Arabako DNA duen 'alaba' berria

Kuartangoko sagardotegian ekoitzi duten sagardoa aurkeztu dute: Alaba. Arabako sagar barietate ezberdinekin egin dute; are, lurraldeko fruituak bakarrik erabiltzen dituen lehen sagardoa izango da. 1.000 botilako ekoizpena atera dute.

unai etxenausia
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Arabako sagardo autoktonoa sortu dute Kuartangon, herrialdeko lau sagar motaz osatutako sagardoa egin baitu Benito Peciña sagardogileak: greñas, udare sagarra, quesica eta mocetas barietateak erabili ditu nahi zuen zukua lortzeko. Nortasuna eta gorputza duen sagardoa da, dastatu dutenak harritu dituena. Gainera, Euskal Sagardoa zigilua eman diote.

Euskal Sagardoa zigilua daramaten sagardoek bi ezaugarri nagusi dituzte: %100 hemengo bertako sagarrarekin eginak dira, eta kalitate bermea dute. Gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagargileek eta sagardogileek osatzen dute, eta 115 sagar mota daude baimenduta. Arabako sagarrak bakarrik erabiltzen dituen sagardo bakarra da Alaba.

Oraingoz, mila botilako edizio mugatua atera dute bakarrik. «Oso ekoizpen mugatua atera da, badaezpada. Sagardoaren kalitatea zein zen ikusteko probak egin nahi zituen Peciñak». Hala ziurtatu du Olatz Mitxelena Euskal Sagardoaren koordinatzaileak. Aurtengo uzta ez da nahi bestekoa izan. Halere, aurrerago botila gehiago ateratzeko aukera izatea espero du.

Ardoa baino gehiago

Azken urteotan sagardogileak sagar motak gehiago aztertzen hasi dira, eta sagardo berriekin esperimentatzen. Mitxelenak azaldu duenez, ez da kasualitatea Kuartangoko sagardoak izan duen oihartzuna, sagarrak protagonismoa duen produktu batek beti duelako harrera oso ona: «Kontakizun bat dago sagardoaren atzean, azalpen bat eta ikerketa bat. Jendeari asko gustatzen zaio hori».

Beraz, Alaba sagardoa ateratzea garrantzitsua izan da, Araban sortuak diren fruituz egina dagoelako, batez ere. Mitxelenarentzat, ardoa ekoizteko lurraldea baino gehiago da Araba: «Ardoa dago, oso ona, gainera; baina sagarrak eta sagardoa ekoizteko lurralde garrantzitsua ere bada Araba».

Kuartangoko sagardogileak nahi zuena lortu duela uste du Mitxelenak. Pertsona langile gisa definitu du Peciña. Haren ustez, bultzada bat eman nahi zion Arabako sagardoari, tokiko bertako produktuak bakarrik erabiliz. Eta lortu du nahi zuen emaitza. «Sagar mota bakoitzak bere izaera ematen dio sagardoari. Eta garrantzitsuena, prozesuaz haratago, oso sagardo ona atera zaio Peciñari».

Azkenik, sagardo garai berria asteartean zabalduko dutenez, horren inguruan hitz egin nahi izan du Mitxelenak. Gogoz ikusten du jendea sagardoa dastatzeko: «Oso polita izango da garaiberri hau. Inongo murrizketarik gabe, zutik edan ahal izango du jendeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.