Harremanen tripak ahotan

Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek ikuskizun berri bat ondu dute, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin: 'Erik eta Win'. Gaur estreinatuko dute, Donostian

Jon Aizpurua (Donostia Kultura), Aitor Atxega, Imanol Kamio, Unai Muñoa, Asier Sota eta Ander Lizarralde, Donostian, emanaldiko kartelekin. DONOSTIA KULTURA.
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ez gara Palestinaz ari! izan zen Buhameak taldeak jendaurrean eman zuen lehen emanaldia, eta baita «filosofia honen hasiera» ere, Unai Muñoa bertsolariaren hitzetan. Hark, Ander Lizarralde bertsolariak, eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariek osatzen dute Buhameak, eta, aurreko ikuskizunetik sei urtera, gaur estreinatuko dute elkarrekin ondu duten lan berria: Erik eta Win. «Ez da Ez gara Palestinaz ari!-ren bigarren partea», zehaztu du Muñoak, «baina bai filosofia bera mantentzen duen emanaldia».

Publikoarekin lortu nahi duten «ispilu lanak» laburbil lezake Muñoak aipatutako filosofia. Ez gara Palestinaz ari! saioan, bi bertsolariek beren esperientziak kontatu zituzten, bakoitzak bereak, «esperientzia intimoak kontatzearekin» ikuslearengan galderak sortuko zituztelakoan. Formulari eutsi diote Erik eta Win-en, baina, bakarkako bizipenak egon beharrean, elkarrekikoak daude oraingoan oinarrian. Zehatzago, Muñoaren eta Lizarralderen arteko harremanetik abiatuta sortu dute saioa. Muñoa: «Aspalditik ezagutzen dugu elkar; bion arteko erlazioak garapen handia izan du, eta hori bera kontatu nahi genuen. Harremanak konplikatuak dira; badakigu: bikotean, lagunartean, familian... Saiatu gara aztertzen zein diren pieza horiek, askotan asko trabatzen gaituztenak».

Atxega eta Kamio ariko dira musika jartzen emanaldian, eta Muñoa eta Lizarralde, aldiro, bertsotan zein poemak irakurtzen, eta, aldiro, antzezten. Euren buruak antzeztuko dituzte, ordea, nahiz eta «karikaturizatuta» egon. Hala azaldu du Lizarraldek: «Gu biongandik abiatu arren, helburua da harremanetan sartzen diren mekanismo orokorrak biluztea. Horrek eskatzen zuen gure pertsonaien karikaturizatze bat: gu geu, baina muturrera eramanda. Zeure buruarekin barre egin ahal izateak eta gauza asko esplizitatzeak distantziatu egiten zaitu, eta ikasi ditugun mekanismoak desikasi daitezkeela ere erakusten du».

Izan ere, gizontasuna da obra zeharkatzen duten gaietako bat. Bi gizon eredu gorpuztuko dituzte agertokian: lagunkoiagoa, sentsibleagoa, bigunagoa bata, Muñoak antzeztua; eta gogorragoa, bere baitan gordetzera egiten duena bestea, Lizarraldek antzeztua. Biak, baina, «min beretik» abiatzen direla aipatu du Lizarraldek: «Badira egoera jakin batzuk non biok galdu samar sentitu izan garen. Unai babes bila ari zen; nik, berriz, babesa jasotzen nuenean, ukatu egiten nuen. Bi gabezia ezberdin dira, baina oso ondo uztartzen direnak». Hori ere azalarazi nahi dute obran, hain zuzen: «Harremanak nondik eraikitzen diren, azkenean. Berak menperatzaile bat nola behar duen, eta nik menperatu bat, hitz larriz esanda; puntu horretan nola konektatzen dugun biok».

Gogoeta eta umorea

Hausnarketa horiek guztiak —harremanak, gizontasuna, beldurrak, noraeza, boterea...— «arintasunez» lantzen saiatu direla aurreratu dute, «arintasunez, eta ez arinkeriaz». Gogoetarako pultsua bertso eta poemetarako utzi dute, eta umorea, antzerkirako. «Badira hari mutur asko gogoetarako, baina zentrala umorea da», laburtu du Lizarraldek.

Hiru bertso sorta idatzi, eta inoiz erabili gabeko doinuak sortu dituzte. Musika, bertsoa eta antzerkia, guztia harilkatzeko eta zentzu bat emateko, Asier Sota zuzendari artistikoarekin aritu dira lanean. Hala, aurreko emanaldiaren aldean, maila artistikoan jauzi bat eman dutela uste dute. Muñoa: «Ez gara Palestinaz ari! intuizioz egindako saio bat izan zen. Oraingo honetan, dena uztartzeko eta logika batean batzeko, Asier Sotaren ikuspegia klabea izan da. Baliabide pila bat eman dizkigu, kanpo begirada oso inportante bat. Guk jarri ditugu diskurtsoa eta mamia, baina horren loturak eta estetikaren zati handiena berak jarri ditu. Bakar-bakarrik horregatik, salto bat dakar aurreko lanekiko».

Eszenaratze soila izango du emanaldiak. Pianoarekin, gitarrarekin eta lau lagunekin, agertokia eurek beteko dute, baina izango dira «beharrezkoak» diren elementu gehiago ere; aulkiak eta arbel handi bat, kasurako. Lizarralde: «Gauza batean ezjakina zarenean, konturatzen zara zer interesgarria den dakienari entzutea. Eta antzerkitik datozenek hori diote: antzerkian, antzerkiak berak betetzen duela eszena. Erretilu bat imajinatzeko, ez da bandeja bat agertu behar; nahikoa da pertsona bat, zerbitzari eran, eskua jasota agertzea. Alde horretatik, beraz, nahiko soila da». Ñabardura, Muñoak: «Dena den, oso kalkulatuta dago oholtzako espazioaren erabilera, pauso bakoitza. Etengabe aldatzen da eszena, eta denak du intentzionalitate bat».

Eta nor den Erik eta nor Win. «Hor dago funtsa», Lizarralderen hitzetan. Istorio «erreal» batetik ateratako izenak dira biak: errefuxiatu bi ziren; konfinatuak egon ziren etxe batean, eta Erik eta Win hartu zituzten izen faltsutzat. «Denbora luzea eman zuten harreman sinbiotiko horretan, eta egun batean konturatu ziren, hainbeste gezur eta hainbeste identitate ordeztu, ez zekitela, bietako batek ere ez, zein zen Erik eta zein zen Win. Istorioa oso polita iruditu zitzaigun, eta identifikatuta sentitu ginen azaltzeko zer den harreman baten ispilua».

Donostian egingo dute estreinaldia, gaur, Lugaritz kultur etxean, 20:00etan. Asteasun (Gipuzkoa) izango dira gero, otsailaren 14an; Zaldibian (Gipuzkoa), martxoaren 27an; eta Oiartzunen (Gipuzkoa), apirilaren 4an. Data gehiago eta informazio guztia buhameak.eus webgunean jarri dute eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.