KRITIKA. Zinema

Borrokaz, dotoreziaz

Phantom Thread filmeko fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'Phantom Thread'

Zuzendaria: Paul Thomas Anderson. Aktoreak: Daniel Day-Lewis, Vicky Krieps, Lesley Manville, Richard Graham, Bern Collaco, Jane Perry, Camilla Rutherford, Pip Phillips,Dave Simon, Ingrid Sophie Schram. Herrialdea: AEB. Iraupena: 130 minutu.

Bi ordu trinko dira; Radioheadeko Jonny Greenwooden musikak lagunduta, sentimenduen ballet batean mugituko da ikuslea. Dotorea da guztiz pelikula, dirudunek janzten dituzten soineko horien moduan. Ageriko dotorezia horren azpian, baina, kontrolatu ezin diren korronteak mugitzen dira, bortitzak eta sotilak aldi berean.

Harreman baten azpian, gerra gupidagabea da bi protagonista nagusiek aurrera eramanen dutena. Biak jakitun dira ezin dutela irabazi, biek ere galdu nahiko lukete. Ikaragarria da filmaren amaierako sekuentzia, bata sukaldean, bestea hari begira, eta ondorengo begirada trukea. Masokismo poetikoa.

Begiradaz beterik dago filma, horrekin hitz egiten dute gehienbat pertsonaiek. Almak hasieratik ohartaraziko dio Balentziagaren alter ego-a den Woodcocki: begirada eustearen jolasean ez dio sekula irabaziko. Eta hala gertatuko da. Bere espazioa eskatuko du hasieratik eta, poliki-poliki, suabe baina irmo, irabaziz joanen da. Harena da garaipen garratza.

Almarena eta emakume guztiena. Gizonezko bakarra du filmak, harena da agintea, denek men egiten diote. Itxurazko boterea da harena, benetakoa emakumeena. Ahizpak ere ohartaraziko dio: hobe harekin liskarrean ez sartzea, galtzaile aterako da, betiko. Woodcocken boterea itxurazkoa baita, hura gaixotzen den bakoitzean argi geldituko da. Harik eta Almak guztiz ordezkatuko duen arte.

Bere soinekoekin egiten duen bezala, ingurukoak ere nahierara jantzi eta erantzi nahi ditu Woodcockek. Nahi moduan zizelkatu, eta balio ez diotenean, soineko zaharrak balira bezala, zakarrontzira. Almarekin ezinen du, bizitza eskainiko dio trukean, horretan ibiliko dira nor baino nor gehiago, ezinezko baina beharrezko duten oreka baten bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.