Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Sinetsiko ez dizut, ba

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bortxatu zaitzakete kaleko bost morroik, eta bortxatu zaitzake senarrak, eta koinatuak. Isilaraz zaitzake epaile batek, eta isilaraz zaitzake semeak. Ez da literatura: errealitatea da. Eta tira: bada literatura ere, aspaldi-aspaldidanik gaurdainokoa.

Gogoratu, bestela, Penelopez, Odisea-ko (eta gerora, besteak beste, Serraten kanta biolintsu hartako) itxarotzaile leial eternal hartaz, zeinak, bakean utz zezaten ehuntze- eta desehuntze-plan nekez hari heldu beharrarekin aski ez, eta beste zeregin inportante bat ere izan baitzuen: Telemako semeak bere burua jaun eta jabe berresteko aukeratutako emakumea izatea. Izan ere, labur kontatuta, egun batean «Ixo, ama, eta segi sukaldera» bota zion Telemako gazte jator-jator hark amari (edo tira, horixe bera, baina poetikoago esana, Homero ez baita alferrik Homero), hainbat gizon inguruan adi zeudela bota ere, eta, Mary Beard historia klasikoko adituak Emakumeen ahots publikoa mintzaldian esplikatu zuenez, badirudi ekintza sinboliko bezain efektibo haren bidez egin zela Telemako benetako gizon. Emakume bat (ama edo edozein) isilarazi, ahal dela beste gizaseme batzuen aurrean: hara zer egin behar den seme izateari utzi eta gizaseme bihurtzeko.

Filomela, berriz, hitzez ez ezik ezpataz ere isilarazi zuten, Ovidioren Metamorfosiak ospetsuan: nork eta koinatuak, hura bortizki bortxatu, eta, gutxitxo irudituta-edo, mihia moztu eta giltzapetu egin zuen gero, ez zezan sekula ezertxo ere esan, ez bortxaketaz eta ez beste ezertaz.

Horra hor bi adibide, bi adibidetxo baino ez, Mendebaldeko gure kultura honen bi oinarri literariotatik atereak. Elezaharrak dira, bai, baina etengabe sorberrituak. Errealitateak elikatuak, haiek gero errealitatea elikatzeko balio izan duten modu berean. Argi ibili, ordea, hain anaitasun samur hunkigarriz gure kultura osoa idatzi duten gizon horien obren irakurketa kritiko feminista egitea bururatzen bazaizu, zeren, goxoen-goxoenean eta gutxien-gutxienean, puritano zentsuratzaile ezjakin bat izatea leporatuko baitizute ustezko bidaidetzat dauzkagun horietako askok (inork adibiderik nahi badu, ikus dezala zer gertatzen zaion etengabe Beard-i klasikoak betaurreko morez interpretatzen dituenean, eta zer pasatu zaion berriki Laura Freixas idazleari Nabokoven Lolita modu kritiko eraikitzailean irakurtzea proposatu duenean).

Urrun omen dugu mitologia, baina Lukreziaren patua opa diete askok oraindik emakume bortxatuei: «Salatu ezan, bai, baina gero akabatu heure burua, eta isildu betiko». Hauxe baita emakumeoi gazte-gaztetatik behin eta berriz kontatzen diguten ipuina, lorik ez egitekoa: «Bortxatzen bahaute, errua eta malkoak besterik ez dun izango sekula eta beti. Ez haiz sendatuko. Ez haiz biziko». Ezinago argi eta gordin esplikatu zuen Virginie Despentesek King Kong teoria liburuan: «[...] nola liteke zuk bizirik segitzea goitik beherako mari-purtzil bat izan gabe? Bere duintasuna zaintzen duen emakume batek nahiago zukeen hil zezaten. [...] Bazirudien zeozer higuingarria zela baten bati beldurgarriagoa iruditzea eraila izatea, hiru urderen gerri-kolpeengatik traumatizaturik gelditzea baino». Eta, beharbada, istorioari amaiera biribil apoteosiko bat emateko, nobela beltzetako detektiberik ankerrena jarriko dizute atzetik isilpean, zeure onera itzultzen ahalegindu izana zeure kontrako froga gisa erabiltzeko.

Ipuin hutsak dira, bai, mitologia, baina, ohi ez bezala, zeinen esanguratsua gertatzen den mito hitzaren etimologia (mythos = kontakizun), noiz eta errelato ditxosozkoa hitzetik hortzera darabilgun garai honetan: Penelopez, Filomelaz eta Lukreziaz josita dago gure kulturaren kontakizuna. Hortik gatoz, hori gara. Sotilago, burokratikoago, cool-ago, sofistikatuago, liberalago, postmodernoago, baina horixe gara.

Sinetsi? Sinetsiko ez dizut, ba, ahizpa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.