Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Euskal kulturaren setioaren istorioak

2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ederra, aukeran ederregia gertatu zen 1999an Jose Saramagok Bidebarrieta bibliotekan eskaini zuen hitzaldia: dotoreziaz, bere ikuspegi, etiko, estetiko, literarioak... ezagutarazi zizkigun eta euskal idazleok —tartean zen Lisboako setioaren historia nobelaren itzultzaile Jon Alonso—, erdal idazleok, larruzko berokidunek, gorbatadunek, zirenek eta ez zirenek gogotik txalotu zuten eta genuen Lanzaroten erbesteratua (!) bizi zen Literatura Nobel Saridun portugaldarraren xuxurla sutsua. Entzulegoak zutik eta gogotik jarraitu zuen esku zartaka eta kasik denek nahi izan zuten idazlearen sinadura, baina ezin uka erreakzio bateratu, aukeran bateratuegi hark ondoeza eragin zidala, susmagarria iritzi niola halako adostasun bertangoxoari.

Pasadizo hori ekarri zidan gogora Txema Arinasen joan den asteko zutabeak —Zintzoak, zintzoegiak—, batez ere auzi labaina eta delikatua iruditzen zaidalako. Zentzu horretan, nago Louis-Ferdinand Celine edo Charles Bukowski bezalako idazle proskritoak hizpidera ekartzea literaturaren nolabaiteko ikuspegi erromantikoaren ondorioa izan daitekeela. «Bai, gaiztoak, edo bestela esanda, euren liburuez garaiko zein tokian tokiko gizartea sano astindu zutenak, zintzoak nolabait eskandalizatu zituztenak orduko konbentzionalismoak zein arauak hankaz gora jarri nahi izan zituztenak, sarri askotan probokazio huts edo zakarraren bitartez».

Gurean halakorik ote dagoen galdetzen du Arinasek, zintzoak, zintzoegiak ote garen, baina Europan bertan ba al da gaur egun idazle matxino, asaldatzailerik? Gerardo Markuletak bikain itzulitako Michel Houellebecq mediatikoa aipa genezake. Edonola ere, eta zorionez, orain arte aipatutako idazle horiek guztiak dagoeneko euskaraz irakur daitezke eta, Anjel Lertxundik nabarmendu izan duen bezala, euskal literatura dira: geureak ditugu. Hala ere, zutabekidearen galdera zehatzagoa da: «Non daude gure egiazko gaiztoak, hau da, euskaldungoak inondik inora aditu edo leitu nahi ez duena idazten dutenak, euskaldun zintzoak errotik asaldatzen dituztenak bere egia borobilak kolokan jartzen dituztelako, trufa egiten dietelako?». Matias Mugicaren Libelo sobre la cultura en euskera lan gogoangarria ere berehala euskaratu zen, eta lehendik ere Eduardo Gil Bera edo Patziku Perurena bezalako idazleak, euskara ederrean, bikain aritu izan ziren zirtoka eta purrustadaka (zer pentsa ematen du goizuetarrak kazeta honetan bertan argitaratu berri duen gutunak: Otegi, Sarri, ni eta ezker kazikea). Eta jarrai genezake azken aldian nabarmendu diren emakumezko idazleen indarra eta pindarra zerrendatzen: Itxaro Borda, Uxue Apaolaza, Danele Sarriugarte, Alaine Agirre… Eta gogora genezake Jon Arano poeta ere. Baina, zinez, ez dakit honek nora garamatzan, batez ere hurrengo galdera bezalakoekin okitua eta akituxea nagoelako: «Ez al dira euskal idazle gehienak aldez edo moldez zintzoegiak euskaldungoaren harrizko konbikzio ideologiko eta batez ere identitarioekiko?»

Diotenez, zuhaitz batek erortzean zarata handiagoa ateratzen du baso bat unean unean hazteak ateratzen duena baino. Eta beharbada horrexegatik gogoko ditut zoritxarrez orain arte apenas euskaratuak izan diren Julian Barnes bezalako idazleak, sakon eta isil, gai direnak beren herriaren axalkeria eta turismokeria gordin salatzeko —England, England /Ingalaterra, Ingalaterra— eta, aldi berean, beren barnearen bihotz minak molde hunkigarrian aitortzeko —Levels of life / Bizitza mailak—; hain zuzen ere, azken nobela honen atal bat—Lurraren mailan— zorionez Ibon Sarasolaren itzulpenean irakur daiteke armiarma.eus helbidean.

Ez dakit: kontu korapilatsua eta labaina dugu honakoa, baina zintzo-gaizto, uso-otso auzian sartu gabe —edo bete-betean makur sartuta— ez nuke amaitu nahi isilean hazten ari den baso horri buruz bi auzi salatu gabe: alde batera, benetan penagarria da Eusko Jaurlaritzak eskola liburutegiak ixteko hartu duen erabakia, benetako setioa ixilka sortzen ari den eta ezinbestekoa zaigun irakurlegoaren kontra (hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzaren beraren eta Euskal Idazle Elkartearen bitartez eskolaz eskola gabiltzanok, ondotxo dakigu liburutegia dela eskolaren bihotza, irakurleen mintegi eta haztegia, baldin eta basoa sortuko bada...); eta, beste aldera, oso kezkagarriak dira Bizkaiko Foru Aldunditik etorri diren murrizketak, izan ere 18 eskola Galtzagorri elkartearen bitartez garatzen den Book Trailer Lehiaketarik gabe geratu baitira, eta gazteei dagokienean dena inondik ere gutxi da. Ez dakit idazle gaiztoak edo gaiztoegiak behar diren, mozorro festa honetan manerak eta formak estereotipatuegiak ez ote dauden, espantu gehiegi ez ote dagoen, baina kulturaren egoera setiatzea eta gaiztotzea geure buru berez ahulari harrika egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.