Zientzia

Ahotsa, garuna zaintzeko

Bilboko bi ekintzailek AcceXible sortu dute, pertsonen ahotsaren bidez narriadura kognitibo eta dementzia arina azkar eta %93ko eraginkortasunarekin atzemateko sistema. Quironsaluden Donostiako eguneko ospitalean eta Osakidetzako lehen arretako hiru zentrotan probatuko dute.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ahotsa izango da XXI. mendeko termometroa». AEB Ameriketako Estatu Batuetako enpresa handi bateko zuzendari exekutiboari entzun zion esaldia Javier Zalduak. Zalduak, Carla arrebak eta haien gainerako bazkide eta laguntzaileek, ordea, gehiago lortu dute: ahotsa medikuaren laguntzaile bihurtu dute, diagnostiko azkarra eta osatua egiteko. Ez edozein gaitzena, gainera, narriadura kognitiboarena eta dementziarena baizik.

Narriadura kognitibo arinean funtzio kognitiboren bat galtzen da, sarritan adinaren eraginez, «nagusiki memoria, baina baita hizkuntzarena, planifikatzeko gaitasuna... baina horrek ez du eragiten eguneroko jardueretan». Asier Lasa Quironsaluden Donostiako eguneko ospitaleko neurologoarena da azalpena. «Dementziak, berriz, funtzio kognitiboren baten narriaduraz gain, eguneroko jardueretan ere eragiten du, gehienetan gaixotasun neurologiko baten eraginez». Alzheimerra da nagusia.

Javier eta Carla Zalduak eta inguruan bildu duten taldeak plataforma bat sortu dute: AcceXible. Plataforma gai da pertsona bati hamar minutu inguruko proba sorta bat egin —narriadura kognitiboa eta dementzia arina atzemateko erabiltzen diren ohiko probak—, eta minutu eskas batean esateko ea pertsona horrek gaitz horiek dituen. Horretarako pertsonak probetan ematen dituen erantzunak grabatu egiten dituzte, grabazioa hodeira bidali eta urteotan garatutako algoritmo batekin prozesatu. Eraginkortasuna %93koa da.

Ez Javier Zaldua, ez Carla Zaldua, ez dira zientzialariak. Ez matematikari, ez fisikari, ez telekomunikazio ingeniari, ez adimen artifizialean aditu. Javierrek urte pila bat egin zituen finantzen sektorean; Carlak, berriz, komunikazioan eta teknologia berrietan. Biek sortu zuten AcceXible. Finantza arduraduna da bata, zuzendari exekutiboa bestea.

Carla Zalduarengan sortu zen lehen txinparta. Torontoko Unibertsitateko (Kanada) ikerketa baten berri izan zuen: afasiaren diagnostikorako erabili ohi den proba batean oinarrituta —Galleten lapurreta marrazkiaren deskripzioa—, ahotsa eta hizkuntza aztertu eta automatizatu egin zituzten, narriadura eta dementzia arina atzemateko. Garuneko lesioren batek eragindako komunikatzeko arazoak dira afasia.

Bateratzea, meritu

Zaldua anai-arrebek Torontoko Unibertsitateko taldearekin hitz egin zuten, gauza bera gaztelaniaz egiteko. Kanadarrek beste bide bat hartu zuten, baina zalduatarrek ideia nola garatu pentsatu zuten, «gu matematikariak eta neurologoak izan gabe», egin du ñabardura Javier Zalduak. Harremanetan jarri ziren neurologian espezializatutako bi zentrorekin, eta matematikari bat eta fisikari bat gehitu zituzten taldera. «Gure meritu nagusia arlo horiek bateratzea izan da, profesionalak elkarlanean jartzea». Narriadura kognitiboa eta dementzia arina diagnostikatzen ikasiko zuen eredu bat sortzea zen helburua, «neuropsikologoek egiten duten moduan».

Algoritmoa sortzen hasi ziren. Neuropsikologoek ezagutza medikoa eskaini zuten. Ahotsak behar zituzten. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa lortu zuten entsegu klinikoak egiteko, Bizkaiko Oroitu zentroan eta Madrilgo Narriadura Kognitiboaren Prebentzio Zentroan. 180 pertsona bildu zituzten, batzuk osasuntsuak, besteak narriadura kognitibo edo dementzia arina zutenak. Gaixotasuna atzemateko test sorta bat egin zieten, eta haien ahotsak eta erantzunak grabatu zituzten.

Gero, parte hartzaileek zer eta nola esan zuten aztertu zuten. Telekomunikazio ingeniari talde batek ahotsen ezaugarriak aztertu zituen: hizketaren abiadura, dardara, maiztasuna, geldialdiak, isiluneak, doinua... Grabazio bakoitza zatitu, banan-banan aztertu, gainerakoekin alderatu... «Hortik adimen artifizialeko eredu bat sortu zuten», zehaztu du Zalduak. Ahotsean bakarrik oinarrituta, sistemaren eraginkortasuna %80koa da.

