Koronabirusa. Eider Mendoza. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea

«Ahalegin kolektibo bat egin behar da»

Egoera kezkagarrian dago Gipuzkoa. Neurriak zorrotz betetzera dei egin du bozeramaileak.

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioko eledun Eider Mendozak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974) etxetik erantzun die galderei, PCR baterako zain dagoen senide batek baldintzatuta.

Gipuzkoak 700.000 biztanle pasa ditu, eta 500 positibotik gora ari dira atzematen egunero. Zerk eragin du egoera hau?

Arnasa hartzen ari ginen, eta uste dut erlaxatu egin garela. Jabetu behar dugu denoi eragiten digula, eta, geure buruaz harago, gainerakoak ere zaindu egin behar ditugula. Badakit ez dela erosoa maskarekin ibiltzea, ezta gure ilobak, aitona-amonak eta beste ezin besarkatzea, baina beharrezkoa da orain halakoak moztea elkar zaindu nahi badugu.

PCRak gero eta herri gehiagotan egiten dira. Zein da mezua?

Herri batean erabakitzen bada PCRak egin behar direla kutsadura maila neurtzeko, joan egin behar da, eta ez parte hartzea arduragabekeria galanta da. Gutako bakoitzaren arduragabekeriak gainontzekoei ere eragiten die.

Zahar egoitzetako egoera ere kezkatzekoa da. Langileak kexu dira. Zer egin asmo du foru aldundiak?

Baliabideei dagokienez, egoitza guztiek dituzte nahikoa baliabide egoera honi aurre egiteko. Hori argi gera dadila. Inon baino baliabide gehiago daudela esango nuke. Ondo egiten ari dira lan. Tentsio eta presio handiarekin, baina ardura handiz ere bai. Langileak eta etxekoak ere bai: gure esker ona guztiei. Arazo nagusia kanpoan dagoen kutsadura maila da. Eta egoitzak babestu egin behar ditugu. Eduki ditzaketen bestelako aldarrikapenak zilegi dira, baina daukagun lehentasun nagusia egoiliarrak babestea da.

Garraio publikoan ere ikusi dira jende metaketak.

Gure eskumenekoa Lurraldebus da. Ez da batere erraza jakitea une oro geltokietan zenbat erabiltzaile izango ditugun. Ikusten dugu une oro egokitu egin behar direla zerbitzuak, eta horrek zailtasun handia du. Kexak egon direnean, berehala erantzun dira.

Ostalaritza ere kexu. Laguntza lerrorik bada?

Ostalaritzan sekulako ahalegina egin dute. Baina jendea erlaxatzen da, eta maskara kentzen du eseri orduko; jarduteko modu horrek ostalariei ere eragiten die. Laguntzei dagokienez, 28 milioi euroko suspertze plan bat jarri dugu abian, eta ostalaritzarako laguntzak ere badaude, baina udalek eta Jaurlaritzak bideratzen dituzte. Arduraz jokatzen badugu, ez gara egoera okerragoetara iritsiko. Lanpostu asko galdu da, eta galdu daitezke gehiago gure jardueraren ondorioz. Beraz, espabilatzeko momentua iritsi da. Guztiontzat. Ahalegin kolektibo handi bat egin behar da.

Gipuzkoako udalekin egin dituzue bilerak. Zer jaso duzue?

Sekulako kezka dago. Gipuzkoan hogei udalerritan ia 280.000 biztanle etxetik atera ezinik egoteak kezka eragiten du. Kezka dago hainbat sektoretan, eta lehenengo atea udalena izan ohi da. Egia da finantzetan kolpe handia jaso dugula, gutxiago jaso delako. Nola aurre egin inoiz baino egoera gogorrago bati inoiz baino baliabide gutxiagorekin? Egokitu beharra daukagu, eta lehentasunak ezarri.

Hainbatek neurri zorrotzagoak eskatzen dituzte. Nahikoak dira orain artekoak?

Indarrean dauden neurriak zorrotz beteko balira, uste dut ez ginatekeela gauden egoeran egongo, baina ikusita bilakaera txarra dela eta okerrera joan litekeela, neurri horiek gogortu egin dira. Batzuentzat gutxi izango dira, eta beste batzuentzat, gehiegizkoak. Baina norbaitek erabakiak hartu behar ditu, eta mugak ezarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.