Trini Cornellana. Alpinista ohia

«Bizitzeko modu bat eman dit mendiak»

Katalunian jaio zen, baina oso gaztetatik Euskal Herrian bizi da Trini Cornellana. Euskal Herriko mendizaletasunaren historian hizki larriz idatzita dago haren izena. Besteak beste, 1970eko hamarkadan antolatu ziren lehen espedizioetan hartu zuen parte.

UNAI UGARTEMENDIA.
Unai Ugartemendia.
Oiartzun
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Azken urteetan bizileku izan du Oiartzun (Gipuzkoa), eta hantxe izan da hitzordua Trini Cornellanarekin (Sant Ramon, Herrialde Katalanak, 1950). Puntual iritsi da. Kalean gurutzatu duen jende guztiak agurtu du. Ezaguna da herrian, oso. Azken bi hilabeteetan hainbat eta hainbat elkarrizketa egin dituen arren, ez dio ezezkorik eman elkarrizketa honi. Hitz errazekoa da.

Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?

Sant Ramon oso herri txikia da, eta Pirinioetatik nahiko urruti dago. Handik, nahiz eta urrun egon, oso ondo ikusten da Cadi Moixeroko [Lleida, Herrialde Katalanak] mendilerroa. 600 metroko garaiera duen eremua da, eta nahiko lehorra da. Etxean, bost anai-arreba gara, eta ez dakit zergatik, baina txikitatik naturarekiko zaletasun handia sortu zitzaidan. Mendi haiei begira egoten nintzen. Besteek, agian, begiratu ere ez zieten egiten mendiei. Orduan ez zegoen mendira joateko zaletasunik. Gehiago esango dizut: ezagutu ere ez genuen egiten mendia! Oinez bai, asko ibiltzen ginen orduan. Zuhaitzetara igotzea zaletasuna bihurtu zen, eta gauean zerura begira ere orduak pasatzen nituen. Iruñera ikastera etorri nintzen arte ez nintzen mendira zaletu.

Iruñean egin zenituen lehen mendi irteerak?

Mojen eskola batzuetan zegoen mendi talde batekin hasi nintzen irteerak egiten astero, edo bi astetik behin. Emakumeak bakarrik joaten ginen irteera haietara, eta isil-isilik joaten ginela gogoratzen dut. Niretzako izugarria zen hura! Mendia deskubritu nuen bete-betean. Gogoan daukat behin, neguan, Ergako Trinidadera [Irurtzun, Nafarroa, 1.094 metro] egindako txangoa. Zeharo elurtuta zegoen! Egun hartan, bertako leku batzuetatik jaisteko, Nafarroako mendizale batzuekin geldituta geunden, eta handik jaisten lagundu ziguten soka batzuekin. Baina, gero, eskolaz aldatu nintzen, eta ez nuen mendira joateko aukerarik izan. Neure kasa ibiltzen nintzen. 1972. urtera arte ez nintzen berriro bete-betean mendian sartu.

Nork piztu zizun mendirako harra berriro?

Jabier Garaioa izan zen. Biak Medikuntza ikasten ari ginen, eta ordurako bera eskalatzen ibiltzen zen jada. Parrandaren baten ostean, Etxaurira [Nafarroa] eraman gintuen eskalatzera, eta gerora kateatuta gelditu nintzen txikitan hain urrutira ikusten nituen mendi haiekin. 1972tik 1976ra eskalatzen ibili ginen Iruñe inguruan eta Pirinioetan. Urte haietan, neguan, elur asko izaten zen, eta kranpoiekin ibiltzeko aukera izaten genuen Pirinioetan. Udan, berriz, Alpeetara joaten ginen, Chamonixera [Frantzia] edo beste leku batzuetara. Halere, 1976an lehen espedizio handira joan aurretik, behin bakarrik egona nintzen Chamonixen, Mont Blanc [Alpeak, 4.809 metro] igotzen.

Ordurako jada ondo moldatzen al zinen altuerara?

Bai, bai, inoiz ez dut altuerarekin arazo handirik izan espedizioetan.

1976an, aurretik aipatutako lehen espedizio handi hartan parte hartu zenuen. Afganistanen dagoen Shakhaur (Hindu-Kush, 7.116 metro) mendia zenuten helburu. Nolatan joan zinen espedizioan?

Jabier Garaioaren bitartez joan nintzen espedizio hartara. Ordurako, bera espedizioaren antolakuntzan ari zen buru-belarri. 1975ean Groenlandiara joanak ziren, eta, ondoren, 7.000 metroko mendi batera igotzea pentsatu zuten. Shakhaur mendia aukeratu zuten. Tartean ziren Gregorio Ariz, Javier Garreta, Abel Alvira, Leandro Arbeloa eta Julian Ayucar beteranoak, eta Iñaki Aldaia, Gerardo Plaza, Javi Pastor, Julian Lasterra eta Jabier Garaioa gazteagoak. Ez neukan eskarmentu handirik altueran, baina espedizioan sartu nintzen medikua izateagatik, Garaioaren emaztea nintzelako, eta aldi berean haien eskalada lagun nintzelako. Espedizio handia izan zen, baina ez zegoen ezer aurreikusita aurretik. Denok igo nahi genuen gailurrera!

