Busturialdean ur kontsumoa jaisteko gomendatu dute

inaut matauko rada
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bero oldeak ur eskasia ekarri du eta kezka hedatzen hasi da. Besteak beste, Busturialdeko hamasei udalerrik (Bizkaia) eta Berak (Nafarroa) ur kontsumoa murrizteko aholkuak eman dituzte, eta herritarrei eskatu diete ahal duten heinean neurri horiek betetzeko. Izan ere, azken asteetan euri gutxi egin du Euskal Herrian, eta hainbat urtegi ezohiko maila txikian daude. Berako Udalak, esaterako, ur deposituak «hagitz maila baxuan» daudela adierazi die herritarrei, eta, hori ikusirik, «zentzuz eta arduraz» jokatzeko deia egin du.

Busturialdeko herriak hornitzen dituzten ibilguen ur maila «baxua» dela dio BBUP Bizkaia Bilbo Ur Partzuergoak, eta alertaprotokoloa aktibatu dute. Eskualdeko hamasei udalerritako biztanleei ere funtsezkoa ez den ur kontsumoa murrizteko eskatu die partzuergoak. Ondorengo udalerriei egin die gomendioa: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta. 45.000 pertsona inguru bizi dira herri horietan, baina udan eskualde horretan biztanleria «nabarmen» hazten dela adierazi du partzuergoak.

Ura aurrezteko gomendioak

Lorategi eta baratzeen ureztatzea murriztea, igerileku pribatuak ez betetzea eta auto pribatuak ez garbitzea eskatu du Berako Udalak. Antzekoa eskatu du BBUPek, baina kaleen garbiketan ere txorrotako uraren erabilera mugatzeko eskatu du; helburua da hornidura «aldi baterako eten behar ez izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.