Komunitatea giltza

BERRIA.
Agurtzane Martinez Gorrotxategi
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gaur egun nazioartean aldarrikatzen da hezkuntza sistemen erronka handiena dela hezkuntza demokratiko eta inklusiboa sustatzea, haur eta gazte guztiek berdintasunaren, ekitatearen eta justizia sozialaren printzipioetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza jaso dezaten. Horren jatorrian dagoen ideia da hezkuntza eskubidea gizakiaren oinarrizko eskubidea dela, gizarte justuago baten garapena ahalbidetzen duena.

Hezkuntza inklusiboari buruzko hainbat ikerketak konplexutasuna eta zailtasuna erakusten dute kontzeptua definitzeko orduan, baina badaude elementu komun batzuk: i) inklusioa prozesu sozial zabalago baten parte da, ez da hezkuntzara mugatzen; ii) inklusioak ikasle guztien onarpena esan nahi du, eta aniztasunari balioa ematen zaio; iii) haren helburua da ikasleen partaidetza aktiboa eta arrakasta (sozial eta akademikoa) areagotzea bazterketa prozesuak murriztuz; iv) bukatzen ez den prozesu bat da, etengabe egoera berriak eragin ditzaketen oztopoei aurre egiten dielako. Inklusioan komunitateak hartzen du garrantzia, ikasle bakoitza da ardatza, eta komunitatea, testuinguru abegikorra, segurua, lankidetzarako eta bizikidetzarako eremua. Eskola bizitza testuinguru bihurtzen da, besteekin bizitzen eta bestea onartzen ikasten den lekua, bakoitzaren arrakasta denena bihurtuz.

Ikusten denez, Hezkuntzak aldarrikatzen duen aldaketa ez da teknikoa bakarrik, nahiz eta teknika handia behar duen. Komunitate, hezkuntza eragile, ikasle, irakasle eta familien partaidetza eta justizia sozialean sinestea behar du. Izan ere, ikerketek esaten dute sisteman dauden pertsonen sinesmenak eta jarrerak direla oztopo handiena hezkuntza inklusiboa garatzeko orduan. Orain dela gutxi arte, gizarteak izan duen sistema produktiboa, hezkuntza politikek eragin dituzten ohiturak eta arauak, jarraipen jokabideak, administrazioarekiko menpekotasunak... eraman gaituzte eskola instrukzio gune gisa ikustera, ikasle guztiei emaitza berdinak eskatzera, batzuen eskola porrota areagotzera, ikasleen artean eta ikastetxeen artean lehiakortasuna sustatzera eta desberdina den ikaslea baztertzera.

Eskola inklusiboaren garapenak sistema osoan aldaketa zabalak egitea eskatzen du. Esate baterako, lekuko administrazioak bere testuinguruaren baldintza, egoerei eta taldeen beharrei malgutasunez erantzuteko gaitasun handiagoak eta kokatutako zerbitzuak ditu; beraz, hezkuntzaren deszentralizazioa gomendagarria izango litzateke ikasteko eta parte hartzeko oztopo gehien jasaten duten kolektiboei ekarpen handiagoak egiteko eta erantzunak koordinatu ahal izateko. Ikasle eta familien parte hartzeko ereduak aldatu beharko lirateke, hezkuntza komunitateko partaide direla senti daitezen.

Hezkuntza politikak baliabideen banaketa ekitatiboa ikastetxeen egoera eta proiektuen arabera egin beharko luke, etasistemaren ebaluazioa ez litzateke kanpoko estandarretara mugatu beharko baizik eta ikastetxeen erantzunak hobetzera zuzendu, tokian tokiko testuingurura moldatu beharko litzateke, desabantailazko egoerak ekidin nahi baditu.

Irakasle ekipoek konpromisoa hartu beharko lukete ikasleei bizitza esperientzia positiboak eta arrakastatsuak eskaini ahal izateko, umeen garapen osasuntsua sustatze aldera. Azkenik, hezkuntza laguntza zerbitzuak sistema hobetzeko eragiletzat hartu beharko lirateke, ez solik zailtasunei erantzuteko irtenbide modura.

Beharrezkoa da momentu honetan beste eskola bat, ume guztiak benetan onartuak diren eskola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.