Zu izan zinen emakume bakarra espedizio hartan.

Bai, baina ni ordura arte beti ibiltzen nintzen haiekin! Ez zen ezer berezia izan. Ni gizonezkoekin ibiltzera ohituta nengoen. Orduan ez zebilen hainbeste emakume mendian. Ondorengo espedizioetan bai, emakume gehiagorekin izan nintzen.

Nola gogoratzen duzu espedizio hura?

Izugarria izan zen! Iruñetik ekainaren 15ean abiatu ginen. Land Roverez lehenik Europa zeharkatu genuen, eta, ondoren, Afganistanera iritsi ginen hamasei egunpasatu eta gero. A ze sorpresa hartu genuen Afganistanekin! Egun osoa pasatzen genuen bidaiatzen, gau eta egun. Kabul hiriburutik oinarrizko kanpalekura beste bi egun behar izan genituen. Ondoren, mendiko lana hasi zen. Mendia oso gertu ikusten genuen, eta oinarrizko kanpalekua eremu glaziar batean genuen. Egun batean, elur jausi bat ere izan genuen. Izugarrizko zarata atera zuen, eta konturatzerako gainean geneukan. Dendan sartzeko aukera izan genuen, eta, oso denbora gutxi izan zen arren, amaiezina iruditu zitzaigun. Kanpaleku guztia aurretik eraman zuen. Hasiera ederra izan zuen espedizioak!

Zer oroitzapen duzu gailurreko egunaz?

Mendian bi astez lanean ibili ondoren, gailurrerako saiakera iritsi zen. Bost egun behar izan genituen oinarrizko kanpalekutik gailurrera. Tontorrera iristea izugarria izan zen. Aurreko gaua laugarren kanpalekuan pasatu genuen, 6.800 metrora, ia lorik egin gabe. Haizeak elurra bildu zuen denden artean, eta palekin kentzen aritu behar izan genuen. Oso astiro hasi ginen gailurrerantz, baina iritsi ginen. Gogoan daukat ze poza geneukan gailurrean, eta zein polita izan zen zeharo elurtuta zegoen ingurune hartan egotea, begirada iristen zen lekuraino begira. Nafarroa osotik lagundu gintuzten espedizio hura antolatzen, eta erantzukizun pixka bat ere bagenuen haiekin. Gailurrera iristean, lasaitasun handia sentitu genuen.

Ordu gutxitan, gauzak zeharo okertu ziren.

Bosgarren kanpalekua jaso, eta beherantz abiatu ginen. Gerardo Plaza oso indartsu zegoen, eta Leandro Arbeloarekin, bigarren kanpalekura jaistea erabaki zuten lo egitera. Biak lotuta zihoazen, eta eroriko bat izan zuten. Arbeloa han gelditu zen, eta Plaza ere oso larri gelditu zen. Eskerrak gure oinarrizko kanpalekuaren ondoan Poloniako espedizio batek ere kanpalekua ipini zuela. Beste mendi batera zihoazen. Baina laguntza eskatu genien, eta ez zuten zalantzarik izan. Erreskateetan esperientzia zuten, eta oso indartsuak ziren. Haiei esker, Plaza astebetean oinarrizko kanpalekuan zegoen.

Zer-nolako gorputza utzi zizun espedizio hark?

Leandro Arbeloaren heriotza alde batera utzi behar izan genuenPlaza salbatzearren. Ondoren, etxera itzultzean, bakoitzak bere modura pasatu zuen dolua. Nik, esaterako, ez nuen inoiz pentsatu mendia albo batera uztea. Oso esperientzia gogorra izan zen. Mina bakoitzaren barnean gelditu zen, isilik. Gerta zitekeen gauza baten antzera onartu nuen istripua, eta egun haietan bizitakotik zera ikasi nuen: kontuz ibili behar nuela, eta ezin nuela bizitza arriskuan jarri. Bestalde, Plazaren erreskateak batu egin gintuen, indartsuago egin; eta poloniarrek erakutsitako elkartasuna inoiz ahaztuko ez dugun bizipen bat izan zen.

Mendia ez zenuen baztertu. Handik hiru urtera Dhaulagiriko espediziora joan zinen (Nepal, Himalaia, 8.167 metro).

