Aldi baterako erregulazioak urtarrilera arte luzatzeko prest dago gobernua

Iker Aranburu.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Urte amaiera arte ez, aldi baterako erregulazioak 2021eko urtarril arte luzatzea proposatu die Espainiako Gobernuak sindikatuei eta patronalari. Data hori aurreratu dute berri agentziek, gobernuaren gertuko iturriak aipatuta. Ildo horretatik doaz Yolanda Diaz Lan ministroaren adierazpenak ere, esan baitu ez duela zentzurik abenduaren 31 epe gisa jartzeak: «Gabonetako kanpainaren erdi-erdian harrapatuko gintuzke».

Aldi baterako erregulazioei buruzko araudia luzatzeko negoziazioetan ari dira Espainiako Gobernua, CCOO eta UGT sindikatuak, eta CEOE patronala. Atzo berriro batu ziren, eta akordiorik gabe bukatu zuten. Aste honetan egunero elkartzeko asmoa dute, «lehenbailehen» nahi baitute akordioa. Oraingo araudia irailaren 30era artekoa da.

Akordio bat lortzea eragozten duten atalen artean dago langabezia sariarena. Orain arte, erregulazioan egon diren langile guztiek jaso dute langabezia saria, beharrezkoa kotizatu duten kontuan izan gabe. Gainera, ez dute langabezia saririk agortu. Espainiako Gobernuak, ordea, nahi du urriaren 1etik aurrera erregulazioan daudenak dagokien saria gastatzen hastea. Sindikatuak ez daude ados.

Lotzeko dauden gaietako bat da nolako saria jasoko duten erregulazioan sei hilabetetik gora daramatenek. Langabezia sariarekin bezala, epe hori igarota, kotizazio oinarriaren %70 jaso beharrean %50 jasoko lukete. Sindikatuek ez dute jaistea nahi, eta eskaera hori aintzat hartzeko prest dagoela iradoki du Diazek.

Patronala, kaleratzeei so

Patronalak, berriz, beste puntu bat aldatu nahi du, erregulazioa eskatu duten enpresek ezin dutela langilerik kaleratu sei hilabeteko epean. Dekretuaren zirriborroak eutsi egiten dio kaleratze objektiboak egiteko debekuari—lan egindako urte bakoitzeko, hogei eguneko soldataren adinako kalte-ordaina ematen dute—, eta kaleratze guztiak bidegabekotzat jotzea —33 eguneko kalte-ordaina—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.