Katixa Dolhare-Zaldunbide.
HIRUDIA

Hatsaren eskaintza

2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Literatura, aditu, zale eta irakasle bakar batzuen denbora-pasa da; nik, aulki errotadunean ez naizeneraino, bizitzaz beste bide batez gozatuko dut, adibidez kirola eginez edo elkarteetan sartuz»: huna zer erran didan berriki berrogei ta bost urteko gizon argi batek. Holakoei zer ihardetsi? Nola azaldu literatura dela preseski «errealitate bizia», Proustek zioen bezala? Uste dutgisa horretako solasaldietan alferrik eztabaidatuko genezakeela literatura zaleok, eta bizitzak berak frogatuko diola jende horri, goizago ez bada gurpil aulki batean jarria izanen delarik bederen, literaturaren funtsa errealitatearen muinarekin bat egiten duela.

Adibide bat emanen dizuet, hemen Baigorrin berriki gertatutakoarekin zerikusia duena. Dakikezuen bezala, Frantzia iparraldeko Calais hiriko junglatik etorri zaizkigu berrogei bat etorkin, jatorri ezberdinetakoak: afganistandarrak, eritrearrak, sudandarrak, kurduak (Irak eta Iranekoak). Hiru hilabeteko atsedenaldi bat proposatu zien Estatuak, bide beretik bere larderia erakutsi nahian Ingalaterrako mugan sortu bost mila ezkutuko migratzaileren txabola auzo ikaragarria deseginez, eskualde hauteskunde bezperan.

Aterbea deitu elkartea da erbesteratu horiez arduratu Baigorrin, Gurutze Gorria, Sokorri Katolikoa eta herritar zonbaitzuren sostenguarekin. Eta zinez mementu ederrak iragan dira zorigaitza baizik ezagutu ez duten jende gaixo hura eta laguntzaileen artean. Haien egonaldia bururatzear zegoela, ehunka presuna bildu ziren jendetasunezko besta egun handiz, dena kantu eta musika.

Pozaren ondoren, ordea, agindu lazgarriak heldu ziren joan den astean: oinarrizko giza eskubideak zangopilatuz, adiskideak eta ahaideak bereixi zituen Estatuak, eta sakabanatu migratzaile horiek guziak, anitz Picardie eskualdeko Noyon hirira igorriz — beharrik frantsesa guti zekitela, eta ez zutela guk bezala «ito ditzagun» aditu izen hori entzutean—.

Horra orain iragan direla: zer memorio atxikiko da gertakari horretaz? Laguntzaileak haietaz oroituko dira, baina segur naiz goiko politikarien benedikazioarekin hedabide eta sare sozialek bideratu herrazko mezuek gaina hartuko diotela gizartean jendearen lekukotasunari, eta pixkanaka-pixkanaka migratzaile haiek abstrakzio izugarriak besterik ez direla geldituko burumuinetan.

Hemen dago literaturaren errola: memoria bizirik atxiki eta transmititu. Horregatik plazerez irakurri dut Pascal Manoukianen Les échoués. Hogei urtez Afganistan, Siria, Hego Amerika eta Bosnian ibili den kazetari ospetsu horrek nahi izan du bere giza esperientzia partekatu. Hiru etorkin hartu ditu pertsonaiatzat, Europa Ekialdetik, Asiatik eta Afrikatik jinak. Sasi-bidaia, Frantzia iparraldeko Villeneuve-le-Roi hirira heltzea, bizirauteko gorabeherak, frantsesenganikako gorrotoa edo bihotz ona, Estatuaren bortizkeria… hainbat gai barnakor barnatu ditu autoreak ikusi nahi ez direnak argitan ezartzeko, berrisail eta informazio sareen birtualtasunetik at errealitatea ezagutarazteko. Erraten ahalko da Manoukianen lehen nobela hori fikzioa baino hobeki dokumentala izatea mereziko zuela, kritikari batzuek azaldu bezala protagonistak larrikiegi marraztuak direlako, baina berriketariak hartu bidea gustatzen zait, literaturaren eginbeharra delako memoria itotze arriskutik salbatzea, eta hatsaren eskaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.