Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Liburuaren egunak

2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Familia ospakizun hartan ohartu zen Armand oraingoan ere lehengusu bat irribarretsu etorri zela egongelara, txokolatezko izozki bat eskuin eskuan; baina begietan artean malkoren bat antzeman zion, seguruenik bendatua zekarren ezker eskuaren eraginez. Eta Armandek pentsatu zuen familia ospakizun gehientsuenetan gauza bera gertatzen zela, eta eskua bendatua zuen lehengusuak bederatzi urte izaten zituela: bederatzi; eta, benda kendutakoan, lehengusu guztiek hatz nagia falta zutela: hatz nagia. Arotzen familia zen berea eta, galera horrek esnezko hortzak galtzea bezain normala zirudielako, lasai bizi zen Armand. Baina bederatzi urte betetzearekin, Armandi kezka sortu zitzaion eta aitak negarrez hipaka topatu zuen ohean. «Ez dut atzamarra moztea nahi», esan ahal izan zion zotinka, «nik harpa jo nahi dut, hatz guztiak behar ditut nik!».

Aita alferrik saiatu zen semea konbentzitzen: tradizioa zela, estimatuko zuela, erlatiboa zela… Korridorean harpa bat zeukaten, nolabait ere arotzaren eta luthierren ogibideak uztartzen zituena, eta Armandi harparen ideia behin-behineko salbamen ohola gertatu zitzaion. Alabaina, mutikoa gero eta izutuago zegoen: egunez, tradizioari makabroa irizten zion eta ezin ahaideen eskuetako muinoiei begirik kendu; gauez, ostera, fidakaitz, badaezpada ere ezker eskua burukoaren azpian ezkutatzen zuen.

Hurrengo familia ospakizuna, heldu, heldu zen, baina Armandi ez zioten eraztun hatza ebaki, artean bederatziak beteak ez zituen Teodardi baizik. Armandi argitu ziotenez, mutikoaren ama haurdun zegoen eta, haren anaia jaiotzerakoan, Teodardi ez zioten nahigabe gehiagorik eragin nahi. Baina familiako guztiak nahigabetu ziren Elisard haur jaio berria ezker eskuan bost ez, baina sei atzamarrekin munduratu zenean. Ahaideen harridurak goia jo zuen orduan, eta artean hatza ebakitzeko urte asko falta zirela pentsatuko zuten, baldin eta handik gutxira Gerarda neskatila ere sei atzamarrekin jaio izan ez balitz.

Lehen iritzi kritikoak nabarmentzen hasi ziren arren, auzia bete-betean lehertu zen hirugarren lehengusu bat ere sei atzamarrekin jaio zenean: batzuen ustetan, lehengusu haiei bi atzamar ebaki behar zizkieten, ahalik eta azkarren gainera; beste batzuen iritziz, tradizioa atxiki, eta bakarra moztu beharra zegoen (besteak beste, bi koinatak agertu zuten konbentzimendu hori, eta zinez harrigarria zen: hasiera batean, ahaide politikoek gaitzetsi egiten zuten usadio hori, baina denboraren poderioz defendatzailerik sutsuenak bilakatzen ziren, eta izan zen haien artean hatz nagia ebaki zuenik ere); eta, hirugarrenik, ahots kritikoak zeuden: tradizioaz beste egin behar zela ziotenak.

Auzia garbitu gabe eta familia gero eta sakabanatuago zegoela, sei atzamarrekiko laugarren lehengusu bat jaio zen. Ospakizuna, baina, oraingoan ere atzeratu egin zen eta, bien bitartean, Armandi beste harpa bat erosi zioten. Gertatu zen, ordea, Armandek urtebete baten buruan bertan behera utzi zuela musika tresna, eta denboraren poderioz Elisard lehengusuak hura jotzen ikasteari ekin ziola, hamaika atzamarrez ekin ere.

Familia ospakizunak gero eta urriagoak ziren; gero eta senide gutxiago biltzen zen haietara. Baina guztietan ere Elisard ekartzen zuten hizpidera, izan ere sona handiko harpa jotzaile bilakatu baitzen. Urteak urteari, Armandek begitan hartu zuen lehengusua, eta musikari aparta dela onartu arren, patetiko eta maritxu deritzo. Eta, gaur bezala, telebistan agertzen delarik, tabernako barratik bereak eta asto beltxarenak esaten ditu ahots goran, eta arotzen mutikoei atzamarra moztearen alde agertzen da; kontua da tabernan inortxok ere ez diola entzuten, eta are gutxiago ulertzen, neska batek salbu. Eta gaur neska hori hurreratu egin zaio: xarmanta da, irribarre ederrekoa, eta ile gaztain kolorearen xerlo batek aurpegi erdia estaltzen dio, hala nola estaltzen dien kristalezko begia duten emakume zenbaiti.

Horraino Quim Monzoren Vida familiar ipuinaren halamoduzko moldaketa (Guadalajara ipuin liburutik), irakurtzen dudan aldiro plazerezko hotzikarak eragiten didana. Eta galderak. Baina ipuinak, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobelarekin batera, batez ere Lertxundiri noizbait irakurritako Todorov-en pasadizoa dakarkit gogora: Siberiako gatibuek, beren egoera larri eta tamalgarria nolabait salatzearren, atzamar bat moztu, eta zerrategietara bidean zihoazen enborrei loturik, ibaian behera bidaltzen zuten, gutxienez bakarren batek haien laztasunaren berri jaso zezan. Eta pasadizoak noizbait irakurritako beste usadio bat oroitarazi dit: antza, New Yorkeko hainbat emakume aberatsen moda da oinetako behatz ttikiak moztea: hartara, inon diren zapatarik estuenak janzten ahal dituzte; hartara, etxera doazkien adiskideei behatz ebakiak formoletan gordeak erakusten ahal dizkiete. Halakoxe zirrara eta emozioekin, halakoxe duda eta galderekin, Topaguneko Irakurri, gozatu eta oparitu bezalako kanpainen bultzadarekin, ezker nahiz eskuin eskuan arrosarekin edo gabe, letrazaleok, letrazaurituok gogotsu ekiten diogu liburuaren aurtengo 366 egunetako bakoitzari: egun bakoitzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.