ZIENTZIA. Adolfo Garcia-Sastre. Birologoa

«Bagenekien gerta zitekeela, ez da ezer egin eragozteko»

Garcia-Sastre SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoak eta antibiralak ikertzen ari da, New Yorken. Zientziaren eta koronabirusen ikerketaren garrantzia eta baliabide falta salatu du.

KENA BETANCUR / EFE.
jakes goikoetxea
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Munduan gripearen birusari buruz dagoen aditurik handienetako bat da Adolfo Garcia-Sastre (Burgos, Espainia, 1964). Biologian eta mikrobiologian doktorea da. 1918ko gripearen birusa berregin zuen bere ikerketa taldeak. New Yorkeko Icahn Mount Sinai Medikuntza Eskolako Osasun Globalaren eta Patogeno Emergenteen Institutuko zuzendaria da. COVID-19 izurriteari aurre egiteko lanean ari da, hainbat modutara: txertoak ikertzen ari da, gaitza prebenitzeko; antibiralak probatzen, gaixoak tratatzeko; sagu ereduak garatzen, COVID-19aren kontrako txertoak eta botikak eraginkorrak diren probatu ahal izateko; eta odol markagailuak aurkitzen, kutsatuek gaixotasun arina edo larria izango duten jakiteko.

Hainbat ikerketa ildo dituzue SARS-CoV-2 birusari buruz. Zer egiten ari zarete antibiralekin?

Aurrena ikusiko dugu ea primateen ehun zelularretan funtzionatzen duten, laborategian. Birusak zeluletan duen erreplikazioa neurtzen ari gara. Antibiral horien helburua birusaren erreplikazioa eragoztea da.

Eta ehun zelularretan probatu eta gero, zer?

Arazoa da benetako gaixo larrietatik kanpo ez daukagula gaixotasun larriaren eredurik. Zailagoa da botikak probatzea, ez baitaukagu sistema esperimentalik.

Antibiraletako batzuk zuzenean ari dira probatzen gaixoetan, egoera oso larria baita.

Orain hori da garrantzitsuena. Botikaren batek laborategian emaitza onak emanez gero, ahal bada, lehenbailehen probatu behar da gizakietan, ikusteko ea benetan eraginkorra den edo ez.

Zein izan daiteke arazo nagusia antibiral batek funtzionatzeko?

Laborategian zuntz zelularrak birusarekin kutsatu ditzakezu, eta gero botika jarri, nahi duzun botika guztia. Gaixoetan, ordea, arazo nagusietako bat da botikaren kontzentrazio eraginkor batek iritsi behar duela leku egokira, birusaren erreplikazioa eragozteko.

Zer iruditzen zaizu hidroxiklorokinarekin gertatzen ari dena? Sendabidea dela esatea?

Ez dago daturik eta arrazoirik pentsatzeko gainerakoak baino hobea denik. Txinako talde batek ikerketa bat egin berri du: hamabost gaixo tratatu dituzte hidroxiklorokinarekin, eta beste hamabost ez. Ez dute alde handirik nabaritu. Horrek ez du esan nahi funtzionatzen ez duenik, gerta daiteke ikerketa handi batean emaitza hobeak lortzea. Dena den, ez da panazea izango.

Antibiral eraginkor bat lortuta ere, litekeena da gaixo guztientzat balio izatea?

Oso zaila da gaixo larri guztiak sendatuko dituen botika bat aurkitzea. Aintzat hartu behar da botika noiz ematen zaion gaixoari, nola erantzuten dion tratamenduari eta baita gaixotasun larria dutenek zer konplikazio izan dituzten aurretik ere. Edadetuen immunitate sistema, esaterako, ez da hain sendoa.

Eta zer bide jarraitzen ari zarete txertoarekin?

Alde batetik, CSICeko [Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia] Luis Enjuanesen eta Isabel Solaren taldeari laguntzen ari gara. Oinarrizko txerto bat garatzen ari dira birus ahulduetan. Beste alde batetik, beste laborategi batzuekin elkarlanean, koronabirus honen proteina ezberdinak sartuko ditugu txertatze bektore batean. Uste dugu proteina garrantzitsuena birusaren kanpo geruzako S proteina dela. Birusak lortu ditugu eta orain probatzen hasi behar dugu.

