Albistea entzun

Juanito Oiarzabal. Alpinista

«Nire zortzimilakorik onena bizirik egotea da»

Egun gutxi igaro dira Juanito Oiarzabalek jakinarazi zuenetik ez dela igoko zortzimilako gehiagotara. 1985ean hasi zenetik, 47 espedizio osatu ditu Himalaian. Munduan 8.000 metroko mendietara gehien igo direnen artean dago: 26tara igoa da. Osasun arazoek, ordea, uzteko erabakia hartzera eraman dute Arabako alpinista.
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko urtarrilak 26

Gasteizko bere etxeko egongelan hartu du BERRIA Juanito Oiarzabalek (Gasteiz, 1956). Egindako espedizio gehienetako argazkiz eta bere ibilbidean jasotako sariz atonduta dago. Umorez eta hitz egiteko gogoz dago oraingoan ere. Aho bizarrik gabe aritu da.

Zortzimilakoetatik aldentzera omen zoaz. Zergatik?

Bai, hala da. 2016an Dhaulagirin [Nepal, Himalaia, 8.167 metro] izandako biriketako bigarren enboliaren ondoren, gauzak asko aldatu ziren. 2011n izan nuen lehena, Lhotsen [Nepal, Himalaia, 8.516 metro], eta han ere oso gaizki pasatu nuen. Helikopteroz atera ninduten oinarrizko kanpalekutik, eta, enboliaz harago, giltzurruneko koliko bat ere pasatu nuen aldi berean. Gorriak ikusi nituen ospitalean! Esan bezala, 2016an, 2 x 14 x 8000 proiektua amaitzeko lau mendi gelditzen zitzaizkidan. Alberto Zerainen laguntza izatekoa nintzen horretarako, eta aukera ikusten nuen denak osatzeko. Albertoren laguntza ezinbestekoa zen erronka osatzeko, nik ordurako zailtasun batzuk antzematen nituen eta. Dhaulagirirako talde bikaina genuen, babeslea ere indartsua zen, baina nire enboliak dena geldiarazi zigun. Geroztik, botikak hartu behar ditut. Horrez gain, Albertoren heriotza oso gogorra izan zen niretzat. Halere, ez nuen etsi. Baina, iaz, Aconcaguara joan nintzen 31. aldiz [Argentina, Patagonia, 6.962 metro], eta ez nuen batere ondo pasatu. Konturatu nintzen altuera batetik gora oxigenoa falta zitzaidala. Izugarrizko nekea pilatzen zitzaidala ikusi nuen, eta han hasi nintzen erretiroan pentsatzen. Azken urte honetan konturatu naiz galtzeko gehiago nuela irabazteko baino. Negozioa nola dagoen gutxik bezala dakit, eta argi daukat oso sasoiko egon behar dela altuera horietan ibiltzeko.

Nola imajinatzen zenuen agurra?

Ez nuen inolaz ere ezer imajinatzen. Orain dela bi urte arte, azken proiektuan sinisten nuen oraindik ere. 2004an K2an [Pakistan, Karakorum, 8.610 metro] izandako izozketak izan ez banitu 2 x 14 x 8000 proiektua aspaldi bukatuta edukiko nuela iruditzen zait. Halere, geroztik beste bost zortzimilakotara igotzeko gai izan nintzen. Proiektua ez amaitu izanaren arantza hor eramango dut betiko. Proiektuak ez lioke Himalaiako historiari ezer berririk emango, baina niretzat gozoki bat zen hura. Kalitate handiagoko erronken falta sumatu dut nire ibilbidean.

Baina zure ibilbideari begiratuta, kalitatea izan da zure gailur askoren muina.

Bai, ez dut aurkakorik esango. Ni Everestera [Nepal, Himalaia, 8.848 metro] iparretik eta hegotik igo naiz, oxigenorik gabe; K2ra ere Cesen bidetik eta Abruzzoenetik; Kanchenjungara ere [Nepal, Himalaia, 8.586 metro] iparretik eta hegotik; Shisha Pagmara ere [Txina, Himalaia, 8.027 metro] hegotik... Beti gauza alternatiboak egitea gustatu izan zait. 1988. eta 1990. urteen artean egin genituen espedizioak bikainak izan ziren, nahiz eta gailurrik ez genuen lortu. Haiek bai saiakerak! Konpromiso handiko igoerak izan ziren. Haiek ziren egin nahi genituenak.

