Adina Pintilieren 'Touch Me Not' filmak irabazi du Urrezko Hartza

Berlinalek Wes Andersoni eman dio zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, 'Isle of Dogs'-engatik

Malgorzata Szumowska, Adina Pintilie eta Marcelo Martinessi zinemagileak, sariak eskuetan, atzo. C. BILAN / EFE / EPA.
Ainhoa Sarasola.
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Jendea harritu egingo al da?», galdetu zion galaren aurkezleak Tom Twyker epaimahaiburuari, Berlinaleko sari nagusiak jakinarazi aurretik. Erantzun argirik ez zuen eman nahi izan hark, eta irri egin zuen. Faborito argirik gabe joan da Berlinaleren 68. aldia, eta horregatik egingo zuen irri, beharbada. Edo, agian, zinemagile baten lehen filma Urrezko Hartzarekin saritzekoak zirelako minutu gutxiren buruan. Edonola, txalo ugari entzun ziren aretoan sari nagusiaren irabazlea nor zen iragarri zutenean. Adina Pintilie zinemagilearen Touch Me Not lanari eman zion epaimahaiak film onenaren Urrezko Hartza. Aurretik, opera prima onenaren saria ere jaso zuen zuzendari errumaniarrak filmari esker, atzo iluntzean Berlinen sariak banatzeko egindako ekitaldian.

Intimitatearen inguruko ikerketa proiektu pertsonal gisa definitu zuen jaialdiak Pintilieren filma, zuzendariak eta aktoreek elkarlanean garatu duten bilaketa prozesu gisa. Fikzioaren eta errealitatearen artean mugitu da zinemagilea, eta, kritikaren arabera, biluztasun gordin batetik, sexuaz eta harremanei buruz hitz egiten duen film konplexua eraiki du. Filmeko lantaldearen babesean igo zen Pintilie agertokira, eta oso eskertuta azaldu zen saria jasotzean. «Ez genuen espero», aitortu zuen, hunkituta.

Haren aurretik, epaimahaiak Sari Nagusia-Zilarrezko Hartza iragarri zuen: beste emakume zinemagile batek, Malgorzata Szumowska zuzendari poloniarrak irabazi zuen, Twarz filmari esker. Lan istripu larri bat jasan duen gizon baten istorioaren bidez, egungo Poloniaren kontraesanetan sakontzen du filmak.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Wes Anderson estatubatuarrak eraman zuen, Isle of Dogs animaziozko lanagatik. Film horrekin abiatu zen jaialdia, joan den astean, eta Berlinale animaziozko lan batek ireki duen lehen aldia izan da. Bill Murray aktoreak jaso zuen garaikurra zuzendariaren izenean —bere ahotsa jarri du filmean—, eta txantxa artean eskertu zuen saria.

Marcelo Martinessi zinemagile paraguaitarraren Las Herederas izan zen jaialdiko beste irabazle nagusietako bat. Alfred Bauerren izena daraman Zilarrezko Hartza eraman zuen filmak, hots, «zinemagintzaren artean ikuspegi berriak irekitzea» aitortzen duena. Film horretan egindako lanagatik, gainera, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen Ana Brunek. Bere herrialdeko «emakume borrokalariei» eskaini zien saria. Gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Hartza, berriz, Anthony Bajon aktore frantziarrak eraman zuen, Cedric Kahn zinemagilearen La prière filmeko interpretazioari esker.

Laburrari ere, urrea

Sari gehiago ere banatu zituzten atzo iluntzeko ekitaldian. Epaimahaiak Ines Moldavskyren The Men Behind the Wall lana saritu zuen film labur onenaren Urrezko Hartzarekin. Gidoi onenaren saria, berriz, Manuel Alcalak eta Alonso Ruizpalaciosek irabazi zuten, Museo ekoizpen mexikarrari esker. Eta ekarpen artistiko onenaren Zilarrezko Hartza Elena Okopnaiarentzat izan zen, Alexey German Jr. zinemagileak zuzendutako Dovlatov filmagatik.

Dokumental onenaren saria Ruth Beckmannen Waldheims Walzer lanak eraman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.