Donostiako 69. Zinemaldia. Horizontes Latinos. KRITIKA

Zenbat eta zenbat Amparo

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Amparo'

Zuzendaria: Simon Mesa Soto. Herrialdea: Kolonbia-Alemania-Suedia-Qatar. Iraupena: 95 minutu.

Kolonbian gaude, 90eko hamarkadan. Amparoren semea, Elias, armadak eraman du ezustean, eta gerra eremu arriskutsu batera joango dela esan diote. Emakumea semea berreskuratzeko edozer egiteko prest dago, eta diru truk Eliasen paperak aldatu eta armadatik irteten lagunduko dion gizon bat aurkituko du. Denbora gutxi eta baliabide are gutxiago dituen arren, diru hori lortzeko dituen aukera guztiak agortuko ditu.

Simon Mesa Sotok zuzendutako lehen film luze honetan, ama batek semearengatik egiten dituenak ikusiko ditugu. Gatazkaren une gorenean kokatuta dago istorioa, eta ustelkeriaz jositako sistema batean bizirik iraun behar duen emakume baten azalean jarriko gaitu Mesak. Izan ere, zuzendari kolonbiarrak erabili duen pantaila formatu karratuari (4:3) eta egindako plano itxiei esker, Amparoren estutasuna sentituko dugu; arnasa egiteko aukerarik gabe uzten gaitu, eta ez dugu irtenbiderik ikusten. Eta planoen gertutasun horiekin kontrastean, determinazioz beteriko antzezpena (Cannesko jaialdian saria eraman zuen antzezpena), gauzak okertu arren keinua aldatzen ez duena. Zenbait unetan hotz sentitzen duguna. Egin behar duena egingo duela argi daukan emakume baten aurpegia erakusten digu Amparo-k, gertatutakoa gertatzea espero izango balu bezala. «Gerra pobreena da» dio pertsonaia batek, eta orduan ohartzen gara: zenbat eta zenbat Amparo dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.