Natura

Poesiak ezagutza zabaltzen du

'Aralar. Mundua leku den lurra' dokumentalarekin liburu bat argitaratu dute. Irakurleengan gogoeta eragin nahi dute idazleek, testu poetiko bat erabiliz.

IBAN TOLEDO.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroako eta Gipuzkoako muga marrazten du Aralarko mendilerroak, baina, muga politikoetatik gaindi, ondare natural eta kultural aberats batek batzen du inguru osoa. Eta, hain zuzen ere, hori erakustea da Aralar. Mundua leku den lurra liburuaren helburua. Deskribapen soil bat ondu beharrean, testu «poetiko-politikoa» eraiki dute Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel idazleek, bertako herritarren bizipenetatik eta sentipenetatik abiatuta.

Alderantzizko joera izaten da ohikoena, baina dokumentala liburu bihurtu dute oraingo honetan. 2018ko urrian aurkeztu zuten Aralar. Mundua leku den lurra dokumentala On Produkzioak eta Goierriko Landarlan elkarte ekologistak. Filmerako sortutako testua eta irudiak bildu dituzte ostera, eta aste honetan Donostian aurkeztu dute izen bereko liburua, Erein argitaletxearen publikatua.

Dokumentala pasatu zietenean, Eskisabelek bere buruari galdetu zion: «Zer esan behar dugu guk adituek oraindik esan ez dutena?». Halere, testuaren noranzkoa argi zeukaten hasieratik. «Garapen nahiak eta desazkunderako premiak dakarten tentsioaz hitz egin nahi genuen». Horretarako, adituen hizkuntzatik aldendu eta poesia erabili zuten. «Helburu politiko bat zuen gaia testu poetiko batekin jorratzea erabaki genuen. Horregatik diogu testua poetiko-politikoa dela». Agirreren esanetan, beste bide batetik helarazi nahi zuten datuen eta kultura zientifikoaren alde hori: emozioetara joz, zer pentsatu emanez edo metaforak erabiliz. «Natura-kultura-jendea harreman ezinbesteko eta korapilatsu horretan, ikuslearen gogoeta bultzatu nahi genuen, edo behintzat egoeraren begirada bat eskaini».

Dokumentalaren amaieran, Aralarko artzain batek honela azaltzen du: «Larreak lortuko baditugu, Aralarri aldiro lizarrak eman beharko dizkiogu». Ideia hori testura ekarri dutela azaldu du Agirrek, eta artzainaren esaldi horrek liburuaren ideia nagusia laburbiltzen duela. Eskisabelek izenburuan ere ikusten du oinarrizko ideia bat: «Jendeak espazio batekin leku bat sortzen dugu, babesa ematen digun gune bat. Jende askorentzat, mendeetan Aralar leku bat izan da, eta ez espazio bat. Hor sortu ditu harremanak, hor harilkatu da, eta horretan segitzen du. Komunitatea eraikitzeko leku bat izan da».

Leku horietako irudiak ikus daitezke liburuan, baita dokumentalean ere. Iban Toledo zinemagileak grabatu zituen irudietatik hautatu ditu libururako fotograma batzuk. «Agian ez dira irudi ikusgarrienak, baina testuarekin harreman zuzena dute». Araxes ibaiaren jaiolekua ikus daiteke liburuaren hasieran; barrurago Txindoki elurtuta, eta haginak udazkenean ere bai. «Pertsonaia ederra da Aralar, baina baita egoskorra ere. Oztopoak jarri zizkigun: haitzak, zuloak, errekak; baita eguraldia, hotza eta elurra ere».

Egileek ondo ezagutzen dituzte Aralarren «umore» aldaketak; guztiak baitira goierritarrak, eta harreman estua dute inguruarekin. «Aralar, guretzat, mundua leku egiten den lurra da. Aralar gure bizitzan egon da ume-umetatik, eta gure aurrekoak ere Aralartik datoz», kontatu du Agirrek. Eskisabelek, ostera: «Aralarrekin harreman estua izan duen genealogia baten parte gara».

Bertakoak bai, baina galtzen ari den zerbait ere sumatu dute hiru egileek. Alde batetik, lekuaren ezagutza. «Ezagutza berri bat izan da bertako leku zehatz eta txiki guztien izenak ezagutzea. Niretzat, beste mundu batez hitz egitea da», Eskisabelen arabera. Testuak poetikoak badira ere, erabiltzen den toponimia ere poetikoa dela diote. «Oso modu zehatzean dakizkite gure arbasoek lekuen izenak. Mendeetako lana izan da haiei izena jartzea».

Dokumentalaren bidea

Eskisabelentzat, beste mundu bat Aralar bada, Aralarrek munduan leku bat lortu duela esan daiteke. Proiektu honi esker dokumentala New Yorkeko Wildlife Conservation zinema festibalera heldu zen. Aloña Jauregi dokumentalaren sustatzaile eta Landarlan elkarteko kidearen ustez, idazleek sortutako testuaren komunikatzeko gaitasunari esker izan da hori posible. «Magia du testuak; Aralarrerako sortua da, baina aldi berean unibertsala da».

Dokumentalarekin laurogei emanaldi baino gehiago egin dituztela azaldu du Jauregik. Horietan, hainbat ikuslekeskaria egin zietenikus-entzunezkoaren hitzak idatziz jasotzeko, kontatu duenez. Idazleek ere aipatu dute hainbat ohar jaso zituztela testuaren inguruan. Hemendik aurrera, liburuarekin bira bat egiteko asmoa daukate, dokumentalarekin egin bezala; bertan, idazleek irakurraldiak egingo dituzte, dokumentalerako konposatu zen musika erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.