Matematikariek eta hizkuntzalari konputazionalek, berriz, hizkuntzari dagozkion aldagaiak aztertu eta sailkatu zituzten grabazioetan, bai semantikoak, bai sintaktikoak. Plataformak ahotsa testu bihurtzen du, eta testuan aztertzen ditu hizkuntzari dagozkion aldagaiak.

Hizkuntzaren kasuan, zer neurtzen dute? AcceXibleren proba sortako ariketetako bat izaten da minutu batean ahalik eta animalia gehien esatea. Sistemak neurtu egiten du ea erabiltzaileak ohiko animaliak (txakurra, katua...) edo ezohikoak (uhandrea, arrabioa...) esaten dituen; lehen hamabost segundoetan zenbat esaten dituen; ea animaliak kategoriatan bilduta esaten dituen; ea animalia bat eta hurrengoa kategoria berekoak diren; batetik bestera zenbat denbora behar duen...

Guztia neurtuta

Galleten lapurreta marrazkiaren deskribapenean, berriz, AcceXiblek neurtu egiten du erabiltzaileak zenbat izen, adjektibo eta aditz laguntzaile esaten dituen, zenbat hitz errepikatzen dituen, zalantza egiten duen... «Hori guztia aztertuta jakin daiteke ea narriadura kognitibo edo dementzia arina duzun edo ez», Zalduaren esanetan. «Zientzialariek neurtuta daukate hori guztia».

Berritasuna da «hori guztia matematika bihurtu dugula eta algoritmo bat sortu». Proba bakoitzean ehun biomarkatzaile baino gehiago aztertzen dituzte.

Hilabete honetan hasiko dira Quironsaluden Donostiako eguneko ospitalean erabiltzen. Erabiliko duten neurologoetako bat da Asier Lasa. Tresna sekulako abantaila da, kontsultan egiten dituzten probak baino azkarragoa, osatuagoa eta zehatzagoa baita.

Ohiko kontsultan, pertsonaren bati probak egiten dizkionean, Lasak ordenagailuan idazten ditu momentuan jasotzen dituen datuak eta nabarmentzekoak iruditzen zaizkion ezaugarriak. Lasarentzat ezinezkoa da, ordea, pertsonaren ahotsaren eta hizkeraren aldagai guztiak neurtzea. «Balorazio hori momentuan egiten da, baina arazoa da balorazio subjektiboa dela, neurtzeko zaila, hizkuntzari dagokionez batez ere», azaldu du. Neurologoak ezin du neurtu hitz kopurua, hizkeraren abiadura... Javier Zalduaren iritziz, «neuropsikologoentzat oso erakargarria da, haiek dakitena eginda ematen baitiegu».

Lehen kontsulta egin eta gero, neurologoak datuak aztertu egin behar ditu, eta populazio arruntaren batezbestekoekin alderatu. «Prozesu oso neketsua da, behar duen denboragatik batez ere», Lasaren esanetan. Normalean, gainera, bigarren saio bat beharko litzateke analisi neuropsikologiko oso bat egiteko. AcceXiblek denbora aurreztuko luke, kontsulta bakarra nahikoa baita pertsona batek narriadura kognitiboa edo dementzia arina duen jakiteko.

Ez da denbora aurreztea bakarrik: «Emaitzen sentiberatasuna eta espezifikotasuna oso handia da. Datu asko aztertzen ditu, eta aldagai ezberdinak konbinatu daitezke, gaixoaren egoerari buruzko emaitza osatuak lortzeko».

Ez da medikuaren ordezkoa

Accexiblek, hala ere, ez du neurologoa ordezkatzen. Alarma jotzen du. Plataformak esanez gero norbaitek narriadura kognitibo edo dementzia arina duela, neurologoak proba sakonagoak eta osagarriak egin beharko dizkio, diagnostikoa baieztatzeko eta, baieztatuz gero, zehazteko: senideak elkarrizketatu, eguneroko jardueretan duen eragina ikusi, erresonantzia magnetikoak egin, batzuetan baita ziztaka lunbarra ere...

Iazko abenduan patentatu zuten sistema eta jaso zuten Espainiako Botiken Agentziaren onarpena. Quironsaluden eta Osakidetzaren lehen arretako hiru zentrotan probatuko dute orain, balioztatzeko.

Lehen arretan erabiltzeak modua emango du diagnostiko goiztiarrak egiteko. Narriadura kognitibo kasu gehienak diagnostikatu gabe daude, eta urteak behar dira diagnostikatzeko.

Hamar minutuko probaz gain, minutu bateko bat ere prestatu dute AcceXiblen, animaliak zerrendatzean oinarrituta. %90eko eraginkortasuna du. Alarma azkar gisa balioko luke.

Dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko dute urtarrileko bigarren astean, Crowdcube plataforman. 250.000-500.000 euro lortzea da helburua. Zertarako? Merkatuan azkarrago sartzeko, AEBetan FDA Elikagaien eta Botiken Administrazioaren onarpena jasotzeko eta beste gaixotasun batzuen diagnostikorako ikertzeko(depresioa, iktusa...).

AEBetan sartzeko prest dute ingelesezko prototipoa. AcceXiblek, oraingoz, ez daki euskaraz: «Erakunderen baten lankidetza beharko genuke euskarazko eredua garatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.