Bai. Nafarroako espedizio bat izan zen. Talde handia zen, eta beste lau katalanez gain, bi emakume ere baginen: Pili Ganuza eta ni neu. Tartean, Shakhaurreko alpinista asko zeuden: esaterako, gailurrera iritsi ziren Garaioa, Plaza eta Iñaki Aldaia. Espedizio bikaina izan zen hura ere. Ez dut berehalakoan ahaztuko. Bigarren taldekook ezin izan genuen gailurrerako saiakerarik ere egin. Xerpen nagusiak esan zigun eguraldiak okerrera egingo zuela, eta espedizioko buru zen Gregorio Arizek ez saiatzea erabaki zuen azkenean. Espedizioa bertan behera utzi genuen, baina ondo egin genuen.

Saiatzeko aukerarik ez izateak arantzaren bat utzi zizun?

Ez, niri ez. Uste dut askori 1976ko espedizio hura etorri zitzaiela burura, eta arriskurik ez hartzea erabaki zela. Agian, Shakhaurreko ezbeharra gertatu ez balitz, gehiago arriskatuko genuen, baina orduz geroztik, garrantzi handiagoa eman izan diot denak ondo izateari. Garai haietan, gainera, norbait gailurrera igotzen bazen, espedizioa jada ontzat ematen zen. Denok lan handia egin genuen, eta asko poztu ginen lortutako gailurraz. Askotan elkartu izan gara maiatzaren 12an, gailurreko egun hura ospatzera! Bada beste gauza bitxi bat: Shakhaurreko espedizioko kideak, dokumentala grabatzeko elkartu ginen arte, elkar ikusi gabe geunden.

1987an, Everesteko espedizio batera ere joan zinen 'Al filo de lo Imposible' programakoekin.

Juanjo San Sebastianen bidez joan nintzen, bai! 1983an K2 [Pakistan, Karakorum, 8.610 metro] mendiko espedizio batean ezagutu genuen elkar, eta, Everesterako mediku bat behar zutela eta, haiekin joan nintzen. Urte hartan, gure taldea eta Txekiako beste espedizio bat besterik ez geunden oinarrizko kanpalekuan. Asko aldatu dira gauzak Everesten gaur egun. Ez zuten lortu gailurrera igotzea, baina esperientzia handia izan zen niretzat. Hura izan zen nire azken espedizioa. 1998an, Cho Oyura [Nepal, Himalaia, 8.201 metro] joateko gonbita egin zidaten Kataluniako espedizio batekin, baina ordurako jada lanean ari nintzen, eta ezin izan nuen.

Goi mendiak utzi ondoren, espedizioei arreta jarri diezu?

Ez asko. Euskal alpinisten igoerei erreparatu izan diet. Halere, ez naiz oso jarraitzailea izan.

45 urteren ondoren, lehen aipatutako Shakhaurreko espedizioa hizketagai izan da berriz, 'Mendiak 1976' dokumentalarengatik. Harrituta al zaudete izan duen harrerarekin?

Bai, zalantzarik gabe. Hainbeste urteren ondoren, berriro ere dena gogora ekartzeak barruak mugitu dizkigu askori. Izugarria izan da hainbeste urteren ostean berriro ere poloniarrekin elkartzea. Dokumentalaren aitzakiarekin asko elkartu gara, eta oso polita izan da gertatutakoa gogoratzea eta partekatzea. Liberazio moduko bat izan izan zen guztiontzat. 50 urtepasatu eta gero, ia ez genuen harremanik poloniarrekin, eta nahi gabe berriro ere elkartzea handia izan da. Uste dut dokumentala ikusi duen jendeak sentitu eginduela, adiskidetasunaren eta elkartasunaren istorio unibertsal bat delako. Mendiak 1976 lanaren egileek oso lan ona egin dute.

Egun joaten al zara mendira?

Bai, inguruko mendietara asko joaten naiz. Senarra eta biok Aiako Harriaren azpian bizi gara, eta gure erreferentziazko mendia da. Penintsulako beste leku batzuetara ere joaten gara: Pirinioetara, esaterako. Mendi bila ibiltzen gara bidaiatzen dugun edozein lekutan. Nafarroan lagun batzuk baditugu, eta haiekin ere joaten gara. Udan, berriz, Alpeetara ere joan izan gara, Mont Blanceko zeharkaldira, Aostako haranera... Urte askotan egur pixka bat eman izan diogu gorputzari. Orain, belauneko arazo txiki batzuekin nabil, eta egun askotan jarraian joaten banaiz, oinazeak hasten zaizkit. Urteak aurrera doaz, eta moldatzen jakin behar izaten da.

Zer izan da mendia zuretzat?

Nire bizitzaren zati handi bat bete izan du mendiak. Urte askotan mendia bakarrik nuen buruan, eta beste guztia bigarren planoan gelditzen zen. Mendiak aukera eman dit naturarekin harremanetan jartzeko, eta bizipen horiek partekatzeko. Mendian ikasitako gauza askok balio izan didate bizitzan. Beti egon izan naiz mendiarekin harremanetan, eta orain ere mendian bizi naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.