Albistea entzun

PENTSALDIAN

Filosofatu ala hil

Maitane Nerekan Umaran - Filosofia Irakaslea

2021eko azaroak 10

Ez nintzen hona gure liburuaz hitz egitera etorriko, ez horixe. Gaur galdera pizgarri batekin hasteko asmoa nuen: zerk egiten gaituen irakasle, irakasleon boterearen eta zaurgarritasunaren arteko orekaren garrantzia... Baina urgenteak garrantzitsuari lekua kendu dion aste horietako bat da. Euskal Herriak badu gainditu beharreko ikasgai urgentea: Filosofiaren defentsa.

Espainiako Hezkuntza Ministerioak mahai gainean jarri du bere hurrengo dekretu proposamena, eta buala! Umeen eta gazteen hausnarketa kritikorako gaitasuna garatzea suposatzen duen guztia murriztu nahi dute. Herri subiranoa ez izateak borrokatu beharrean jartzen gaitu beste behin ere. Hona hemen proposatzen ari direna:

Lehen Hezkuntzako azken zikloan (11-12 urte) eta kurtso bakar batean soilik planteatzen dute Balio etikoen lanketa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan, Balio etikoak lau ordu izatetik ordu bakar bat izatera pasatzen da (DBHko orduen %0,83). Erlijioa, aldiz, lau ordurekin mantentzen dute —derrigorrez eskaini beharrekoa da—; erlijio irakasleek ez dute gainontzekoen prozesu bera jarraitu behar lan egiteko, ezta curriculuma errespetatu behar ere.

4. DBHko Filosofia hautazko ikasgaia desagerrarazi nahi dute. Batxilergoko lehen mailan Filosofia ikasgaia hiru ordukoa izatetik bi ordukoa izatera pasatuko dute. Erlijioa, aldiz, gutxienez bi orduz astean —gehiago izan daiteke— mantentzen dute, hori irakasten duten irakasleen baldintza bereziekin eta curriculumetik at.

Batxilergoko 2. mailan, Filosofiaren Historia ikasgaia derrigorrezkoa bihurtuko bada ere, lau ordu izatetik bi ordu izatera pasatuko litzateke. Psikologia hautazko ikasgaia desagerraraziko dute.

Laburbilduz, derrigorrezko hezkuntza osoan ikasleek hausnarketa kritiko autonomoa beren-beregi lantzera bideratutako espazioak galduko lituzkete eta Batxilergoan espazioa (eta beraz, duintasuna) kendu nahi diote Filosofiari eta Psikologiari (ume eta gazteen osasun mentala zaurgarrien dagoenean).

Filosofia egitea (hausnartzea, zalantzari balioa ematea, ondokoarekin ideiak konfrontatzea, historian zehar egin diren galdera handiak ezagutzea...) ezinbestekoa da Hezkuntza ekosistema sendo eta sanoa izan dezagun. Haratago joanda, euskal gizarteak aurrean dituen erronka ekologiko, politiko, sozial eta emozionalei aurre egin nahi badie, herritargo autonomo, kritiko eta elkarbizitza sendo bat eraikitzeko prest dagoena nahi badugu, Filosofiaren eta horren konpetentzien defentsa hil ala biziko kontua da.

Hegoaldeko hezkuntza administrazioek eskumena dute erkidegoetan hori blindatzeko. Aurrekari txarrak ditugu. EAEko curriculuma den Heziberrin, LOMCE legeak aurkezten zuen eszenatoki okerrena aukeratu zuen EAJk, Espainiar Estatuko erkidego askok baino mespretxu handiagoa eginez Filosofiari. Hala ere, «esperantza barik ezin leike bizi!», dio euskal jakintza zaharrak. Baina, borrokatu barik, ez dago esperantzarik.

Bizirik gaudela erakusten digu hausnarketak; herri bezala zein banako bezala, hausnarketa kolektibo eta indibidualek erakusten dute izaki baino zerbait gehiago bagarela. Beraz, filosofatu ala hil! Sentitu, pentsatu eta ekin! Adi mugimenduetara!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Paul Bilbao: «Gaurko egunaren argazkia gorde beharko dugu euskararen historian»

Berria

Euskara Aurrera manifestazioa egin dute gaur Donostian, eta milaka lagun bildu ditu protestak

Biriatuko ordainlekua, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

21 urteko bi gazte hil dira errepide istripuan A-63an

Berria

Goizean gertatu da ezbeharra, Biriatuko ordainlekutik gertu.

Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko hiru belaunaldi. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Mende erdia utopiaren xerka

Gotzon Hermosilla

UEU Udako Euskal Unibertsitateak gaur ekingo die Udako 50. Ikastaroei. Mende erdi honetan lan handia egin du goi mailako jakintza euskaraz garatzeko. Ikerkuntza da etorkizuneko ildoetako bat

 ©Endika Portillo / Foku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.