Irango programa nuklearraren akordioa

«Bukaera bat eta hasiera bat»

Iranek eta potentzia nagusien 5+1 Taldeak egin dute programa nuklearra mugatzeko akordioa.AEBen eta Iranen ustez, bertze aro bat has liteke Ekialde Hurbilean

5+1 Taldeko eta Irango negoziazio taldeen buruak, atzo, Vienan. Ezkerreko muturrean dago Kerry (AEB), eta eskuinekoan Zarif (Iran). HERBERT NEUBAUER / EFE.
mikel rodriguez
2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Aro baten bukaera, eta bertze bat hasteko aukera. Mezu hori eman dute Barack Obama AEBetako presidenteak eta Hassan Rohani Irangoak, programa nuklearraren inguruko akordioa egin ondoren. «Bukaera bat eta hasiera bat da», erran du Rohanik Irango telebista publikoan egindako agerraldi berezian. «Bukaera da Irango herri handiaren aurkako krudeltasunarentzat eta akusazio okerrentzat. Eta hasiera da munduan elkarlan aldi batentzat». Obama ere jarrera baikorrarekin eta itxaropentsu agertu zen Etxe Zurian egindako agerraldian. «Akordio honek aukera bat ematen digu bertze norabide batzuetan aitzinera egiteko. Baliatu beharko genuke». Hamahiru urtetako gatazka, ia bi urtetako negoziazioak, eta hemezortzi eguneko azken txanpa amaigabea Vienan. Ikusiko da hurrengo hilabeteetan, eta batez ere urteetan, ahalegin horrek guztiak ekarriko ote dituen bi ondorio:AEBek eta Iranek 35 urtetako etsaitasunarekin bukatzea, eta, horrekin, Ekialde Hurbila eraldatzea.

Egunotan egindako adierazpenen arabera, xehetasunek luzatu dute aspaldi esperotako akordioa. Iranek eta 5+1 Taldeak sinatutako itunaren arabera, datorren mende laurdenean Iranek gaitasun nuklear mugatua izanen du. Hurrengo hamar urteetan mugatu beharko du uranioaren aberastea, eta baita gai nuklearrak ikertzeko eta garatzeko ekinbidea ere. Hamabortz urtetan, Iranek ez du bertze eraikuntza nuklearrik eraikiko, uranio aberastuaren erreserbak murriztu eta gardentasuna bermatzeko neurri gehigarriak onartu beharko ditu. Uranioaren kudeaketari dagokionez, 25 urtean onartu beharko ditu nazioarteko ikuskaritzak. Teheranek ere IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin plan bat sinatu du, IAEAk inspekzioak egin ditzan Iranen programa nuklearrak helburu militarrik ez duela egiaztatzeko. Zaintza eta muga horien guztien truke, Irani nazioarteko zigor ekonomikoak kenduko dizkiote, eta hilabete batzuen buruan hasi beharko litzateke nabaritzen horren lehenbiziko onurak. Akordioa indarrean sartuko da NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hori ahalbidetzeko ebazpen bat onartu bezain agudo.

Iranekin negoziatu duen 5+1 Taldea osatzen dute NBEko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— eta Alemaniak. Herrialde bakoitzaren Atzerri politikaren arduradunek zuzendu dituzte negoziazioak. «Nahiz eta perfektua ez izan, denek irabazi dute akordioarekin», adierazi du Vienan Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak. «Uste dut une historiko bat dela», gehitu du. «Gaur itxaropenaren bukaera izan zitekeen, baina esperantzarako bertze atal bat hasi dugu». Kritika bat ere egin du Zarifek, hamahiru urte iraun duen krisia ez dela «beharrezkoa» izan erran baitu. Izan ere, Iranek hasieratik defendatu du haren programa nuklearrak ez zuela helburu militarra.

Errusiaren eta Txinaren rola

AEBen aldetik, John Kerry Estatu idazkariak zuzendu du negoziazio taldea. Hark ere erran du ituna «historikoa» dela, «diplomaziaren garaipen bat» delako. Irango herriari keinu bat egin nahi izan dio, zigor ekonomikoek Irango aginteari ez ezik, «irandarren bizitzei eragin» diela aitortuta. «Uste dut zigorrak lau edo sei hilabetera kenduko direla, betiere Iranen elkarlanaren arabera». Hain zuzen, pozik agertu arren, Kerryk ere jarrera zorrotza erakutsi nahi izan du Iranekiko, eta hari zuzenduta erran du «konfiantza» ez dela «goizetik arratsera eraikitzen». «Behin erabat aplikatuta, akordioak utziko digu Iranen gaitasuna nuklearrak kontrolatzen eta ikuskatzen ez soilik epe motzean, bizi osorako baizik».