Ikerketa talde asko, estrategia asko, guztiek dute logikaren bat, baina lortuko al da txertoa?

Garrantzitsua da estrategia ezberdinak egotea, ez baitakigu txerto horiek eraginkorrak izango diren. Hori ez dugu jakingo hau guztia bukatu arte, denbora beharko baitute, gutxienez urtebete. Garrantzitsua da, beraz, beste txerto mota batean lanean jarraitzea, badaezpada, lortzen direnak nahiko eraginkorrak ez baldin badira. Gerta daiteke aurrena txerto batzuk lortzea, eta hilabete batzuk geroago, beste eraginkorrago batzuek horiek ordezkatzea. Agian, lehen txertoak ez dira onenak izango, baina erabili egin beharko lirateke, betiere infekzio arriskua gutxitzen baldin badute eta pertsonentzat kontrako ondoriorik ez baldin badute. Eskura dagoena da erabili behar den lehena.

Noiz egongo da lehen txertoa?

Ziurrenik txinatarrek lortuko dute lehen txertoa. Oso zaila da emaitzak urtebete baino lehen izatea, beti ere emaitzak onak baldin badira.

Inoiz baino hobeto prestatuta gaude halako pandemia bati aurre egiteko?

Maila zientifikoan, bai. Arazoetako bat da zientzian egiten den inbertsioa ez dela behar bestekoa.

Eskarmentu horretan eragina al du SARSean eta MERSean duzuen eskarmentuak?

Guztiak du eragina. SARSa gertatu izan ez balitz, itsuago jokatuko genuke. Dena den, koronabirus hau SARS-1aren oso antzekoa bada ere, jokabide oso ezberdina du, transmisioan batez ere.

Hala ere, zerorrek salatu izan duzu asko murriztu zirela SARSari eta MERSari buruz ikertzeko ahaleginak, jakinda halako birusen izurriteak izango ditugula hainbat urtetik behin.

Interesa nabarmen gutxitu zen,eta ez da egon behar besteko ahalegina horiek ikertzeko. Zerikusi zuzena du zientzian egiten den inbertsioarekin. Ez da nahikoa eta egokia, ez Espainian, ez AEBetan. Zientziari inoiz ez zaio eman beharko lukeen garrantzia. Zientziaz oroitzen gara bakarrik horrelako larrialdiak datozenean, 40 urtetik behin.

Jakina zen halako zerbait gerta zitekeela. SARSa ere gertatu zen. Egin al da zerbait eragozteko?

Ez. Saguzarrek koronabirus honen antzeko birus asko dauzkate. Bagenekien hori, eta bagenekien SARSaren antzeko zerbait gerta zitekeela, birus horiek gizakietara pasa zitezkeela. Eta gertatu da. Ez da ezer egin eragozteko.SARSaren kontrako antibiralak eta txertoak egiteari utzi egin zioten, SARSa bukatu egin zelako. Jarraitu izan balitz, agian orain txertoren bat edo antibiralen bat edukiko genuke.

Gerta al daiteke orain txerto bat aurkitzea eta hurrengo neguan, izurrite berri bat baldin badago, balio ez izatea, birusa mutatu egin delako?

Zaila da, oso aukera gutxi daude halako zerbait gertatzeko. Gertatuko balitz ere, erraza izango litzateke txertoa une horretako birusari egokitzea. Beste koronabirus batzuei buruz dakigunagatik, ez dut uste gripearen birusa bezainbeste mutatuko denik.

Gerta daiteke birusak izurrite honetan herritar gehienak kutsatzea eta hurrengo izurriterako txertoa hain premiazkoa ez izatea?

Bai. Ez dakigu txertoa lortuko dugunean COVID-19ak oraindik ere arazoa izango den. Txertoak ez du askorako balioko birusak munduko herritar gehienak kutsatu baldin baditu, talde edo artalde immunitatea gertatu bada, birusaren zirkulazioa oso txikia bada eta ia kasu larririk ez badago.