Bidean, 35 urte joan dira, 47 espedizio, 26 zortzimilako…

Bai, denbora azkar pasatzen da! Egindako gauzez oso harro nago, baina batez ere bizirik egoteaz. Hainbeste espedizioren ondoren, hilik egotea litzateke normalena. Atzera begiratzen dudanean konturatzen naiz galdu ditudan lagunez. Askotan pentsatzen dut mendian igarotako une txarrez, eta, Mikel Apodakak esaten zidan bezala, etxera itzultzean niri azkarregi ahazten zitzaizkidan une haiek. Eta egia da. Askotan ikusi dut neure burua kinka larrian, baina oraindik hemen gaude.

Cho Oyu [Tibet, Himalaia, 8.201 metro] izan zen igo zenuen lehen zortzimilakoa, 1985ean. Nola duzu gogoan?

Gure belaunaldikook asko markatu gintuen 1980ko Everesteko espedizio hark. Haietako askorekin harreman handia egin nuen, gehienbat Anjel Rosenekin, Luis Mari Olazagutiarekin eta Juan Inazio Lorenterekin. Haien arrastoan hasi ginen gu ere. Ez dago ondo nik esatea, baina oso gaztetatik asko nabarmentzen nintzen. Ni beti izan naiz oso oldarkorra, eta mendiko jardueretan ere asko arriskatzen nuen. Eskalatzea izugarri gustatu izan zait beti, eta askotan esan dut niretzat Alpeak izan direla eskolarik onena. Han ere beldur latzak pasatutakoa naiz! 1985ean, Arabako lehen espedizio kirol-zientifikoa antolatu genuen. Felipe Uriartek eta Xabier Garaioak baimen bat zuten Cho Oyurako, baina Nepaletik igotzeko baimena zen. Han ginen Mikel Apodaka, Atxo Apellaniz, Julio Alberdi... Denak igo ginen gailurrera. Oso oroitzapen onak ditut espedizio hartaz. Oso berezia izan zen. Orduan, pentsatu ere ez genuen egiten oxigenoa erabiltzea. Zenbat aldatu diren gauzak.

Gutxik dakite zure bigarren zortzimilakoa, Gasherbrum II-a [Pakistan, Himalaia, 8.035 metro], baimenik gabe igo zenuela.

Bai, hala izan zen [barrezka]. 1987a zen, eta orduan ere Atxo Apellaniz izan nuen sokalagun. Gure lehen asmoa Gasherbrum I-era igotzea zen [Pakistan, Himalaia, 8.080 metro], baina ez genuen lortu, eta Gasherbrum II-ra joan ginen baimenik gabe. Orduan ezin zen horrelakorik aitortu, baina behin Euskal Herrira iritsi ginenean lasai esan genuen zer lortua genuen. Orduan baimen bakarra izaten zen, eta, horrelako gauzak egiteko, ausarta izan behar zenuen.

Askotan aipatu izan duzu, baina zortzimilakoetan izandako lehen egoera gogorra Iñurrategi anaiekin izan zenuen, Kanchenjungan. Zure ibilbideko unerik gogorrena izan al zen hura?

Bai, zalantzarik gabe! Alberto Iñurrategiri ez zaio batere gustatzen gaia aipatzea, baina, zalantzarik gabe, haiek salbatu ninduten. Bi anaiek osatzen zuten sokada perfektua zen. Oso egoera larria igaro nuen, eta gaur egun ere ez da batere erraza une hura azaltzea. Zazpi edo zortzi orduz zeharo noraezean ibili ginen. Oso jaitsiera latza izan zen. Bi anaien artean jaitsi nintzen, eta oraindik gogoan daukat denda ikusi genuen unea. Negarrez hasi nintzen!

