KRITIKA. Opera

On Pasqualeren pianoa...

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun

'Don Pasquale'

Egilea: Gaetano Donizetti. Musika zuzendaria: Roberto Abbado. Eszena zuzendaria: Jonathan Miller. Ahots bakarlariak: CarlosChausson, Jessica Pratt, Santiago Ballerini, Javier Franco, Javier Campo. Pianista: Diego Mingolla. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Azaroak 21.

OLBEk, 66 urtetan opera bat bertan behera inoiz ere utzi ez duen elkarteak, Don Pasquale orkestrarik gabe ematera behartua izan da, bigarrenez eta bere errurik gabe, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lanuztearen kausaz. Guk geuk, nahiz eta grebalariengandik hurbilago izan, iritzi publikoari informazio eskasa eta berantarra eman zaiola sumatzen dugu, baita oportunismoa ere —erantzule ez denari kaltea egitean—. Baina larriago da, gure aburuz, administrazioek askotan agertzen duten harrokeria eta ezgaitasuna soldatapekoekin sasoiz negoziatzeko.

Dena den, Gaetano Donizettiren Don Pasquale-n orkestrak utzitako hutsunea ez da hain larria izan bigarren taularatze honetan. Arrazoiak? Lehenengoan bezala, oso ondo funtzionatu dutelako ahots taldeak eta eszenak, eta bigarrenerako Carlos Chausson baritono bikaina berreskuratu delako, baina baita Diego Mingolla pianistagatik ere, orkestraren hutsunea eta zauri tinbrikoa arindu baitzituen. Beraz, biek ala biek jaso zituzten publikoaren esker oneko txalo zaparradarik handienak.

Larritasun hori arintzen duen beste arrazoia operaren izaeran datza. Izan ere, 1843an egindako maisulan honek ez dauka geroago Verdiren, Pucciniren eta Wagnerren operek izango zuten orkestrazio dentsoa, ez eta tinbrearen zein erritmoaren halako aberastasunik ere. Hala, obra barregarri honek modu egokian onartzen du piano baten soinuaren sustengua, eta horretan bikain aritu zen arestian aipatu Diego Mingolla: adi-adi zuzendariaren aginduetara, hutsunerik gabe eta nekaezin lagundu zuen bi orduko emanaldia, abeslari taldearen erritmo, dinamika eta ñabardura guztiak betetzen.

Eta zer esanik ez Carlos Chaussonek! Denok esperotakoa zen haren agerraldia afonia sendatu eta gero, eta Bilbon gustukoa den baxu bufoak asko animatu zuen ikuskizuna agure engainatuaren plantak egiten: haren bolumen handiko ahots tinbratua eta erregularra erregistro guztietan entzun zen, kantu silabatuan maisu aritu zen, graziaz intonazioan...

Haren alboan, Jessica Pratt sopranoak, Norinaren rolean, abesteko goi teknika erabili zuen bel cantoaren trebetasunak erakusteko: legatoa, trinoak, agudo eta sobreagudoak... lantzeko erraztasuna agertu zuen. Beharbada, abeslarien artetik, hari egin zion kalte gehien orkestra ez egoteak, batez ere goi erregistroan. Santiago Ballerini tenorra ere, ahotseko indar urritasuna dela eta, asko kaltetu zuen orkestraren gabeziak, baina pianoren laguntzarekin, lerro kantu ederrak entzun genizkion, naiz eta arazoren bat edo beste eduki erregistro altuetan. Oso ondo aritu zen Javier Franco baritonoa, ahots propioz engainuaren zuzendariaren rolaren itxura egitean.

Eszenaren arloan, Jonathan Miller eszena zuzendariak —hemen Daniel Dooner zuzendari laguntzailearekin— hiru solairuko panpinaren etxean kokatu zuen endredoa, Commedia dell'arte baten giroa sortuz arropa dotoreekin eta zuriz makilatutako pertsonekin. Asmakizun koloretsu eta baliogarria.

Ikustekoa izango zen Roberto Abbado musika zuzendaria orkestra handia gidatzen ikustea. Lan erdia egin zuen, eta bikain aritu zen pianistari eta abeslariei kontrol eta erritmo zehatzak aginduz. Bai pena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.