Victor Bravo

Senatutik auzitegira, azkenean

Hamar urteko ikerketaren ondoren, gaur hasiko da Donostian 'Glass auziko' epaiketa: Ogasunari iruzur egitea egozten diete EAJko senatari ohi Victor Bravori eta Glass Costa enpresako administratzaile bati.

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Victor Bravok 2007ko maiatzean utzi zuen Espainiako senatari kargua (EAJ), Irungo Ogasuneko iruzurragatik lau lagun auzipetu zituztela jakin eta ordu gutxira. Erabakia «ardura politikoagatik» hartu zuela argudiatu zuen iruzurraren garaian Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari (1991-2003) izandakoak. Kasu hartan, Victor Bravoren anaia zen auzipetu nagusia: Jose Maria Bravo, Irungo bulegoko zuzendaria —espetxe zigorra betetzen ari da orain—. Politikoak bai, baina EAJko senatari ohiak ez zuen ondorio judizialik izan auzi hartan. Hari ere iritsi zaio, ordea, auzitegitik pasatzeko ordua. Fiskaltzak salatu zuenetik hamar urtera hasiko da Glass auziko epaiketa, gaur, Donostiako auzitegian. Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, Glass Costa Este Salou izeneko enpresak «abantaila fiskal nabarmenak» lortzeko operazio bat «planifikatu» zuten Bravok eta haren sozio batek.

Hain zuzen, Bravok Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari kargua utzi ondorengoak dira egotzitako delituak, Madrilen senatari zen garaikoak. Fiskaltzaren idatziaren arabera, Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat 1996an sortutako zerga erregimen berezia baliatu zuen Glass Costak 2003 eta 2006 artean, egoitza fiskala Gipuzkoan ezarriz «abantaila fiskal nabarmenak» eskuratzeko, nahiz eta Gipuzkoan jarduerarik ez izan. Zehazki, «ordaindu beharreko zerga kopurua murriztea» zen helburua, eta Donostiako aholkularitza bulego batean jarri zuten egoitza —bulego haren jabea ere auzipetuta dago—. Fiskaltzaren esanetan, «enpresen benetako habi bat» zen hura. Orain, sei urteko kartzelaz gain, 1,4 milioi euro eskatzen dizkie auzipetuei, Gipuzkoako Ogasunari itzultzeko; hau da, iruzurraren bidez eskuratutakoa, legezko interesekin.

Izan ere, benetan, Cambrilsen (Tarragona, Herrialde Katalanak) zeukan jarduera nagusia hotelen eta higiezinen negozioan aritzen den Glass Costa enpresak. Gipuzkoako erregimen bereziaz baliatzeko, Ogasunean egin behar da eskaria, eta hark begiratu behar du eskatzaileek baldintzak betetzen dituzten ala ez. Bravok ukatu egin ditu akusazioak, baina Fiskaltzaren arabera, Gipuzkoako «legeei izkin egiteko estrategia bat» diseinatu zuten auzipetuek: «Bravok ondo ezagutzen zuen ezarri beharreko araudi fiskala».

Espainiako Estatuaren abokatua harago doa. Fiskaltzak bezala, hiru delitu fiskal egozten dizkie auzipetuei, baina erantzukizunarekin bat, zigor handiagoak eskatu ditu: bederatzi urteko espetxea, eta 1,8 milioi euro. Izan ere, haren arabera, Bravok berak agindu zuen Glass Costa Enpresak Sustatzeko Sozietate gisa onartzea, «nahiz eta, hori baino lehentxeago, enpresaren zati bat eskuratu zuen». Gipuzkoako Ogasunari beharrean, diru hori Espainiako Ogasunari itzuli behar diotela defendatu du.

Akusatuen aulkitik libre

Auzipetu nagusia izanagatik ere, akusatuen aulkian esertzea saihestu du Bravok. Akusazioentzat eta defentsa abokatuentzat ezarritako eremuan egon ahal izango du, bere burua defendatzeko eskubideari eutsita. Auzian zehar, Javier Beramendi abokatuak defendatu izan du Bravo—besteak beste, Marguello eta De Miguel auzietan aritu izan da Beramendi—. Defentsa idatzian, Bravok argudiatu zuen Glass Costa «erabat Gipuzkako kapitalarekin» egin zutela, eta bera ez zela inoiz enpresaren administrazio kontseiluan egon. Ikerketa hasi eta hamar urtera abiatuko da epaiketa, eta luzapen hori ere argudio gisa erabil dezake Bravok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.