Debekuen gainetik, Jafar Panahiren 'Taxi'-k irabazi du Urrezko Hartza

Irango Gobernuak eragotzi egin dio Berlinera bidaiatzea.Egungo Iranen berri ematen du filmak

Hana Saeidi, Jafar Panahiren iloba, saria Darren Aranofsky epaimahaiburuarengandik jasotzen. MICHAEL KAPPELER / EFE.
Agentziak
Berlin
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Jafar Panahi zuzendari irandarra protagonista garrantzitsua izan da berriro ere Berlinale zinema jaialdian, 2011 eta 2013an bezala; baina aurtengo ekitaldian beste motibo batengatik: berak zuzendua da Taxi, film onenaren Urrezko Hartza irabazi duen lana. 2011n, Berlinaleko epaimahaikide izateko gonbita jaso zuen Panahik, baina ezin izan zuen Alemaniara bidaiatu, preso zegoelako; sei urteko kartzela zigorra eta hogei urtez zinema egiteko debekua ezarri zioten Iranen. Elkartasun uholde bat sortu zuen Panahiren kasuak —mundu osoko zinemagile eta aktoreen aldetik batik bat—, eta kartzelan 88 egun eman ondoren askatu egin zuten. Zinema egiteko debekuaren gainetik, 2013an Pardé filma aurkeztu zuen Berlinalen, Irango Gobernuak legez kanpokotzat jotako filma; aurten, berriz, Taxi aurkeztu du, atzo sari nagusiaren irabazle izendatu zutena.Irango Gobernuak ezarritako debekuaren ondorioz, Berlinera joaterik ez du izan, ordea, ez filma aurkeztera eta ez saria jasotzera.

Taxi filmean egungo Irango gizartearen berri eman du Panahik, Teherango kaleetan taxi bat gidatuz eta bezeroekin izandako solasak filmatuz osatutako reality faltsu baten bitartez. Irango Gobernuak debekatu arren, zinema egin beharra duela adierazi du zinemagileak.

Zilarrezko Hartza-Epaimahaiaren Sari Nagusia Pablo Larrainen El Club filmarentzat izan da, eta Zilarrezko Hartza Alfred Bauerren Ixcanul-entzat. Zuzendari onenarentzako Zilarrezko Hartza Radu Judek jaso du, Aferim-engatik. Horiez gain, honako sai hauek ere banatu zituzten atzo, jaialdiaren amaieran: emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza, Charlotte Ramplingentzat (Andrew Haighen 45 Years); gizonezko aktore onenarena, Tom Courtenayrentzat (45 Years); Opera prima onenarentzako saria, Gabriel Ripsteinen 600 millas-entzat; gidoi onenaren Zilarrezko Hartza, Patricio Guzmanentzat (El botón de nácar); ekarpen artistikorik onenaren Zilarrezko Hartza, Sebastian Schipperren Victoria-rentzat eta Alexei Germanen Pod Elektritxenskimi Oblakami-rentzat; film laburrik onenaren Urrezko Hartza, Na Young-kilen Hosana-rentzat; film laburren arloko Zilarrezko Hartza, Joana Arnowren Bad at dancing-entzat; eta Fipresci saria, Jafar Panahiren Taxi-rentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.