Aitor Mendiluze Gonzalez. Bertsolaria

«Elkarrizketak sortu nahi ditut, hala ulertzen baitut nik bertsoa»

Durangoko eta Bilboko finalaurrekoetan kantatu ondotik, final handira iritsi da, seigarrenez, Aitor Mendiluze. Berezkoa duen estilo jostari eta bizian aritu zen saio horietan, eta horrela kantatu nahi du Iruñean ere.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Hilabete iraun du Aitor Mendiluzeren (Andoain, Gipuzkoa, 1975)zazpigarren Txapelketa Nagusiak. Bizkaian jokatu zituen finalaurrekoen bi itzuliak: Durangon eta Bilbon. Bere kolorearekin busti zuen lumaren punta, eta harekin margotu zituen bi saioak. Hartara, bere estiloan aritu zen; bere buruarekin «ahalik eta modu fidelenean». Hala aritu nahi du finalean ere: bere bidetik tira eginez baino gehiago, elkarrizketarako bideak sortuz.

Seigarren finala duzu. Zer moduz zaude?

Lasai samar oraingoz; errutinari helduta. Finalerako astebete libre hartzea luze joango litzateke. Beraz, horixe, ahal den neurrian behintzat, eguneroko lanean, nahiko tenple onean. Ez du ematen, baina urruti dago. Normalenean, biharko egunez hasiko gara esnatu eta tripetan urduritasuna nabaritzen. Hori positiboa da, hala ere. Txarra izaten dena da ez sentitzea, horrek esan nahi baitu ez daukazula tentsiorik, eta hori ere ez da oso ona.

Beste batzuena baino laburragoa izan da zure txapelketa.

Hori da. Laburra eta intentsoaizan da bide hori. Nire bertsokide askok bigarren aldiz kantatu behar zuten nik lehenengoz kantatzerako. Joanesek, adibidez, denbora gehiago pasatu zuen lehenengo finalaurrekotik bigarrenera nik lehen saiotik finalera baino. Aste asko dira burua jaten, eta ez zara erlaxatzen. Jakin behar da tentsio hori eramaten. Niri eskarmentuak erakutsi dit.

Orain bost urteko finalean txapeldunorde izan zinen. Horrek, aurtengoari begira, langa bat markatzen dizu?

Ez. Egia da txapelketa asko jokatu dituzunean gauza horiek erlatibizatzen ikasten duzula. Ni txapeldunorde nintzen, baina Sustrai puntu erdira neukan. Orduan, izan nintekeen ni hirugarren ere, eta ez luke inork buruan edukiko.

Txapelketa hasi aurre horretan, jendea oso mitomanoa bihurtzen da, eta askok esaten digute: «Bua, zuek finalistok, finalistok...». Gu orain bost urte izan ginen finalistak. Bost urtean badakizu zenbat gauza pasatu diren? Ez da erreala jendeak jartzen digun halako aura hori, eta guk ere badakigu ez dela erreala. Txapelketa bakoitza da berria. Norbera ibilbide batekin dator, eta bai, ibilbide horretan hainbat gauza daude, baina zu zeu ibilbide horretako beste puntu batean zaude. Eta puntu horietako bakoitza, nolabait esatearren, mugarri bat da zure ibilbidearen eboluzio horretan. Txapelketak puntu definitu batean harrapa zaitzake, edo bi punturen artean. Definitutako puntu on batean harrapatzen bazaitu, hori oso ona da, baina bi punturen artean harrapatzen bazaitu, ez zara lehengoa, eta ez zara izan nahi zenukeena. Horren guztiaren aurrean, lehenago egindako postua oso gauza lausoa da.

Gorka Azkarate BERRIAko bertso analistak idatzi zuen erraz kantatzen duzula, «saio arrunt» batean kantuan ariko bazina bezala. Hori duzu helburu?

Irakurri nion hori, bai. Uste dut nire bertsokeraren ezaugarrietako bat dela hori. Urte asko dira bertsokera bat definitzen eta garatzen ari naizela. Hau da, ni bertsotara noa beti. Txapelketa batek, noski, baditu beste bereizgarri batzuk, eta, ondorioz, ez duzu berdin egiten. Baina tira, bertso bakoitzean saiatzen bazara egiten ari zarenaz gozatzen, nahi gabe ere, plazakotik oso hurbil atera dakizuke saioa. Hori egiteko beharra dut, gainera. Joango banintz pentsatuta txapelketan beste ez dakit zer egin behar dudala, ez nuke egingo; ez litzaidake aterako.

«Zer egin nahi duzu?» galdetzen dizutenean, «ni bertsotara noa» erantzuten duzu sarri. Gauza bera esan duzu orain ere. Zer esan nahi du, zehazki, bertsotara joate horrek?

Neure buruarekin fidela izatera noala esan nahi du. Askok esan didate: «Benga, Aitor: aurten txapelaren bila!». Nik ez dut txapelaren bila joan nahi. Zergatik? Txapelaren bila joateak nahi ez dituzun hautuak egitera eraman zaitzakeelako.

Adibidez?

Esan nahi dut, gai baten aurrean, nik kantatu nahi badiot kuadrillan triste dagoen umeari, baina baldin badakit tratu txarrak jasan dituen emakume baten rola hartuta —adibide bat da, e?— gehiago puntuatuko dela, arrazoi horregatik bide hori hautatzea. Txapelaren bila joateak ekarriko luke ustez gehien puntuatuko den ariketa egitea.

Eta «bertsotara joateak» zer ekarriko luke, bada?

«Nik hau kantatu nahi dut, eta hori egitera noa»: horixe. Ofizio baten aurrean dialogorako jarrera bat hartzea dakar. Ofizioetako gai batzuen aurrean oso erraza da bakoitzak bere bakarkako lana egitea; bakoitzak beretik tira, eta kito. Ni saiatzen naiz hori ez egiten, elkarrizketa horretan sinesten dudalako. Bestera egingo banu, hau da, hiru bertso potolo botako banitu, badakit puntuazio ona lor nezakeela, baina ez zait interesatzen. Puntuazioari begiratu baino, nahiago dut nahi dudana egin eta elkarrizketa bat sortu. Niretzat, hori da bertsotara joatea.

Hori ere bada zure bertsokeraren ezaugarri; kideari elkarrizketarako bidea ematea, alegia.

Bai, esango nuke baietz. Bada nire helburua, behintzat. Izan ere, elkarrizketak sortu nahi ditut, hala ulertzen baitut nik bertsoa. Egia da, ofizioetan, gai batzuk nahita planteatu direla A eta A. Hau da, egoera bat deskribatzen digute, eta biok posizio beretik kantatu behar dugu. Halakoetan, bakoitzak bere diskurtsoa egiten badu, oso bertso onak atera daitezke, baina ez dago interakziorik, eta hori da ez dudana nahi. Beraz, nik kideei esan izan diet: «Nik esango dizuet: 'A baina...'». Beti saiatuko naiz dialogorako bidea zabalduko duen baina bat ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.