertzeko. Izan ere, hiru ertz edo aldez osatutako poligono hori da eta ez ertzak edo aldeak beren aldetik testuinguru berria egituratzen eta indartzen duena, eta hirukia bera da gizarte-eredu bidezkoago baten bilaketa eta eraikuntza bultzatzen duena. Etengabeko mugimendua ezaugarri duen garai politiko honek tresnak behar ditu beraren buruari galderak egiteko eta egunetik egunera aurrera jotzeko. Alde horretatik, zuzenean zein zeharka olatu berri horretan parte hartzen diharduten herritarrek ikasten eta eztabaidatzen jarraitzeko premia sentitzea mugimenduaren bizitasunaren eta sasoiaren adierazlea da. Baina, horrez gain, eta horrekin batera, eztabaida horiek elikatu eta jantziko dituzten testuak argitaratzeko lana beraien gain hartuko duten eskuak ere behar dira.

Azken finean, hirukiak hiru ertzen beharra dauka hiruki izaten eta gure gogoak astintzen jarraitzeko. Ertzok elkarrekin lotzen ez baditugu, ez dugu hirukirik eraikiko, eta ez dugu gizarte-aldaketarik eragingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.