Hamalau urtean osatu zenituen hamalau zortzimilakoak; azkena, 1999an.

Bai, denak osatzea oso polita izan zen. Historiako laugarrena izan nintzen oxigeno gehigarririk gabe igotzen. Hori hor geldituko da betiko.

Horren ondoren, K2an hamar behatzak galdu zenituen. Zer oroitzapen datorkizu? Zortzimilakoetara igotzeagatik ordaindu behar izan duzun ondoriorik larriena izan da hori?

Ni orduan ez nintzen indartsuena, ezta gutxiagorik ere. Ordurako banituen urte batzuk. Ni baino askoz ere jende indartsuagoa zegoen espedizio hartan: esaterako, Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta Ferran Latorre. Zabalzak izugarrizko lana egin zuen! Espedizio hartan, Edurne Pasabanek eta nik besteek baino denbora gehiago pasatu genuen geldirik, eta, gailurrera iristerako, jada biriketako edema baten zantzuak sentitzen nituen. Egun hartan egin nuen inoiz egin dudan okerrik handienetako bat! Beti pentsatu izan dut gailur batera iristeagatik ez duela merezi azazkal bat galtzea ere. Baina egun hartan aurrera egitea erabaki nuen, jakinda izozten ari nintzela. Ez nuen atzera egiteko ausardiarik izan! Burugogorra izatearen alde txarra da hori! Jaitsiera oso gogorra egin zitzaidan, eta gutxinaka itsutzen ari nintzela konturatzen nintzen. Halako batean, bakarrik gelditu nintzen, eta kanpalekua pasatu egin nuen. Oihuka hasi nintzen ero baten moduan! Ordu luzez eserita gelditu nintzen, Ferran Latorre azaldu zen arte. Egun hartako hanka sartzeak asko irakatsi zidan. Asko zor diot Sebastian Alvarori ere.

Jende askok aipatu izan du askotan ausarkeriaz ibili izan zarela mendian. Zer duzu esateko?

Hura, behintzat, ausarkeria handia izan zen! Halere, ez nuke esango hainbesterako izan denik. Askotan, mendiak imanen eragina sortzen du gizakiarengan: beragana erakartzen zaitu. Begien aurrean ikusten duzu gailurra, eta badirudi gertu dagoela, baina orduak aurrera doaz, eta... K2an, esaterako, zortzi ordu behar izan genituen azken 200 metroetako desnibela gainditzeko! Jendeak zer esango, horrek ez dit batere axola, baina orduan onartu nuen akats handia egin nuela.

Antonio Miranda, Atxo Apellaniz, Jose Luis Zuloaga 'Zulu', Felix Iñurrategi eta Alberto Zerain lagunak, mendian gelditu dira. Ez al daukazu mendian gauza gehiegi galdu dituzunaren sentsaziorik?

Atzera begira jartzen naizenean, jabetzen naiz lagun gehiegi galdu ditudala mendian. Oso gertuko jendea nuen. Horregatik, askotan esaten dudan esaldiak balio handia du orain: lortu dudan gauzarik handiena bizirik egotea da. Ez da batere erraza Everestera, Kanchenjungara, Nanga Parbatera edo K2ra bi aldiz igotzea. Agian, hori da nire saririk handiena: mundu honetan egotea.

2011 Lhotsen Edurne Pasabanekin izandako eztabaida izango zen ezabatuko zenituzkeen ataletako bat?

Egun politak eta zatarrak izan ziren haiek aldi berean. Pena handia ematen dit oraindik ere hura gogoratzeak. Egia da nire izaerak askotan arazoak ekarri dizkidala, eta espedizio ondorengo prentsaurreko hartan ere hanka sartu nuen. Mingainetik tiraka hasi zitzaizkidan kazetariak, eta burua galdu nuen! Zorionez, dena konpondu dugu, eta, niretzat, alaba baten antzekoa izan da Edurne. Mendian inorekin izan dudan konplizitaterik handiena izan dut harekin. Gauza guztiak kontatzen genizkion elkarri. Orain, berriro ere berreskuratu dugu harremana, eta askotan saiatzen gara elkartzen.