Negoziazioek iraun duten aldian, 5+1 Taldeak ez du bloke monolitiko bat osatu. Herrialde bakoitzak bere interesak zituen, eta nagusiki bi aldetan banatu dira: AEBak buru, Mendebaldekoak alde batetik, eta Errusia eta Txina bertzetik. Guztiek helburu bera partekatu dute: Iran potentzia nuklear bat ez izatea. Errusiak eta Txinak, ordea,jarrera malguagoa izan dute Iranekin; alde batetik, arrazoi ekonomikoengatik —Txina da Irango petrolioaren erosle nagusia, eta Errusia, berriz, material nuklearraren hornitzaile nagusia; horrez gain, Moskuk armen salmentan aukera handiak espero ditu—, eta, bertzetik, arrazoi geopolitikoengatik, beldur baitziren Iran azpiratuz geroAEBek Ekialde Hurbilean lortuko zuketen nagusitasun ia erabatekoarekin. Horregatik, 2012az geroztik Errusiak eta Txinak Segurtasun Kontseiluan blokeatu egin dituzte Irani zigor gehiago ezartzeko proposamen guztiak. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du akordioak ahalbidetuko duela «arma lasterketaren erregimena ez indartzea», eta uste du «onurak» ekarriko dizkiola «Ekialde Hurbilari, Afrika iparraldeari eta Persiar golkoari».

Hain zuzen, adierazpen gehienetan etorkizuna izan dute aipagai buruzagi gehienek, bertze aro bat hasteko aukera. Baina horretarako gakoa AEBen eta Iranen arteko harremana aldatzea izanen da; oraindik elkarri Gaizkiaren Ardatza eta Satan Handia deitzen dioten bi herrialderena. «Argi utzi diot Irango herriari beti prest izanen garela elkarrekin harreman bat izateko errespetuaren eta interes komunen oinarrian», adierazi du Obamak. «Gure desadostasunak egiazkoak dira, eta gure herrialdeen arteko historia zaila ezin da ahantzi. Baina aldatu liteke». Hala ere, harremanak bideratzearen erantzukizuna Iranen bizkar utzi du Obamak. «Indarkeriaren eta ideologia zurrunen bidea, mehatxuei eraso egin edo Israel desagerraraztean oinarritutako atzerri politika, hori irteerarik gabeko bide bat da». Horregatik, AEBetako presidenteak adierazi du zigor batzuk mantenduko dituela: «Iranek terrorismoari ematen dion laguntzaren, misilen programaren eta giza eskubideen urraketen gainekoak».

Obamak adierazpen horiekin lasaitu nahi izan ditu itunaren aurka agertu zaizkion fronte nagusiak: etxe barrenekoa —Alderdi Errepublikanoa— eta kanpokoa—Israel eta Persiar golkoko monarkiak—. «Akordioa Israelen eta arabiar suniten aurkako gerra deklarazio bat da», adierazi du Lindsey Graham senatari eta errepublikanoen presidentegai izateko hautagaiak.

Obama, betorako prest

Obama atzo arratsaldean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin mintzatu zen telefonoz, eta Netanyahuk aitzinetik errandakoa berretsi zion: ez duela onartzen potentziek Vienan sinatutakoa. Israelgo lehen ministroak asmoa du AEBetako Kongresuan kanpaina egiteko, bi ganberek ituna blokeatu dezaten. Presidenteak blokeoari betoa paratu diezaioke, ordea, eta beto hori gainditzeko kongresisten bi herenek batu beharko lituzkete botoak. Nahiz eta gehienak errepublikanoak izan, ia ezinezkoa dirudi bi herenak biltzeko behar adina demokratek babestuko dituztenik, eta Obamak atzo argi erran zuen betoa erabiliko duela.

Rohanik ere Irango sektore politiko kontserbadoreenei aurre egin beharko die akordioa gauzatzeko. Rohani ere kontserbadorea da, baina moderatuek babestuta irabazi zituen 2013ko hauteskundeak. Mahmud Ahmadinejad haren aitzindariaren bertzelako jarrera bat hartu zuen, AEBekiko hurbilketa diplomatikoa eta negoziazioa paratu baitzituen lehentasuntzat. Apustu handia, iraultza islamiko xiitaren etsai historikoa izan baita Washington. Horregatik, erabakigarritzat jotzen da Ali Khamenei lider gorenak, Irango buruzagi politiko-erlijiosoak, datozen orduetan edo egunetan eginen duen balorazioa. Rohanik hasieratik erran du bere ekinbidea babestu duela Khameneik, eta Kerryk atzo erran zuen Irango negoziatzaileek «bereziki azken 24 orduetan» nabarmendu zutela lider gorenaren onespena zeukatela. Halako adierazpen batek zeharo ahulduko luke sektore kontserbadoreenen kontrako jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.