Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Irakurle zaharraren balada

2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez hadi nirekin haserretu, maitea, ulertu behar dun nire egoera eta nire ezina, barkabera izan hadi, mesedez. Nahiko niken nik garai batean bezain lotuta egon hirekin. Ez ditinat inondik ere ahaztuak hire magalean babestuta, beste gose-egarririk gabe, emandako gauak eta egunak. Edozer emango niken orduko bizitasunez sentitzeagatik bihotzaren taupada ezin bezatuak hirekiko igurtzi epelean. Ez litzaidaken axola izango orduan bezain inozo, ero eta are ergel ere agertzea besteen begietara, orduan bezain galdua izatea probetxuzko bizitza ordenatuaren partida lehorra.

Baina ezin dinat, maitea, ezin dinat dagoeneko, ezin zaion eskatu bailarara ibai eginda iritsitako errekari mendian izan zuen indar basa bulartsuari eusteko, eta neu ere halatsu naun eta halatsu nagon orain hirekiko eta hire indar beti bizi, beti misteriotsu eta beti miretsiarekiko. Ez dun gure arteko harremana sekula lehengoratuko. Ez ditun enara ilunak bueltatuko, ez ditun antzinako elurrak bihurtuko, ez dun Martin Larralde itzuliko.

Batetik, ondotxo dakin, inork ez baitu hori hik bezain maiz eta aberats milaka moldetan adierazi, bizialdiaren aitzineratzeak pasioak oro dituela baretzen eta epeltzen, guztiz suntsitu eta desagerrarazi gabe bada ere. Bestetik, ez zaidan haizu egunaren orduak nahierara enplegatzea, bahitua zaukanat denboraren ondasun preziatua, hire beste betiko gai bati lotutako mendekotasunak hartaratua, bizi beharrarenak, diruarenak azken prosaiko batean.

Baina ez dun hori guztia, besterik ere badun tartean, eta zintzo dinat aitortuko, behin gisa honetako konfidentzietan hasiak garenez gero, ahalik eta modurik argienean. Eguneroko betebeharren katetik askatu ondoren, hiregana naraman bidea hartzeko asmoari lotzen natzaion orduko, maite ezin ahaztua, maite ezin traizionatua, maite ezin abandonatua, beste maitale batzuen deiek erakartzen eta aztoratzen naiten, gero eta inguratuago eta setiatuago gauzkaten askotariko pantailetatik zirika. Maitale eskasak ditun hire aldean, arnasa azkar, estu eta baldarrekoak, txinparta huts onenean eta kasurik gehienetan ezta hori ere, bakarka hartuta ezdeusak eta inori kalte egiteko ahalmenik batere gabeak, baina denak batera, mordoan, saldoan, trumilka, egunero eta ia ordu oro erasotzen didaten moduan, asmorik zintzoenen galgarri izateko gauza, giza burmuinak irudika lezakeen inurri-izurriterik beldurgarrienaren antzera. Ez dinat hemen izenik aipatuko, badakin eta zertaz ari naizen. Bakarrik esango dinat azken urteetan etenik gabe ari direla ugaritzen gure arteko lotura-igurtzien etsai nano horiek, eta ia-ia duela hamarkada batzuk autoa sartu zen bezain indartsu sartu direla dagoeneko gure bizitzetan, eta betiko, itxura guztien arabera. Ez dun jeloskortasun kontua, bazakinat eta ez haizela inoiz jeloskorra izan, are gutxiago hain maitale eskasen. Baina ezin ukatua dun hiretzako dudan denbora, gogo eta kemen lehendik ere nahi baino mehetu eta mendratua are mehetzenago eta mendratzenago didala piztia nimiño horien pausarik gabeko eraso petralak.

Hala ere, maite haut eta beti maiteko haut, beti izango dinat hire arnasaren premia, eta ez haut inoiz ez ahaztuko ez traizionatuko ez abandonatuko, eta, behiala bezain sarri ez bada ere, eta batez ere behiala bezain larri ez bada ere, noiznahi eta beti joko dinat hiregana, hire mila formetako edozeinetara, unearen eta aldartearen araberako hautuan, luze zein labur, serio zein irrigarri, leun zein zakar, azaleko zein sakon, arin zein motel, bertako zein arrotz, gogaide zein beste muturreko, etsaitasunean ere beti lagun, zatarrean ere beti eder, itxian ere beti ireki, lotuan ere beti libre, libre beti, beti, beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.