Familia berri baten bila

Hirokazu Koreeda japoniarraren azken filmak jaioberri bat adopzioan hartuko duten gurasoen bila egindako bidaia bat du oinarri

Song Kang-ho eta Gang Dong-won aktoreak, haurra besoetan dutela. BROKER.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Hego Korean, 2009az geroztik, eliza batzuen kanpoaldean baby box deitutako kutxa batzuk daude. Haurren kargu egin ezin daitezkeen gurasoentzako kutxak dira: haurra bertan utzi, eta elizako kideek leku seguru batera eramango dute; familia berri bati emango diote adopzioan, edo umezurtz etxe batean utziko dute. Buzoi itxurako kutxa horiek otarre bat dute barruan, baita argitxo bat ere. Atea ixtean, sehaska kanta bat entzuten da, eta eliza barruan kanpaitxo bat aktibatzen du, kutxa ireki dela abisatzeko. Elizako kideak, kanpaia entzutean, kanpora irteten dira gurasoekin hitz egitera, iritzia alda dezaten.

Broker filmaren lehen eszenaren protagonista da baby box horietako bat. So-young ama gazteak elizako atarian utziko du bere haurra, kutxa barruan. Elizako boluntario Dong-soo-k, ordea, ez du amaren iritzia aldatzeko saiakera egingo; haurra hartu, eta eraman egingo du. Ama, damututa, haurraren bila itzuliko da, eta, bertan ez dagoela ikusirik, haren bila abiatuko da. Horrela deskubrituko du Dong-sook eta haren lagun Sang-hyeon-ek duten negozioa: elizan abandonatzen dituzten haurrak saltzen dituzte. So-young bi gizonen bidaiara batuko da: haurrarentzat familia berri bat bilatzeko bidaiara.

Road trip eran kontatu du Hirokazu Koreedak haurrak saltzeko negozioa abiapuntu duen istorioa. Furgoneta batean abiatuko dira protagonistak, Woo-sung jaioberriarentzat egokiak diren gurasoak aurkitu nahian, eta bidaian zehar gurutzatuko diren pertsonaiak furgoneta barruan doazenen harremanak eraldatuz joango dira. Hala, zinemagilearen filmetan ohikoa bilakatu den familiaren ikuspegi ez-konbentzional bat erakutsiko du japoniarrak, eta samurtasunez eraikitako pertsonaiak jarriko ditu erdigunean, haien alderdi ilunak ezkutatu gabe, baina enpatiaz beteriko begiradaz.

Koreedaren familiak

Zinemagile japoniarrak filmografia luzea du bizkarrean, eta familiaren garrantzia, familiarteko harremanak eta odol harremanik ez duten familiak landu izan ditu bere filmetan. Sentsibilitate handia du Koreedak familiak erretratatzeko garaian; detailez beteriko erretratuak dira harenak, eta harreman familiarrei begiratzeko era berezia du, oso pertsonala: jada Koreedaren zigilu bihurtu den begirada.

Familia istorio horiek kontatzeko, dramaz baliatu ohi da Broker-en zuzendaria; gai gogorrak lantzen dituzten filmak sinatzen ditu. Horrela, Kiseki-n (2011) banandurik bizi diren bi anaiaren istorioa kontatu zuen; Soshite Chichi ni Naru-n, aita baten mundua hankaz gora jartzen ikusi genuen, ospitaleko langileek bere semea beste haur batengatik aldatu zutela kontatzen diotenean; gurasorik gabe hazteari buruzko hausnarketa zekarren Umimachi Diary-k; eta Manbiki kazoku-n, bizirik irauteko arazoak zituen familia ezohiko baten istorioa kontatu zuen. Familia eta familia eratzen duten harremanak erdigunean dituzten drama horiek kontatzerako garaian, ordea, zinemagile japoniarrak dramatismotik urruntzen duen formula bat topatu du, lantzen dituen gaien gordintasunari uko egin gabe.

'BROKER'
Zuzendaria: Hirokazu Koreeda.
Gidoilaria: Hirokazu Koreeda.
Aktoreak: Song Kang-ho, Gang Dong-won, Bae Doona, Lee Ji-Eun.
Argazkia: Hong Kyung-pyo.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 129 minutu.
Herrialdea: Hego Korea.
Estreinaldia: abenduaren 21ean estreinatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.