Dei Auzitegia Urrutikoetxearen estradizio baten alde agertu da

enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Frantziako Dei Auzitegia Josu Urrutikoetxea euskal presoa estraditatzeko eskaeraren alde azaldu da, 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian, eta, eskaera estradizioa denez, Frantziako Gobernuak hartu beharko du erabakia. ETAk 11 lagun hil zituen orduan, bonba-auto bat lehertuta.

Defentsak helegitea aurkeztuko du Kasazio Auzitegian, Urrutikoetxearen sendiak BERRIAri jakinarazi dionez. Abokatuek bost eguneko epea dute. Frantziako Gobernuak, berriz, ez du eperik Espainiaratu ala ez erabakitzeko.

Madrilek bi euroagindu eta bi estradizio eskaera aurkeztuak ditu Urrutikoetxearen kontra. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu ditu euroaginduak: gizateriaren aurkako krimenengatik—Madrilgo Barajasko bi hilketak (2006)— eta herriko tabernen auziagatik. Estradizioak PSOEren gobernuak galdegin ditu: Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzako kidearen hilketarekin (1980) eta Zaragozakoarekin zerikusia izateagatik.

Bi euroaginduen eta beste estradizioaren eskaeretan, Dei Auzitegiko epaileak Madrili informazio gehigarria eskatu zion atzo, eta Espainiako Gobernuak eta auzitegiek hamar egunen buruan aurkeztu beharko dute informazioa. Hiru kasu horien saioa martxoaren 4an izango da.

Frantziak hiru kasu horiek eta ETArekin lotutako bi epaiketak ebatzi artean ez dute Espainiaratuko Urrutikoetxea.

Iazko maiatzean atzeman zuten ETAko ordezkari izandakoa, Frantziako Alpeetan, prostata ebakuntza bat egitera zihoala. Irailean operatu zuten. La Sante Parisko espetxean dago preso.

2002 bukaeratik sasian izan zen. Hain zuzen, 2002ko azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak hitzordua jarri zion Zaragozako atentatuaren auziagatik, eta Urrutikoetxea ez zen agertu, bere aurkako «sasi-epaiketa» egingo zutela esanda. Guardia Zibilak egin zuen auziko txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.