HIRUDIA

Sariez

Juan Luis Zabala - Idazlea

2018ko ekainak 14
Irakurri al duzu Iban Zalduak Espainiako Kritikaren Sariei buruz dioena? —galdetu nion orain hurrengoan (euskal) literaturazale nire ustez nahiko zentzudun bati, hain zentzudun non ez lukeen inola ere nahiko hemen bere izena aipatua ikusterik.

—Duela pare bat aste Deia egunkariko Ortzadar gehigarrian argitaratutako artikuluaz ari zara, noski —esan zidan berehala, zalantzarako tarterik utzi gabe.

—Seguru nengoen irakurria izango zenuela.

—Esaten duenaren zati batekin ados nago, beste kontu batzuekin ez.

—Zehazterik bai?

—Zentzuduna iruditzen zait amaieran egiten duen proposamena. Honako hau hain zuzen ere —eta eskuko telefonoan Zalduaren artikulua aurkitu eta zati horixe irakurri zidan—: «Nik uste dut», dio Zalduak, «ez litzatekeela horren zaila euskarazko Kritikaren Sarien prestigioa berreskuratzea, eta alde horretatik proposamen zintzo bat egin nahi nieke Jon Kortazar eta Javier Rojori: euskal kritikari guzti-guztien, akademiko zein prentsako, bando bateko zein besteko zerrenda formala egin ondoren, denen arteko botazio sistema garden bat antolatzea litzateke kontua, eta hortik ateratzen den erabakia bihurtzea haiek AECLra [Asociación de Críticos Literarios Españoles] eramango luketena».

—Horretan Zalduarekin ados zaude beraz...

—Ñabardura bat eginda. Oker ez banago, saria nori eman erabaki aurretik kritikari batzuen iritzia biltzen dute Kortazarrek eta Rojok (edo azken urteetan Rojok bakarrik, oker ez banaiz), kritikarien «zerrenda formala» egin gabe bada ere. Dena den, esan bezala, badu zentzurik Zalduak dioenak. Txarra ez kontua «formalago» egitea.

—Baina beste zati batekin ez zaude ados, arestian esan duzunez...

—Zalduaren ustez, euskal literaturari dagokionez behintzat, Espainiako Sari Nazionalak Espainiako Kritikaren Sariak baino fidagarriagoak, serioagoak, taxuzkoagoak dira, Kritikaren Sarien euskal literaturako irabazleak pertsona bakar batek (edo bik?) aukeratzen dituelako. Baina, nik dakidanaren arabera behintzat, ez dago funtsean alde handirik Espainiako Kritikaren Sarien euskal literaturako irabazleak aukeratzeko moduaren eta Espainiako Sari Nazionaletarako euskal literaturako hautagaiak aukeratzeko moduaren artean. Ez irudikatu behintzat, Espainiako Sari Nazionaletarako euskarazko hautagaiak aukeratzen, ardura handiz eratutako epaimahai zabal eta plural bat urteko liburu guztiak sakon irakurtzen eta haiei buruz are sakonago eztabaidatzen, horretarako behar bezala ordainduta. Eta errua ez da, errurik izatekotan, nire ustez, hautaketaren ardura duen erakundearena, ezta hautaketak egiten dituztenena ere, gauzak beste modu batera egiteko aurrekontu faltarena baizik, hau da, Espainiako Kultura Ministerioaren interes eta ardura faltarena; Espainiako Kritikaren Sariaren kasuan, errua, errurik izatekotan, AECL elkartearen interes eta ardura faltarena den bezala.

—Horrela ikusita, urteko obra onena saritzeko dauden sarien artean Euskadi Literatura Sariak izango dira, zure ustez, fidagarrienak, serioenak, taxuzkoenak... Oker al nago?

—Epaimahaikideen osaketaren aldetik Euskadi Literatura Sariek ahalegin serioagoa egiten dutela ez daukat dudarik. Baina hala ere epaimahai horren osaketa nekez izan daiteke orekatua kontuan hartzen bada euskal idazle askok, eta horien artean maila handiko batzuek, sariei uko egin zietela duela 11 urte, eta harrezkero idazle horiek ez ezik euskal literaturaren sistemako eragile askok, eta horien artean garrantzi handiko batzuek, sari horietan kolaboratzeari uko egiten diotela, epaimahaikide izateko eskaintzei ezezkoa emanez, besteak beste. Beste hitz batzuekin esanda, Euskadi Literatura Sariek, gaur eta hemen behintzat, ezinezkoa dute Zalduak Espainiako Kritikaren Sariari eskatzen diona: «bando bateko zein besteko» kritikarien iritziak izatea erabakien oinarrian.

—111 Akademiaren saria ote da ba fidagarriena, serioena, taxuzkoena...?

—Oso borondate oneko saria da, baina kontu jakina da sari horren erabakiaren atzean ez dagoela inondik ere urteko obra osoaren azterketa sistematiko eta zehatzik, nortzuk diren ez dakigun irakurle gutxi batzuen iritzi pertsonalak baizik, oinarrituta irakurle horiek nork bere apetaren arabera egindako irakurketa ezin jakin zer neurritan urri edo ugarietan, azaleko edo sakonetan.

—Denak desagerraraztearen aldeko zara hortaz?

—Bai zera! Alderantziz! Denak onartzearen aldekoa naiz, urteko obra onenak aukeratzeko irizpide zientifiko zehatzik ez dagoela eta horrelako txapelketetan erabateko justizia ezinezkoa dela dioen printzipioan oinarrituta. Nik uste dut, ia beti behintzat, aipatu ditugun sari horietako bat jaso duenak merezita jasotzen duela. Merezimendu handikoak geratuko dira saririk gabe batzuetan, edo askotan, baina horrek erremedio zaila dauka. Hobeto esanda, erremedio garestiak izango lituzke eta horiek ere ez behin betikoak eta akatsik gabekoak. Beraz, esan bezala, denak onartzearen alde nago ni. Hori bai, galdetzen badidazu ea sari horietako batzuetan gastatzen den dirua ondo gastatuta al dagoen, beste kontu batzuetan gastatzen denaren aldean, edo ea sari horietako batzuei ematen zaien oihartzuna, beste kontu batzuei ematen zaienaren aldean, neurrizkoa al den...

—Ba horixe galdetu nahi dizut, bai...

—«Sariek benetako kultura estrategia baten hutsunea sala dezakete», adierazi du Uxue Alberdik Pérgola aldizkarian —esan zidan, eskuko telefonoan elkarrizketa bilatzen ibili beharrik gabe—. Baina hori gai sakonagoa da, adiskidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna