Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Azturaz, ez sorkuraz

2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

«Harritu al zara emaitzak ikusita?». Horixe lehen galderetako bat joan den astean Jakin-ek euskal kulturaren kontsumoari buruz antolatutako jardunaldian. Ezetz erantzun zuten parte-hartzaileek, eta ezetz, seguru asko, entzule askok ere beren baitarako. Elkar etxeak enkargatutako azterketaren datuak atera zirenean, egia esan, harridura igual ez, baina sustoa sumatu nuen nik inguruan; harridura ez, baina bai harrituaren asaldura hori: «baina-zer-da-hau» nolabaiteko bat. Maiatzaren 22ko jardunaldian argi asko geratu zenez, ordea, euskalgintzako eragile ugari oso jabetuta zeuden lehendik ere egoeraren gordinaz (badaitort: eutsi egin behar izan diot hor adjektibo substantibatu tremendistagoren bat erabiltzeko tentaldiari); halaxe islatu da eta islatzen da oraindik ere haien ekinean.

Bada, ez da koipea emateagatik, baina, Juan Luis Zabala hirudikideari joan den astekoa leitu eta gero, esan nahi diot (kontsolagarri izango ez bazaio ere) nik Oesteko nobelarik ez baina bere Inon izatekotan, besteak beste, oso gustura irentsi nuela, inork hartara behartu gabe, neke-gogorik gabe eta trukean interes ilunik izan gabe. Konforme: agian tranpa egiten ari naiz arrazoibide horrekin, zeren kontsumo endogamikoaren parte bainaiz ni, bai, badakizue, elkarren lanak irakurtzen, entzuten eta ikusten dituzten idazleen eta gainerako sortzaileen, itzultzaileen eta bestelako eragileen klubekoa. Berrerabiltze- eta birziklatze-sistema ederra da hori, inondik ere, baina ez dakit oso sosteniblea den, eta are gutxiago jasangarria eta iraunkorra, bere hartan eta babesik gabe utziz gero behintzat, mugak haragotu ezinik. Ekonomia ekologikoan ez bezala, guri desazkundeak ez digu onik egiten. Naturazko inertziarik ez: guk giza esku-hartzea behar dugu, eta suelto, gainera. Pixka bat galtzea, gutxi-gutxi dutenentzat, den-dena galtzea baita.

Eta guztia ez galtzeko, guztia beharko; baita itxuraz (eta itxuraz bakarrik) bateraezinak diren burubideak ere, Jakin-en mahai-inguruan agerian geratu zen bezala: sedukzioa, bai, baina baita herritarrak gauza batzuetara behartzea ere; ahalegin pribatu indibiduala eta ahalegin publikoa; egonarria eta latosidadea; eragile handiak eta koxkorrak; erromantikotasun ameslari hegalaria eta errealismo sendo berunezkoa; apaltasuna eta konplexugabezia.

Oraingoan ere, euskaldun gisa, har ditzagun gogoan feminismoaren eta beste hainbat mugimendu sozialen ideia funtsezkoetako batzuk, samurrak eta salgarriak ez izan arren. Adibidez: gizarte parekide bat nahi badugu eta boteregune publikoetan, demagun, 100 pertsonatik 80 gizonezkoak badira, gizonezkoen multzoak uko egin beharko die, halako batean, 30 lekuri; eta hori ez da, inondik ere, lapurretan egitea, baizik gehiegi zuenari neurrian ematea. Bada, hizkuntzekin eta kulturarekin, beste hainbeste: pentsatu beharko da zeri uko eginarazi behar zaien erdaldun elebakarrei, edo, leunago nahi bada, nola eman behar zaien erdaldun elebakarrei eta euskaldun elebidunei bidez dagokiena, diglosia- eta gutxiagotasun-desoreka hau behingoz orekatzeko.

Eta segi dezagun esna: ez ditzagun kasualitatetzat jo euskal kulturaren kontsumoaren gaineko datu hauek eta zenbaitek azkenaldian euskara estandarraren eta euskalkien aitzakian berriz piztu nahi izan duten gerra etxekaltea, ustez gainditua genuena; gaitz beraren sintomak dira, ez osorik noski, baina bai hein batean. Izan ere, zeinen erosoa baina antzua den, euskaldun zaharrenetan zaharrena izanik ere, bertan goxo egitea bertanoso egiten ahalegindu ordez, hots, euskaldun oso izateko ohitura hartzeko borondate gutxienekoa izan ordez (euskal kultura kontsumitzeko borondatea, besteak beste). Simone de Beauvoir gureak argi azaldu zigun: «Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da». Eta Koldo Mitxelena gureak ere, bide berean, argi esan zigun: «Azturaz gara euskaldun, ez sorkuraz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.