Zer iruditzen zaizu sendatu direnen odol plasma erabiltzeko aukera?

Tratamendu itxaropentsua da, beste gaixotasun batzuetan funtzionatzen du, baina ez dakigu koronabirus honekin funtzionatuko duen. Zailtasuna izango litzateke behar duen jende guztiari ematea. Prozesua korapilatsuagoa da botika bat ematea baino.

Zer espero daiteke SARS-CoV-2 birusaren mutazioez?

RNA birusen ezaugarri dira mutazioak. Beste organismo batzuek baino mutazio gehiago izaten dituzte, baina horrek ez du esan nahi SARS-CoV-2 kaltegarriagoa izango denik, aniztasuna erakusten du, besterik ez. Ez dira gertatuko transmisioa gutxituko duten mutazioak, hori birusaren beraren kontra baitoa. Zaila da, era berean, birusari gaixotasun larri gehiago eragitea ahalbidetuko lioketen mutazioak gertatzea.

Zergatik?

Arnas aparatuko birus batean normalean horrek ez duelako zerikusirik bere transmisio gaitasunarekin. Birusa hobea izateko mutatzen bada, beretzat hobea izatea ez da gaixotasun larri gehiago eragitea, gehiago transmititzea baizik. Horretarako, hobeto erreplikatu beharko luke arnas aparatuaren goiko aldean, sudurrean eta eztarrian, eta hor ez luke pneumonia arazorik sortuko. Baina oso zaila da hau baino hobeto transmititzen den birus bat irudikatzea.

Izurrite hau eta gero, zer? Bigarren bat izango da?

Ziurrenik, bai, hurrengo neguan. Zaila da jakitea bietatik gogorrena zein izango den oraingo hau pasatu arte. Normalean, bigarren olatua lehenengoaren araberakoa izaten da: zenbat eta kutsatu gehiago lehenengoan, gutxiago bigarrenean.

Endemiko bihurtuko da, gripearen moduan?

Ez dakigu, baina hori dirudi, hala gertatu baita gripe pandemiekin, eta erraza da honek ere haien moduan funtzionatzea. Hala ere, ez da ziurra. Horrek ez luke esan nahiko bizitza guztian arazoak eragingo dituenik. Arazo nagusiak orain gertatzen dira, mundu guztiak duenean kutsatzeko arriskua. Gero, jende gehienak gaixotasuna gainditu duenean edo txertatuta dagoenean, ez dut uste oraingo arriskurik eragingo duenik. Kasu kopurua askoz ere txikiagoa izango da, eta, batez ere,eragingo die immunitate sistema ahuldua dutenei —edadetuak nagusiki— eta immunitatea ez dutenei, pandemia ostean jaiotakoei.

Endemiko bihurtzen bada, antzeko beste birus batzuen kontra babestuago egongo gara?

Litekeena da SARSaren antza duten birusek kalte gutxiago eragitea. Immunitate sistema prebenitzeko prestatuago egongo da.

Jende asko ari da itxialdiaren osterako planak egiten. Itxialdia, ordea, ez da egun batetik bestera guztiz bertan behera geratuko, ezta?

Jakina. Orain garrantzitsuena kasu kopurua gutxitzea da, larriak, ospitaleratuak, batez ere. Orduan pentsa daitezke itxialdia arintzen hasteko neurriak, baina kontuz. Ezin da erabat eten. Garrantzitsua da birusaren ibilbidea etengabe jarraitzea eta diagnostikoak egitea, ikusteko birusak nola erantzuten dion neurriak arintzeari. Ondorioak ikusteko, gutxienez astebete pasatzen da. Beraz, poliki-poliki joan behar da. Neurriak arintzen hasi eta kasu kopuruak gora egiten badu, berriro jarri beharko dira indarrean. Egoera horretarako, oso garrantzitsua da tresnak izatea jendearen antigorputzak neurtzeko, horrela jakingo baita zein den kutsatzeko arriskua.

Gerta daiteke herrialde batek izurritea gainditzea eta beste askok ez gainditzea, eta herrialdeen arteko harremanak mugatzea.

Herrialdeen artean eta hirien artean ere bai. Birusa egunez egun jarraitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.