begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Akerraren larrean, denok salbu

2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan esan dizuedan kontua da, baina zuek sekula santan ez zarete nirekin fio izan. Ea oraingo honetan sinesten didazuen. Igual zuen salbaziorako bidea ari natzaizue erakusten, eta zuek ezikusiarena ezleituarena, ezulertuarena, ezentzunarena egiten duzue.

Libre zarete, jakina, horrelako jarrera hartzeko. Burujabetza errespetatzen dut nik arras. Oso. Seko. Baina pena emango lidake zuek gure artean ez sumatzeak apokalipsia eta gero, Tannhaüser atera iristerakoan.

Behin eta berriz idatzi dut nik lerrootan ilunabarrean gozo, eroso, aise eta airos bizi garenok luzeago iraungo genuela... Bizirik? Ez, hori ez. Beharbada bizirik ez da hitzik egokiena itzalek harturiko parajeotan. Zutik? Ez dakit ba... badira mendeak, milurtekoak ere gure antzekoek etzanda ematen dituztela egunak. Eta hegan gauak.

Agian ez dugu ez bizirik ez zutik ez atzarrik iraungo. Baina guk, ilunabarrean poz-pozean gabiltzanok, ez dugu iraungitze-datarik. Zuek, aldiz, bai. Zehatza.

Baliteke hilik irautea. Litekeena da dimentsio ezezagun bat gure etxe egin behar izatea. Apika ez gara hezur haragizkoak izango. Gerta liteke ziborg antzeko zeozer bilakatu beharra izatea. Suerta daiteke gugandik geratuko diren apur humanoei sostengua (edo) emateko exo-hezurdura baten barnean gordetzeko premia izatea. Baina zuek ez bezala, iraungo dugu. Izan ere, nork daki espezie berri baten prototipoak ez ote garen bilakatuko (bilakatzen ari?).

Bai, gu, egin berri den Donostiako Beldurrezko Astearen kide, partaide, konplize, zerbitzari, maitale garenok, salbu izango gara otsoen, mamuen, munstroen konpainian. Zuek, berriz, Argiaren izaki leialok, jarraituko duzue maskaradun ibiltzen birus baten beldurpean. Etengabe izango duzue ezpainetan pandemia hitza. Jasan, nozitu, zeharkatu duzuen lehen eta bakarra izan baita.

Gu, ostera, 1922tik ari gara izurriteak maneiatzen, gobernatzen. Edo haietan erortzen. Guretzat hain esanguratsua den urte hartan, Murnauk Nosferatu, eine Symphonie des Grauens filmatu zuen, Bram Stokerren Dracula-ren egokitzapen pirata samarra. Banpiroari eman zion izenari erreparatuz gero, igual bere jatorri grekoa harrapatuko duzue. Akilesen eta Saforen hizkuntzan nosphoros hitzak zera adieraz dezake: izurria dakarrena.

Filma ikusita (hezurretan eta zainetan borbor ilunean) baduzue (bestela, alokairuan edo salgai duzue plataformetan), ederki asko gogoratuko duzue banpiroa gurean lehorreratzen denean, itsasoa zerraldoetan zeharkatu duten arratoiak hirian zehar barreiatzen direla, izurritea zabaltzen... Beraz, zer kontatuko diguzue zuek guri zuen pandemiaz? Halaber, eta inkluso Murnau baino lehenago, delirium tremens-ak jota hil zen Edgar Allan Poek emana zigun Maskara Gorridun Heriotza-ren berri. Beraz, nola beldurtuko gaituzue zuek zuen diseinuzko maskarez?

Azaldu dizuedan hori guztia medio, aurtengo Beldurrezko Astean pelikula batek ere ez ez du ez koronabirusa ez new age estiloko pandemia zuena aitzakia, gai edo inspirazio hartu. Zertarako? Aspaldi zaharrean gara gu kutsatuak, gaitz gozo orok kutsatua. Aspaldietan gara erradioaktiboak. Aspalditxotik gara busti zuek inoiz, inola irudika zenezaketen gai zuriz, gai beltzez, gai gorriz. Aspalditik darizkigu likido biskatsuak. Eta hemen gaituzue, harro, fier, leial mundu honetan eta besteetan dabiltzan izaki guztiekiko.

Ez, pandemiaz ez da mintzo film bat ere Donostiako Gau Beltzean. Zertarako? Jakin behar dugun guztia orain aspaldi dakigu. Jakin beharreko dena eta gehiago, askoz gehiago. Argiaren morroiena baino luzeagoa eta sakonagoa dugu begirada ilun beltzean dantza egin eta zinema ikusten dugunok.

Horrexegatik, serio esaten dizuegu, mesfidatu birus onberez. Aldarrikatuko dute batzuk arriskua desagertu dela, eta zuek, gizajoak, sinetsi. Erne izan, arren. Zelatan egoteari utziz gero, Taiwaneko The Sadness filmean gertatzen dena gerta daiteke; derrepentean, boteprontoan, supituan, birusa edo dena delakoa mutatuko da, eta zuen burmuineko sistema linbikoa birrindu. Bihurtuko zarete ez zonbi, ez espantu, baizik eta zerbait okerragoa. Pentsatzeko, filosofatzeko, erabakitzeko gaitasuna ez duzue galduko, baina zuen desira sexualak eta zuen aldamenekoa hiltzeko grinak bat egingo dute...

Hain da fuertea filma, ze hainbat fantasiazko eta terrorezko zinemalditan abisu-oharra jarri zuten... Belaxka eta malet halakoak! Donostian inor ez zen kordegabetu, inor ez zen botaka hasi, bagarelako datozen garai kuantikoetarako prest eta presto den arraza ilunabarrekoa.

Zaitezte salbu. Bitartean, Luz, Los días que (nunca) fueron, Mom's Sweater, They Are Here, Dora eta The Night of the Living Dicks film laburrak inon aurkitzen (lapurtzen? bahitzen?) saiatu. Edo damutuko zarete. Betikoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.