Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Emakume baten zoria, haur batenari lotua

Valeria Sarmiento zuzendariak XVIII. mendera eraman du publikoa 'Le cahier noir' folletoiarekin. Beren jatorriaren berririk ez duten protagonisten eskutik, hainbat misterio harilkatuko dira istorioan

Valeria Sarmiento —erdian— eta filmeko aktoreak, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Kursaaleko publikoa Frantziako Iraultzaren bezperako garaietaraino eraman zuen atzo Valeria Sarmiento zinemagile txiletarrak. Le cahier noir folletoia aurkeztu zuen Sail Ofizialeko lehian, Camilo Castelo Branco idazle portugaldarraren obra batean oinarritutako filma. Laura izeneko emakume gazte baten istorioa du ardatz kontakizunak, eta horixe interesatu zitzaiola azaldu zuen zinemagileak: «Niretzat, emakume baten patuaren inguruko film bat egitea zen interesgarria. Batzuetan, emakume baten istorioa kontatzea panfleto feminista bat baino interesgarriagoa da».

XVIII. mendearen amaierako Erroman bizi da Laura (Lou de Laage). Ez du bere jatorriaren zantzurik, eta gizon aberats baten etxean egiten du lan, umezurtz bat zaintzen —Vasco Varela da Silva eta Tiago Varela da Silva anaia bikiek antzeztu dutena—. Gizona hiltzean, bera eta haurra markes baten etxera lekualdatuko dira, Parisera. Aldi berean, gizon misteriotsu batek (Stanislas Merhar) gertutik jarraituko die etengabe. Frantziako Iraultzaren eta Napoleonen konkisten testuinguruan egingo du aurrera kontakizunak, eta, pixkanaka, pertsonaien bizitzen inguruko misterioak argituz joango dira.

Castelo Brancoren liburua oinarri, Carlos Sabogak idatzi zuen gidoia. Hain zuzen, idazle beraren beste lan bat moldatu zuen gidoilariak Raul Ruiz zenak zuzendutako Misterios de Lisboa filmerako —2010ean Sail Ofizialean aurkeztu zuten—. Lan haren prekuela moduko bat litzateke Sarmientorena. Zuzendariak azaldu zuenez, paperak txukuntzen ari zen batean topatu zuen gidoia, eta «berehala liluratuta» geratu zen. Paolo Branco ekoizleak gehitu zuen berak jada ahaztua zeukala gidoi hura idatzita zegoenik, baina berehala erabaki zuela lana egitea.

Zinema, «denboratik at»

Folletoi bat izanik, gaur egungo ikuslearen kezkekin nola uztartzen den galdetu zieten sortzaileei, baina, generoa gorabehera, lan garaikidea dela defendatu zuen Brancok. «Zinema artea da, eta, edozein arte mota bezala, denboratik kanpo dago». Gogora ekarri zuen literatura lan handiak beti izan direla zinemagileen inspirazio iturri, baina agian arazoa dela egungo publikoa ez dagoela ohituta «halako pelikula nobeleskoak» ikustera. «Zinema sozial edo dokumentalaren egungo korrontearen kontra joatea ez dago gaizki, zinema ez baita hori bakarrik.Baina, nire ustez, lan honek beste edozeinek adinako gaurkotasuna du. Garrantzitsuena da publikoak nola sentitzen duen filma».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.