Guillermo del Tororen 'The Shape of Water' filmak irabazi du Venezian

Xavier Legrandek irabazi du zuzendari onenaren saria 'Jusqu'a la garde' bere lehen filmarekin

Guillermo del Torok jaso zuen zinemaldiko sari nagusia. ETTORE FERRARI / EFE.
mikel lizarralde
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Guillermo del Toro zinemagile mexikarraren The Shape of Water filma Veneziako 74. Zinemaldia irabazteko hautagai nagusietako bat zen, eta aurreikuspenak bete zituen atzo jaialdiaren ekitaldi areto nagusian egindako sari banaketan. Annette Bening buru izan duen epaimahaiak hari eman zion Urrezko Lehoia. 1963an dago girotua filma, Gerra Hotzaren garaian, eta Elisa (Sally Hawkins) du protagonista nagusia. Mutua da Elisa, eta laborategi batean egiten du lan. Han maiteminduko da gizaki anfibio batez.

Zuzendari onenaren saria Xavier Legrandek jaso zuen, hunkiturik, Jusqu'a la garde filmagatik. Zuzendari frantziarraren opera prima da.

Samuel Maozen Foxtrot-entzat izan zen zinemaldiko beste sari garrantzitsuenetako bat: Epaimahaiaren Sari Nagusia. Israelgo militarizazioa salatzen du Foxtrot filmak.

Aktore onenentzako Volpi sariak Charlotte Ramplingek eta Kamel el-Bashak jaso zituzten, batak Hannah filmean egindako lanagatik, eta besteak The Insult-en egindakoagatik. Sari emateko ekitaldian, Ramplingek jaso zuen txalo zaparradarik handiena Volpi saria eman ziotenean. Bai Ramplingek bai El-Bashak kritika oso onak jaso zituzten.

Three Billboards Outside Ebbing, Missouri-k (Martin McDonagh) irabazi zuen gidoi onenaren saria, eta Epaimahaiaren Sari Berezia Warwick Thorton zinemagile estatubatuarraren Sweet Country filmarentzat izan zen.

Kritikarien saria

Sail Ofizialaren barruan banatutako sariez gain, Veneziako Zinemaldian beste batzuk ere ematen dituzte. Orizonti saileko sari nagusia, adibidez, Susanna Nicchiarelli italiarraren Nico, 1988 filmarentzat izan da, eta Fipresci Nazioarteko Zinema Kritikarien Elkarteak, berriz, Los versos del olvido (Alireza Khatami) produkzio txiletarrari eman dio bere saria. Filma Orizonti sailean eman dute. Horretaz gain, Ex-Libris- The New York Public Library dokumentala ere saritu du Fiprescik. Frederick Wisemanek zuzendu duen filma sail ofizialean lehiatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.