Zertaz zaude harro?

Gehienbat, espedizioetan ezagutu dudan jende guztiaz nago harro. Zorionez, mendira nik nahi nuenarekin joateko aukera izan dut. Beti eman diot garrantzi handiagoa laguntasunari eta gertutasunari, fisikoari baino. Gertuko jendearekin joaten saiatu izan naiz beti. Oso pozik nago aipatutako jendearekin mendian igarotako uneengatik. Egin ditudan zortzimilako gehienetan, jende ezberdina egon da nire alboan: beti zegoen alpinista berriren bat espedizioan. Une ahaztezinak izan ditut mendian, nahiz eta oso une txarrak ere pasatzea tokatu zaidan.

Zerbait ezabatu beharko bazenu zure ibilbidetik, zer izango litzateke?

Bat baino gehiago ezabatuko nituzke! Batetik, 1993an Everestera egindako espedizioa. Gailurrera iristea lortu nuen, baina jaitsieran Antonio Miranda laguna hil zen. Oso gogorra izan zen hura! Eta, bestetik, 2010ean Annapurnara egindako bigarren igoera hura. Nire kirol ibilbideko egunik gogorrenak izan nituen handik jaitsi eta etxeratu ondoren. Kazetari batek min handia egin zidan idatzi batean. Idatzi hark oihartzun handia izan zuen, eta beste asko haren harira idazten hasi ziren.Tolo Calafate salbatzen saiatzeagatik, aurka etorri zitzaidan dena. Lagun bat mendian bakarrik utzi izanaren erantzule egin ninduten, eta kontua ez zen horrela izan. Ni mendiko gidari lanetan ere ibiltzen naiz, eta gertakari hark min handia egin zidan geroztik. Ez nuen etxetik atera ere egin nahi!

Kanpoan Euskal Herrian baino baloratuagoa sentitu al zara?

Ez. Esan dezaket ni profeta sentitu naizela nire lurraldean. Komunikabide gehienekin ere tratu ona izan dut. Askotan, zuzenegia izan naiz, badakit, baina gauzak garbi esatea gustatzen zait. Europa aldean agian ez naiz hain ezaguna, baina hori, agian, ingelesa ez dudalako hitz egiten izan daiteke. Alde horretatik ere, bizirik ateratzeko zortea izan dut.

Eta orain? Zer egingo duzu hemendik aurrera?

Gidari lanetan jarraitu nahi dut mendi txikiagoetan. Lenin Peak [7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan] eta Elbrus [5.642 metro, Kaukaso mendikatea, Errusia] mendietara joateko lana daukat hurrengo hilabeteetan. Ez dakigu nola egongo den egoera. Bestalde, hiru dokumentalen lanean murgilduta nago, Sebastian Alvarorekin. Egunero egiten dut kirol apur bat. Mendiari lotuta jarraitu nahi dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Abelardo Fernandez Alaveseko entrenatzailea, haserre, larunbatean Osasunaren aurka jokatutako derbian. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Oroipenak, besterik ez

Eñaut Agirrebengoa

Abelardok okerreko bidetik abiatu du bigarren aroa Alavesen aulkian. Iraganeko formula ahaztu du, eta, oraingoz, hasiera hobe baten akorduak ekarri ditu soilik.
Asier Martinez eta Teresa Errandonea, ahalegin betean. ©KIKO HUESCA / EFE-RFEA

Lekuko baino gehiago

Julen Etxeberria

Atletismoko lehen txapelketa handia jokatuko dute pandemia betean: Pista Estaliko Europako Txapelketa, Torunen, Polonian, bihartik igandera. Bi euskal herritar ariko dira, biak 60 metroko hesidunetako proban: Asier Martinez eta Teresa Errandonea.

 ©STEPH V. PHOTOS / AIVORN

«Giroagatik aukeratu nuen Baiona»

Iñaki Berastegi

Ordasek uste du ezen, koronabirusak gogor astindu bazituen ere, garaiz indarberritu direla mailari eusteko borroka esturako. Taldeko jokalari garrantzitsuetako bat bilakatu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna