Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Elkarrizketa aldarri

2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Truman Capote Kiotoko hotel batera joan zen 1957an Marlon Brandori elkarrizketa bat egitera. Aktoreari enbarazurik ez egitearren, naturaltasuna eta berezkotasuna lortzearren, Capotek ez zuen grabagailurik eraman, ez zuen oharrik egin (lehenago, memoteknia ariketak eginak zituen, elkarrizketatuaren esanak gogoan hartzeko). Hala bada, vodka lagun, berriketari ekin zioten, kate motzean hasieran eta suelto gero. Eta iritsi zen elkarrizketa gauzatzeko tenorea, eta idazleak, ikusi eta entzun zuen guztia jaso ez ezik interpretatu ere egin zuen, asmatu kasik. Akaberan, gogoangarria izan behar zuen elkarrizketa —Dukea bere lurraldean— Brandori gogaikarria eta arbuiagarria iruditu zitzaion.

Gabriel Garcia Marquezek ere gorroto zituen grabagailuak, haren ustetan elkarrizketaren islarik konbentzional eta faltsuena jasotzen dutelako, eta aukeran erreportajea lehenesten zuen. Alabaina, Salvador Panikerrek beharrezkotzat ditu, eta aparailuak eskaintzen dizkigun material fidelekin, munta duena puzzlearen muntaketa dela uste du: emaitza, alegia. Dena dela, pentsalari katalanak grabagailuaren erabiltzailea ere gogoan du, eta uste du kazetari horrexen muga mentalek zedarritzen eta murrizten dutela elkarrizketatua. Horixe bera berritu zion behin Carmen Rigalt idazleak Saramagori, eta hark, orduan: «Barka diezadala Panikerrek, baina elkarrizketatua ez da Jainkoa». Guk geuk ere, harago joanik, oroit genitzake izan direla elkarrizketak guztiz baztertu dituztenak —Salinger, kasu—; edota, kazetariekiko mesfidati, beren buruari elkarrizketa egin, eta horixe baino argitaratu nahi izan ez dutenak.

Gurean, literaturari dagokionean, beharbada bi elkarrizketa liburu nabarmendu beharrean gaude, funtsean, biak ala biakere literaturak bestelako prestigioa eta predikamendua zituen garaikoak. Alde batera, Bost idazle Hasier Etxeberriarekin (2002) —Saizarbitoria, Lertxundi, Atxaga, Sarri, Izagirre—, gaur egungo idazle edo zaletu gazteentzat txundigarri bezain argigarria gerta daitekeena; eta, bestera, hura osatzera etorri zen Ana Urkizaren Zortzi unibertso; zortzi idazle (2006) —Urretabizkaia, Landa, Arkotxa, Mintegi, Oñederra, Borda, Meabe, Arrieta— ezinbestekoa.

Gustukoa izan ala ez, elkarrizketa idatziarena hedabideetan barrena sakabanatutako generoa dugu, genero barreiatua inondik ere (bestorduko Pako Aristiren ondotik hainbat elkarrizketatzaile nabarmendu dira: Nerea Azurmendi, Amagoia Iban, Mikel Asurmendi, Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz...). Eta, elkarrizketak bildu diren aldi bakanetan, benetako harribitxiak sortu direlakoan nago, hala nola Miel Anjel Elustondoren Zozoen elean —Mohamed Xukri, Xose Luis Mendez Ferrin, Argitxu Noblia…— eta Ainara Gorostitzuk hamaika immigranteri jasotako aitorpenekin osatutako Aldamenekoa lan ezin egungoagoa. Eta horiekin batera ezin ahantzi, besteak beste, Iñaki Petxarromanen Begirada bat Kubari edota Aristik berak Mikel Markezekin batera sortutako Plazer bat izan duk, Benito!

Guztiarekin, elkarrizketagilearen dohainak eta elkarrizketatuaren aldartea gorabehera, elkarrizketa literatur esperimentazio bide bikaina izan daitekeela erakutsi zigun Coetzeek bere autofikzio eredu gorenean, hau da, Uda nobelan: idazlearen beraren heriotzaren ondoko aldian kokatua, hari buruz lan bat egin nahi duen gazte zaletu bat dakarkigu, zeinak idazlea ezagutu zuten bost pertsona elkarrizketatuko dituen —amoranteak, irakasleak...—. Emaitza, esan bezala, ezin hobea da, eta halakoxeak dira, aldi berean, eragiten dituen desasosegua eta zalantza.

Horrekin batera, eta gutxienez aurrekoa bezain interesgarria, Mauricio Jalon eta Fernando Colinasek idatzitako Reales e imaginarios. Diálogos dugu. Bertan, azken hamarkadetako hainbat idazle, aditu eta jakintsu elkarrizketatu zituzten, behin baino gehiagotan zenbaitetan —Claudio Magris, Peter Burke, Jean Malaurie...—; baina beste zenbait solasaldi konstrukto imaginarioak dira, molde fidagarrian hainbat idazki, dokumentu eta lekukotasunetan oinarrituak —Mary McCarthy, Marthe Robert, Natalia Ginzburg eta Leonardo Sciascia—. Guztiarekin, hizketaldi guztiek ere irakurketa historiko eta intelektual aberasgarria eskaintzen digute hibridotasunera zabaltzen zaigun genero barreiatu honen bitartez. Eta martxoak hiru dituen honetan beharbada aukera ezin hobea dugu ariketa horixe berritzeko Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moralekin: haiek elkarrizketatzeko, haiek orainera ekartzeko, haiek oroitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.