Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Inork agindu gabe

2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Askotan esaten ziguten ume ginela: «Amak aginduta berehala egingo huke hori! Ezta...!». Inork agindu gabe eta ezerk hartara derrigortu gabe egiten duen horretan plazer berezia aurkitzen baitu umeak, norberak egindako aurkikuntzaren plazer erantsia, zeregin horrek zikindu, nekatu edo arriskuan jartzen duen asko inporta gabe. Handitu eta heldutakoan ere atxikimendu berezia izan ohi diogu inork agindu gabe eta ezerk hartara derrigortu gabe egiten dugunari.

Telebistan, Herri txiki, infernu handi saioak Elgoibarko Aiastia-San Migel auzoari eskainitako atalean, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle ezagunaren osaba Anjel —aurrerantzean Tio Anjel— ikusi eta gero etorri zitzaidan burura txikitan entzundako esaldi hura. Baserritarra eta artzaina da Tio Anjel, ukuiluan lanean ari dela ardien gaitzak eta ondoezak eskuko telefonoaren bidez apuntatzeko sistema efikaz baten asmatzailea, baita ardiak eroso eserita jezteko baliatzen duen trenbide sofistikatu batena ere. Horiek erakutsi ondoren, bere hobbyaren berri eman zion telebista saioan Tio Anjelek Zuhaitz Gurrutxaga ilobari: «Oesteko» (Far West-eko, Mendebalde Urruneko) nobelaz eta pelikulaz betetako zapata kaxa batzuk. Inork agindu gabe eta ezerk hartara behartu gabe irakurriak eta ikusiak denak.

Oso ederra iruditu zitzaidan Tio Anjelen zaletasun hori, hain berezkoa, hain debaldekoa, hain, nolabait esateko, «amak agindu gabekoa». Baina halako ezinegon txiki bat ere sentiarazi zidan, inbidiak eragina, dudarik gabe. Inbidia, jakina, gaztelaniazko literaturari, Tio Anjelen liburu guztiak, esan gabe doa, gaztelaniaz idatziak baitira. Inbidia, Tio Anjel euskaldun petoa izan arren, iloba Zuhaitzekin erdaraz hitz egiten ezin irudikatuzkoa, hori baino are zailagoa egiten zaidalako irudikatzea haren baserrian euskarazko liburuz betetako zapata kaxarik, hain zaigu zaila euskaldunoi euskaraz inork agindu gabe eta ezerk hartara derrigortu gabe euskaraz irakurtzea, euskara bere betiko eta berezko txokoetatik ateratzea. Ez, jakina, Tio Anjelen edo hark bezala jokatzen dutenen erruz, ezta euskara berez eta per se inguruko erdarak baino ahulagoa delako ere, euskararen historiaren eta gaur egungo egoera soziolinguistikoaren ondorioz baizik, Pako Aristik berriki Hitzen uberan agerkari digitalean, Testuingurua izenburua duen artikuluan, ederki azaldu duen moduan. Azken batean, aginduz betetako historia luze baten ondorioz irakurtzen du Tio Anjelek irakurtzen duena irakurtzen duen hizkuntzan.

Xabier Gereño etorri zitzaidan gogora, gure Marcial Lafuente Estefanía izan zitekeen idazle saiatua, eta Ramon Saizarbitoriak hari buruz oraindik orain, Felix Ibargutxik egin eta El Diario Vasco egunkariak 2018ko maiatzaren 7an argitaratutako elkarrizketan, egindako aipua: «Bai, kristaua zen [Xabier Gereño]. Pertsona ona, tolerantea. Asko maite zuen [Gabriel] Aresti, adibidez, eta bazekien apreziatzen pertsonaren balioa, begiratu gabe akatsei edo desadostasunei. Orain gehienok ikasi ez duguna bazekien Gereñok egiten. Baina nik banuen harekin desadostasun bat. Gereñok nahi zuen euskarazko kultura herrikoia egin, gaztelaniaz egiten zenaren pare. Hark masa-kultura nahi zuen: berbena-kantak euskaratu, polizia-nobela irakurterrazak... Eta gu elitistago ginen, uste genuen euskarak abangoardia izan behar zuela; alegia, uste genuen abangoardiazko produktuak egin behar zirela, euskarari prestigioa emateko. Egia da Gereñorekiko mespretxu pixka bat egon zela; eta gu gazte pedante eta petral batzuk ginen».

Gogora etorri zitzaidan Irene Arraratsek Bernardo Atxagak aspaldi aipatutako erresonantzia-kaxari buruz Jakin aldizkariaren 225. zenbakian argitaratu berri duen artikuluan idatzitakoa ere: «Zernahi hizkuntzaren estandarra, sortzez eta definizioz, aldaera artifiziala da. Berezkoa du plastikozkoa izatea, eta erresonantzia-kaxak ematen dio natural-antza, artifizialki, gizartean egiten den ia guztia artifizialki egiten den gisa berean».

Baina barruagora ere iritsi zitzaidan inbidia, induskailu zulatzaile indartsu eta temati hori, gune pertsonal eta intimoagoetara. Inbidia sentitu nuen idazle gisa, inork ez dituelako nire idazlanak Tio Anjelek Mendebalde Urruneko nobelak irakurtzen dituen moduan irakurtzen; eta inbidia sentitu nuen irakurle gisa ere, aspaldidanik ez dudalako ezer irakurtzen Tio Anjelek Mendebalde Urruneko nobelak irakurtzen dituen moduan, inork agindu gabe eta ezerk hartara derrigortu gabe, inolako onurarik espero gabe, ez zuzenean eta ez zeharka, erabat debalde, inongo eta inolako gurasoren agindurik, eskaririk edo aholkurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.